Itsasoan igeri egiten ikasten

Hondartza denboraldi betean, Bizkaiko Foru Aldundiak Igeribide programa abiarazi du. Igeriketa segurua sustatzeko askotariko ekintzak antolatu dituzte uztailerako eta abuzturako.

Igeribideak programako jarduera bat, uztailaren 5ean, Mundakako Laidatxu hondartzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
'Igeribideak' programako jarduera bat, uztailaren 5ean, Mundakako Laidatxu hondartzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2025eko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eguraldi onarekin batera heltzen da hondartza sasoia: haurrak flotagailuekin, haizeak mugiarazten dituen kolorezko banderak, alde batetik bestera doazen sorosleak… eta batzuetan, sustoren bat ere bai. Izan ere, itsas zabalean igeri egiteak baditu arriskuak. Horren kontzientzia lantzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Sailak Igeribideak programa antolatu du. Itsasoko igeriketa segurua sustatzea du helburu programak, eta aurten hirugarren aldiz egingo dute. Berritasunak gehitu dizkiote, gainera: jarduerak uztailean eta abuztuan egingo dituzte. Besteak beste, ikastaroak, familiako zirkuituak, segurtasun tailerrak eta ingurumen boluntariotzari buruzko jardunaldiak izango dira.

Hurrengo jarduerak hondartza hauetan egingo dituzte: Getxoko Areetan, Lekeitioko Isuntzan, Gorlizko Astondon eta Ondarroako Arrigorrin. Horretaz gain, Mundakako Laidatxun eta Getxoko Ereagan ere Igerigune izeneko gune bereziak prestatu dituzte itsas zabalean igeri egiteko, eta, zailtasunaren arabera, hiru maila izango dituzte: urrea, zilarra eta brontzea. Irisgarritasuna, segurtasuna, materiala eta bestelako irizpideak baliatu dituzte hondartzak aukeratzeko. Ez dira guztientzako jarduerak, ordea. Izan ere, zirkuituetan parte hartzeko, 14 urte baino gehiago izan behar dira, eta, adin txikikoen kasuan, gurasoen baimena beharrezkoa da. 14 urtetik beherakoentzat, uretako familia jokoak egongo dira.

(ID_15117552) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2025-07-05, Mundaka. Igeribideak, hondartzako zirkuituak
Igeribideak programako jardunaldiak, uztailaren 5ean, Mundakako Laidatxu hondartzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Prestakuntzei dagokienez, batez ere segurtasuna landuko dute, modu teoriko nahiz praktikoan. Itsasoan seguru igeri egiteko dekalogo bat atera dute, eta protokoloak ere landuko dituzte. Erreskate eta artatze praktikak irakatsiko dira horren ostean. Eta beste horrenbeste egingo dute ingurumenaren zaintzarekin: tokiari buruzko ezaugarriak azaldu ostean, hondakinak biltzeko prozedurak jarriko dituzte praktikan.

Aketza Sanchez arituko da ekintza horiek guztiak koordinatzen. Lehenago ere eman izan ditu itsasoko igeriketa seguruaren inguruko ikastaroak bere Goazen Up elkartearekin. Borondatez egiten du lana, «denek jakin beharreko» zerbait dela iruditzen baitzaio. «Bizi garen tokian, itsaslasterren eta olatuen berri izateak derrigorrezkoa izan beharko luke», azpimarratu du. Bizkaian itsasoaren baldintzak asko aldatzen dira urtaro batetik bestera. Horregatik, igeriketa segurua bermatzeko, badira aintzat hartu eta interpretatzen jakin beharreko hainbat kontu eta faktore. 

Ezagutza, prebentzioaren funts

Jakina da ez dela gauza bera itsasoan eta igerilekuan igeri egitea. Hala ere, Sanchezek ziurtatu duenez, «askotan itsasoa gutxietsi» egiten da. Hark esperientzia handia du sorosle probetan, eta horietan ikusitakoak erabili ditu adibide gisa. «Igerilari on» asko ikusi izan ditu hondartzara heldu eta aurrera egin ezinik, itsaslasterrengatik edo bestelakoengatik. «Igerilekuan hondoa laua da, eta hondartzan, ez: ur asko dago, toki askotan ez duzu lurrik ukitzen... Jende asko aztoratu egiten da».

Koordinatzailearen ustez, ezagutza da horrelako egoerarik ez gertatzeko funtsa, baita istripuak prebenitzeko ere. Horregatik uste du itsasoaren inguruko jakintza hezkuntzara zabaldu beharko litzatekeela. Eskola askotan, umeei igeri egiten irakasten diete igerilekuan egindako ikastaroetan, eta Sanchezek proposatu du hondartzan ere treba ditzatela: «Ez da horrenbesteko lana. Hondartzara pare bat aldiz joatea besterik ez da. Baina, horretarako, borondatea behar da».

«Bizi garen tokian, itsaslaster eta olatuen berri izateak derrigorrezkoa izan beharko luke»

AKETZA SANCHEZIgeribideak programako koordinatzailea

Horrez gain, eguraldiak ere garrantzi handia du, eta hala nabarmentzen da aldundiak ateratako dekalogoan ere: olatuak, itsaslasterrak, haizea eta antzeko faktoreak ulertzeko gako batzuk bildu dituzte, eta ikastaroetan sakonago azalduko dituzte. Dena dela, Internetek asko erraztu du informazio hori eskuratzeko modua, eta horren inguruko aplikazioak ere badira. Izugarri eragin dezakete segurtasunean, Sanchezek esan duenez. Hori dela eta, hondartzara joan aurretik informazio hori begiratzea garrantzitsua dela esan du Sanchezek: «Orain oso erraza da joango zaren tokia nola dagoen aurkitzea. Pare bat egun lehenagotik aurkitu ditzakezu ondo azaldutako aurreikuspenak, eta, horrekin, lanaren erdia eginda daukazu. Bost minutu baino ez dira, eta zure segurtasunarentzat izugarrizko aldea da».

Gainera, ezagutza hori eskuratzeko, koordinatzaileak gogorarazi du «sorosleak egotea beharrezkoa» dela. «Baina ez da aski. Ez dira hondartza guztietan egoten, eta, gainera, ordutegi mugatua daukate. Horregatik da beharrezkoa guk ere alea jar dezagun eta informa gaitezen». Izan ere, Igeribideak programaren helburu nagusia igeriketa segurua da, baina baita igeriketa «autonomoa» ere.

HURRENGO JARDUERAK

  • Gaur. Getxoko Areetan.
    • 10:00-12:00. Eskola magistrala.
    • 12:00-14:00. Ingurumen boluntariotzako jardunaldiak. 
  • Bihar. Ingurumen boluntariotzako jardunaldiak, Lekeitioko Isuntzan, 11:00-13:00.
  • Abuztuak 2. Gorlizko Astondon.
    • 11:00-13:00. Igeribideak zirkuitua (3/3 etapa) eta sari banaketa.
    • 11:00-13:00. Familientzako igeriketa jolasak.
  • Abuztuak 3. Ondarroako Arrigorrin.
    • 09:30-11:30. Segurtasun tailerra.
    • 12:00-14:00. Eskola magistrala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.