Landare aromatikoen ekoizlea

Esti Trevilla: «Landan lan egitea bizitzeko modu bat ere bada, eta, nire ustez, ideala da»

Esti Trevilla karrantzarrak uste du esentzia olioak eta hidrolatoak direla kosmetikoak egiteko oinarria. Oso beharrezkoa iruditzen zaio nekazaritzan hasteko proiektuak egotea.

Esti Trevilla Artzentalesko nekazaritza ustiategian, Gorgolas auzoan, uztailaren 9an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Esti Trevilla Artzentalesko nekazaritza ustiategian, Gorgolas auzoan, uztailaren 9an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2025eko uztailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Enkarterrialde Landa Garapenerako Elkarteak Haztegi Enkarterri proiektua aurkeztu du, eta Artzentalesko nekazaritza ekologikoaren ustiategian gauzatu asmo du. Nekazaritza testak jorratuko dituzte bertan, gehienez urte biko tartean. Helburuetako bat da gazteak sektorera erakartzea; hala, aurre egin nahi diote belaunaldi arteko etenari. Esti Trevilla karrantzarra (1993) ari da test horietako bat egiten. Agroekologia gradua ikasi zuen, eta orain landare aromatikoak landatu eta merkaturatuko ditu, biokosmetikan erabiltzeko. Haren testak Bearka du izena, eta gogotsu heldu dio proiektuari.

Zergatik aurkeztu zinen Haztegia Enkarterri proiektura?

2021ean amaitu nuen Agroekologia gradua, eta ekiteko asmoa neukan, baina ez nintzen ausartu, hainbat gorabehera tarteko. Faktore nagusietako bat pandemia izan zen. Proiektu hori ikusi nuenean, ordea, konturatu nintzen nire aukera zela, opari bat zela, eta ez nuen askorik pentsatu.

Zure testa Bearka deitzen da. Zertan datza?

Nire proiektua landare aromatikoak landatzea da, nagusiki erromeroa, labanda eta mendafina, ondoren lurrun arrastearen bidez destilatzeko. Horren ondorioz, esentzia oliolak eta hidrolato ekologikoak lortuko ditugu. Olio horiek biokosmetikako laborategietara bideratuko dira, lehengai gisa. Hala ere, ez dut baztertzen aire gozagarriak saltzea, baina lehengaia izango da, nagusiki. Bizkaiko Foru Aldundiarekin ere ari gara lanean, baso ustiapenetako landare hondarrak jasotzeko, hala eukaliptoa nola izeia. Horiek ere destilatuko ditugu, esentzia olioak eta hidrolato ekologikoak lortzeko.

«Nire proiektua landare aromatikoak landatzea da, nagusiki erromeroa, labanda eta mendafina, ondoren lurrun arrastearen bidez destilatzeko»

Batez ere landare aromatikoak landuko dituzu, ezta?

Hala da. Horren atzean arrazoi nagusi bi daude. Batetik, nik harreman estua dut landa eremuarekin, eta zerbait egin nahi nuen horrekin lotuta. Bestetik, etxean trantsizio bat egiten ari gara, eta produktu toxikoak kentzen. Ibilian-ibilian, pixka bat ikertuz, konturatu nintzen esentzia olioak eta hidrolatoak kosmetikoetarako eta beste hainbat gauzatarako oinarria direla. Irteera bat ikusi nuen, eta aukera nuenez eta lekua eman zidatenez, ausartu egin nintzen.

Proiektuak beste berezitasun bat du. Izan ere, ekologikoa izango da. Zer eragin du horrek?

Onerako izango da. Adibidez, iraunkortasuna sustatuko dugu landaketetan eta gainerakoetan. Ez dugu gai kimiko sintetikorik erabiltzen. Kasu honetan, gainera, ekonomia zirkularra ere egiten dugu, baso ustiapenen hondakinak berrerabiltzen ditugu eta. Produktuei dagokienez, kalitate handiagokoak eta garbiagoak dira. Ekologikoa izateak prozesu osoa zeharkatzen du. Nire proiektuan, destilazioa amaitu eta produktua laborategiari saltzean, analisi bat egin behar dugu, eta horrela ikusiko dugu ea gai kimikorik erabili den instalazioan edo destilazio prozesuan.

Urte biko egitasmoa da. Zer aldarterekin hasi duzu proiektua?

Orain, egia esan, ilusioz gainezka nago. Jabetzen naiz eskala txikian hasi behar dugula, proiektua bideragarria izan dadin lortzeko eta merkatuan toki bat egiteko. Urte biak amaitzen direnean, berriz, landare aromatikoen landaketak nire lursailean ezarri nahiko nituzke. Zortzi hektarea ditut, baina, jakina, hasieran ez ditut zortziak landuko. Hala ere, landaketak askoz ere zabalagoak lirateke oraingoak baino. Urte hauetan bilduko dudan informazioa baliagarria izango zait horretarako. Adibidez, erabaki ahalko dut hiruretatik zein landare landatu nahi dudan. Izan ere, ordurako jakingo dut zenbat landa daitekeen edota zenbateko eskaria duen landare bakoitzak. Printzipioz, kosmetika laborategiei saltzen jarraituko dut, hasieratik lagundu naute eta . Dena den, gerta liteke noizbait neure produktu sorta sortzeko pausoa ematea. Ez dut baztertzen.

«Orain ilusioz gainezka nago. Jabetzen naiz eskala txikian hasi behar dugula, proiektua bideragarria izan dadin lortzeko eta merkatuan toki bat egiteko»

Testaren beste helburuetako bat da belaunaldi etenari aurre egitea. Zuri nondik datorkizu landan lan egiteko gogoa?

Karrantzan bizi naiz: oso haran zabala da. Gurasoak abeltzainak izan ziren; hortaz, beti izan dut harremana lurrarekin. Administrazioa ikasi nuen, baina, asmoak erabat aldatu, eta Agroekologia ikasi nuen. Nire asmoa ekitea zen; pandemiak, ordea, dena hankaz gora jarri zuen, eta ez nintzen ausartu. Baina, azkenean, sen hori hor daukat, tira egiten dit, eta horren alde borrokatuko naiz. Egia da belaunaldien arteko arrakala oso handia dela, eta ditudan bozgorailuak aprobetxatu nahiko nituzke, jendea landa ingurunean hastera animatzeko. Hau ez da lana bakarrik; bizitzeko modu bat ere bada, eta, nire ustez, ideala da.

Zerk eragin du belaunaldi etena?

Hainbat arrazoi daude. Batetik, nire iritziz, jendeak munduarekin konektatuta egon nahi du. Horregatik, jende asko herritik urruntzen da lan egiteko edo ikasteko, eta ez da itzultzen. Bestetik, landako lana gogorra da. Gure aurreko belaunaldiek ere hori azpimarratzen digute: lan hau gogorra dela eta bilatzeko beste zerbait, sektore hau ez jorratzeko, alegia. Horrez gain, ekonomikoki ere gogorra izan daiteke; hala ere, nik benetan uste dut teknologiaren aurrerapenak, beste lekuetara legez, hona ere iritsi direla, eta horrek aukera ematen duela modu atseginagoan lan egiteko. 

Proiektua Enkarterrialde elkarteak aurkeztu du. Bazenuen haren berri lehenagotik?

Entzuna nuen zer e do zer haiei buruz. Gauza interesgarri asko sustatzen dituztela ikusi dut, baina ez nuen inoiz harremanik izan haiekin harik eta ustiategiko jabeak proiektu honen berri eman zidan arte. Orduan jarri nintzen harremanetan haiekin, eta oso ondo azaldu zidaten dena; gainera, nire esanetara egon ziren une oro. Hori dela eta, ez nuen aurkezteko zalantzarik izan. Laguntza ona eskaintzen dute. Proiektuari dagokionez, oso beharrezkoa iruditzen zait horrelako proiektuak egotea. Azkenean, opari bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.