Jone Larrinaga Danobeitia

Inoiz deitu didanari

2025eko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez nago idatzizko mezuen kontra, baina... Bi minutuko audio batekin hasi dut eguna. Aspaldi ez dugu elkar ikusten; laguna Donejakue bidea egiten ari da, eta nire etxe ondotik pasatuko da bihar. Hortaz, elkarrekin bazkaltzea nahiko luke eta, ahal bada, dutxa bat ere eskertuko lukeela dio. Gustura erantzun diot bi minutu eta hamar segundoko audio batekin. Bai, pertsona horietakoa naiz. Esan diot nik ere bidea egingo dudala abuztuan, pozten naizela nirekin gogoratu delako, eta gustura eskainiko niokeela gure etxeko bainugela; baina ez nagoela herrian. Hala ere, osabarenean dutxa daitekeela, eta, autoz bidaia luzea dudanez, deituko diodala bizitzaz hitz egiteko. Azken esaldia beltzez markatuta bezala ahoskatu dut.

Nire gela atondu eta zeregin handirik ez nuenez, igerilekura joatea erabaki dut gero. Kuadrillako bat aurkitu dut bertan; bakarrik etortzea erabaki du, inor animatuko ez zelakoan. Ea zergatik ez duen Whatsapp bidez abisatu, galdetu diot. «Ez duzulako Whatsappa irakurtzen», erantzun dit. Irribarre bat eskaini, eta uretara joan naiz, pentsakor.

Arrazoi du, nirekin hobe da audioa bidaltzea edo telefonoz deitzea. Hala ere, ez nuke esango mezuei erantzuten ez dien laguna naizenik. Egia da idatzizko mezu bat heltzen bazait eta ni beste zerbaitetan banabil, ez diodala pantailari kasu handirik egiten, baina dei bat jasotzen dudanean edo audio bat heltzen zaidanean, bestelako arreta pizten zait. Parekoaren ahotsa entzutea gustatzen zait; intonazioaren bidez haren aldartea, energia edo asmoa sumatzea.

Norbaiten ahotsa entzutea intimitatearen eta gertutasunaren adierazlea da, eta ez nuke hori eguneroko harremanetan galdu nahi

Mezu bidezko komunikazioak edukiaren kontrol osoa ematen digu: zer esan, nola esan, noiz bidali... Eta hori interesgarria dela iruditzen zait kasu batzuetarako. Esaterako: datorren asteko bileraren proposamena audio bidez jasotzean, denborarekin eta nire beharren arabera erantzuteko aukera ematen dit. Baina, nahi eta nahi ez, eguneroko elkarrizketetan, kontrol hori sartzeak espontaneotasuna kentzen du. Ustekabeko dei batek, ostera, zure aldartea edo egunaren errutina alda ditzake, hobera.

Eta, hala ere, mugikorrak jotzen duen aldi gehienetan, beste aldekoak zerbait saldu nahi izaten dit; edo okerrago, robot batek hitz egiten du nirekin. Horregatik, onartzea kostatzen zaidan arren, ezagun baten deia jasotzea alerta motibo zait aspaldi. Komunikazioa inoiz baino errazagoa den garai honetan, zuzenean hitz egitea gero eta arraroagoa da. Norbaiten ahotsa entzutea intimitatearen eta gertutasunaren adierazlea da, eta ez nuke hori eguneroko harremanetan galdu nahi. Telefonoaren bidez norbait entzuteak arreta eskatzen du, presentzia. Eta badirudi, gaur egun, norbaiten denbora eskatzea deserosoa bihurtu dela. Mezuek patxadaz komunikatzeko aukera ematen dute; dei batek, aldiz, unea partekatzeko ausardia.

Beraz, mesedez, bidali audio amaigabeak (idatzizko mezuak baino nahiago ditut), baina, tarteka, deitu; espero ez dudanean, batez ere. Hobe da dei bat isilunez betea, ez duzun sentimenduaren emotikono bat baino. Hirugarren tonuaren ondotik bada ere, irribarre batez hartuko zaitut beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.