Lea ibarraren nortasuna indartuko dute gaur leatarrek

Ibarra osatzen duten bost herrietako herritarrak Gizaburuagan elkartuko dira. 1977tik hiru urtean behin egiten dute festa.

Leatarren Eguna, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO HITZA
Leatarren Eguna, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO HITZA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko maiatzaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Txiki bat eta beste bat eta beste bat batzen badituzu, azkenean, handi bat daukazu, eta txikiei indarra ematen zaie», adierazi du Lea Ibarreko Udal Mankomunitateko langile Itziar Motroillok. Neurri batean, hori egiten du ibarreko mankomunitateak hura osatzen duten bost udalerrien indarrak batuta. Eta hori ospatu gura dute, aldi berean, Leatarren Egunean. Gaur egingo dute jaia, Gizaburuagan. Egun osoko egitaraua prestatu dute, Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexako herritarrek Lea ibarraren nortasuna indartu eta nabarmendu dezaten.

Hiru urterik behin antolatzen dute Leatarren Eguna, eta aldiro herri batean ospatzen dute. 1977an egin zuten lehen aldiz, Mendexan. Baztandarren Biltzarrean du jatorria. 1970ean, Lea ibarreko gazteentzako udalekuak prestatu zituzten Mugairen (Nafarroan), eta bost herrietako ehun bat gazte joan ziren. Egonaldian, begiraleek Baztango hainbat gazte ezagutu zituzten, eta Baztandarren Biltzarrera gonbidatu. Leatarren artean antzeko zerbait antolatzea bururatu zitzaien, bailarako herrien arteko harremanak sendotzeko eta belaunaldien arteko loturak sortzeko. 

Mankomunitateari esker harreman sendoa dute Lea ibarreko herriek, eta herritarrak beti joaten dira beste herrietako jaietara. Leatarren Egunean, baina, euren nortasuna azpimarratu gura dute. Motroilloren esanetan, jai garrantzitsua da leatarrentzat, baina uste du azken urteetan indarra galduz doala, eta berriro suspertu gura lukete. Gaurko ekitaldi nagusietakoa herri bazkaria izango da, eta, mankomunitateko langileak kontatu duenez, herri bakoitzaren esku jarri diren txartelak baino gutxiago hartu dira, Aulestin salbu: «Esan didate Amoroton ez direla asko saldu, Munitibarren ere ez... Baina Aulestin denak erosi dituzte, eta gehiago eskatzen ari dira». Baztandarren Biltzarrean bezala, Leatarren Egunean ere orgen desfilea egiten zuten lehen, baina aurreko aldian, 2022koan, egitarautik kendu zuten, herriei lan handia eskatzen zielako.

Ibarrekoak ibarrean

Eskualdetik sortutako proiektu bat omenduko dute gaur, txupinazoa botatzeko ohorea emanda: Leargi argindar kooperatiba. «Bost herrietako ordezkariek aukeratzen dute nork botako duen. Garaiotan energia berriztagarriak bultzatu behar dira, eskualdean badago proiektu polit bat, eta egokia iruditu zitzaien Leargiko kideek botatzea suziria». Bost herrietako herritarrek sustatutako kooperatiba da Leargi, Goienerrek lagundua. Bost udalak hasieratik dira bazkide laguntzaile, eta mankomunitateak ere diru laguntzak ematen dizkie. 

Ibarraren erakusleihoa da Leatarren Eguna, nolabait. Arratsaldeko ginkana eskualdeko aisialdi taldeak antolatzen du. Parte hartuko duten sortzaileak, musikariak eta bertsolariak bertakoak edo gertukoak izaten dira beti. Banatuko dituzten sariak ere eskualdeko dendetan eta ingurukoetan eskuratzen dituzte antolatzaileek. «Gure baliabideekin egindako jaia da». 

leatarren Eguna

  • 11:00. Kalejira buruhandiekin eta Amaia eta Iker dultzaineroekin.
  • 12:00. Txupinazoa, Leargi kooperatibako kideek.

  • 12:30. Irrintzi lehiaketa.

  • 13:00. Trikibertso poteoa.

  • 14:30. Herri bazkaria.

  • 18:00. Ginkana, Kubikerekin.

  • 19:30. Txokolatea.

  • 20:00. Erromeria, Kittu taldearekin.

  • 22:00. DJ Arene.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.