Bizkaiko eskualdeen artean langabezia tasa apalena Uribe Kostak du: %7 eta %8 artean dago, eta beherako joera du —2008ko krisialdia aspaldi gainditu zuen, eta COVID-19aren pandemiak eragindakoa gutxi nabaritu du—. Baina, aldi berean, herrialdeko BPGari ekarpenik txikiena egiten dion eskualdea ere bada, enpresa gutxi dituelako eta bertako jende askok beste eskualde batzuetan egiten duelako lan. Eredua aldatu nahi dute.
«Uribe Kosta bizitoki eskualdea da, garatzeko aukera handiak dituena, baina beharrezkoa dugu enpresa arloa garatzea», nabarmendu du Alberto Renedo Bizkaiko Foru Aldundiko Eskualde Garapenerako Zerbitzuko buruak. Dibertsifikazioa ezinbestekoa izango da, beraz, Aitor Garagarza Plentziako alkate eta Uribe Kostako Behargintzako presidenteordeak esan duenez: «Monolaborantzan oinarritutako eredu batetik, eskualdearen potentzialtasun osoa irekiko duen eredu batera salto egin behar dugu». Prozesu horretan mugarri bat ipini zuten joan den barikuan: Uribe Kostako estrategia ekonomikoa definitzen izeneko jardunaldia egin zuten PIE Plentziako Itsas Estazioan.
«Monolaborantzan oinarritutako eredu batetik, eskualdearen potentzialtasun osoa irekiko duen eredu batera salto egin behar dugu»
AITOR GARAGARZA Plentziako alkatea eta Uribe Kostako Behargintzako presidenteordea
Naider laborategiak egoeraren diagnosia egin du, eta hango kide Iñaki Barredok aurkeztu die eskualdeko agintari eta eragileei. Barredok ohartarazi du orain arte tokiko erakundeetatik gehiago jardun dutela enplegua bultzatzeko politiketan, enpresak sortzekoak albo batera utzita, eta hori aldatu behar dutela esan die. Haren iritziz, zer politika egin behar dituzten ere azaldu die: industria berritzailea eta iraunkorra bultzatu, talentua balioetsi eta ekintzailetza sustatu.
Mankomunitateko kide diren zazpi herrien artean desoreka dago industrializazioari dagokionez: Urdulizek garatu du gehien, eta Lemoiz da lehen sektoreari lotuen dagoen herria. Hala ere, eskualdeko industrialdeen egoera ez da ona oro har. Hobetu egin behar direla adierazi du Barredok. Erakundeek eskualdeko enpresa sarea eta haien beharrak bertatik bertara ezagutu behar dituztela uste du. Gainera, ezinbestekotzat jo du eraldaketa hori bultzatuko duten sektore estrategikoak identifikatu eta garatzea. Diagnosian proposatu ditu arlo edo bide batzuk, Uribe Kostako hainbat eragileren bitartez: 42 Urduliz campusa eta Silver Intelligence Center ikerketa zentroa, Lemoizko zentral nuklearra izan beharreko azpiegitura eta BiMEP itsas energia laborategia.
Ikerketa guneak
Urduliz dorrean dago 42 Urduliz. Foru aldundia eta Telefonica fundazioa dira bultzatzaileak, eta programazio ikasketa berritzaileak eskaintzen ditu. Barredok uste du eskualdeko enpresen digitalizazioa bultzatzeko eta arlo horretan enpresa berriak sortzeko akuilu izan daitekeela. Dorrea bera ere ekintzaile zentro izateko zaharberritu zuen diputazioak, eta, Barredoren esanetan, eskulanik behar ez duten enpresa berriak sortzeko egoitza egokia izan daiteke.
Itsas zabalean, Armintzako portuaren parean dago BiMEP laborategia, eta itsas energia sortzeko baliabideak probatzen dituzte han mundu osoko teknologia enpresek. Handik gertu dago zentral nuklearra ere. Barredok uste du energia berriztagarrien sektorea bultzatzeko garrantzitsuak izan daitezkeela. Dena den, zentralak aukera asko eskain ditzakeela nabarmendu du, baita Eusko Jaurlaritzak martxan ipini gura duen arrain haztegi erraldoia ere.
Jardunaldiak egin ziren PIE Euskal Herriko Unibertsitatearen ikerketa zentroa da. Arlo asko aztertzen dituzte: itsasoko kutsadura, bioaniztasuna, klima aldaketa, itsasoko baliabideetatik lor daitezkeen botika berriak eta abar. Mundu osoko ikerlariek egiten dute han lan, eta ikasleak mundu osotik etortzen dira ikastera. Jakintza hori eskualdean enpresak sortzeko balia daitekeela esan du Barredok.

Nolabait, Europan boladan dagoen blue economy edo ekonomia urdin delakoari lotuta legoke. Eta surfa ere arlo horretan sartu du Naider laborategiko kideak: «Garai batean, taula hartu eta surfera joaten ziren surflariak. Orain, ekonomia sektore oso bat sortu da haien inguruan: eskolak, arropa dendak, baliabideak sortzeko enpresak...».
Beste ekonomia urdin bat ere badago Uribe Kostan, burua urdinduta daukatenak ardatz dituena, nahiz eta ingelesez zilarkara izan: Urdulizko Silver Intelligence Centerren adinekoen zaintza eta hari lotutako ekonomia aztertzen dituzte. Gainera, eskualdeak ospitale bi ditu: paziente arruntei arreta ematen diena, Urdulizen, eta kronikotasunari lotuago dagoena, Gorlizen. Silver Intelligence Centerren eta ospitaleen arteko elkarlana bultzatzeko beharra azpimarratu du Barredok.
Ikerketa eta ekintzailetza dira bultzatu beharrekoak, eta badituzte horretarako indarguneak. Dena den, ahulguneez ere ohartarazi diete agintariei. Eskualdea oraindik gaztea da, baina etxebizitzaren prezioa gero eta garestiagoa da, eta horrek gazteek handik joan behar izatea ekarriko duela ohartarazi die Barnedok.