Proposamena: Leioako Umore Azoka

Kaleko arteen erakusleiho

Ostegunean hasiko da Leioako Umore Azoka. 25 urte beteko ditu aurten, eta Euskal Herriko eta nazioarteko 50 konpainia gonbidatu dituzte. Emanaldi guztiak doakoak izango dira.

iraia vieira gil
2025eko maiatzaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Umoreak Leioako kaleak hartuko ditu aurten ere. Hain zuzen, Umore Azokaren 25. aldia egingo dute eta kaleko arteetako askotariko profesionalak izango dira herrian. «Urtero, kalitate handiko emanaldiak eskaintzen dizkiogu publikoari, baina aurten ahalegin berezia egin dugu», esan du Zuriñe Cuesta Umore Azokako programatzaileak. «Kontzientzia astintzeko ikuskizun asko izango dira; hau da, sozialki konprometituta dauden eta arazo jakin batzuk plazaratuko dituzten ikuskizunak. Hori bai, gure esku egongo da haien mezuak interpretatzea». Ostegunean hasi eta igandean bukatuko da aurtengo aldia, eta ikusleek aukera izango dute 50 konpainiaren emanaldiez gozatzeko; horietatik 22 Euskal Herrikoak izango dira. Emanaldi denak doakoak izango dira.

Teatro Sobre Ruedas konpainiaren Revolución eta Janire Etxabe dantzariaren Atxine obrak dira proposamen nagusiak. Gurpil aulkian dabilen artista bat da Revolución ikuskizuneko protagonista, eta bide emango dio irisgarritasunaren inguruan hausnartzeari. «Uste dut proposamen erakargarria izango dela ikusleentzat», adierazi du Cuestak. Atxine emanaldiak, berriz, gorputzaren mugimendua eta hiriko espazioa batuko ditu, dantza esekiaren bitartez. 

Musikak berebiziko garrantzia hartuko du. Circ Vermut eta Trapu Zaharrak konpainiek, esaterako, umorea eta zuzeneko musika bateratzen dituzten ikuskizunak emango dituzte: lehenak La paradeta antzeztuko du, eta bigarrenak, La última y nos vamos. Mattalingo Alabak eta Zen del Sur taldeek zuzeneko musika emanaldiak egingo dituzte. «Eta gauean, jaialdiaren 25. urteurrena ospatzeko, zuzeneko berbenak eta piroteknia ikuskizunak izango dira», esan du Umore Azokako programatzaileak. Piroteknia eta argi ikuskizunak izango dira jaialdiko berrikuntza nabarmenenetakoak.

«Atzerriko antzerki programatzaileak ikuskizunak ikustera eta erostera etortzen dira Umore Azokara, euren herrialdeetara eta jaialdietara eramateko»ZURIÑE CUESTA Leioako Umore Azokako programatzailea

Gainera, Leioako Umore Azokaren 25 urteotako bizipenak biltzeko asmoz, aurreko aldietako argazkiez osatutako erakusketa bat jarri dute. «Kultur Leioa aretoaren kanpoaldean dago atonduta, eta ospakizun gune hori apaintzea da haren funtzioa». 

«Negozio foro bat»

Umoreaz gozatzeko jaialdia izateaz gainera, Umore Azoka «negozio foro bat» ere bada. «Estreinatutako eta estreinatu gabeko emanaldien erakustaldi bat baino zerbait gehiago da: atzerriko antzerki programatzaileak ikuskizunak ikustera eta erostera etortzen dira, euren herrialdeetara eta jaialdietara eramateko», azaldu du Cuestak. Alde horretatik, profesionalen arteko topaketak, artistentzako formakuntzak eta beste jaialdi batzuen aurkezpenak ere egiten dituzte urtero. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.