Proposamena: 'Urdin eta berde artean' erakusketa Lekeition

Lekeitio, kolorez kolore

Aitor Iturbe Gabikagojeaskoa historialariak Lekeitioren mugarri historikoak jaso ditu ‘Urdin eta berde artean’ erakusketan, herriko elizpean: politikaz eta ekonomiaz mintzo da, baita ohiturez eta kulturaz ere.

Lekeitioko portua, 1900eko Antzara Exgunean. MANUEL GARAVILLA
Lekeitioko portua, 1900eko Antzara Egunean. Lekeitioko 'Urdin eta berde artean' erakusketan dagoen argazkietako bat da. MANUEL GARAVILLA
amaia igartua aristondo
2025eko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lekeitiok duela zazpi mende eskuratu zuen hiribildu izaera. Baina, ordurako, bazituen hesi bat eta eliza bat, baita jauregi bat ere. Areago, arkeologoek uste dute gizakiek 33.000 urte daramatzatela Lekeition, Garratxa, Santa Katalina eta Armintxe kobazuloetan aurkitutako zantzuetan oinarrituta. Atzerago ere joan liteke: geologoen arabera, Behe Kretazeoan sortu ziren herriari bermea ematen dioten haitzak, duela 145 milioi urte inguru. Lekeitiori hiri gutuna eman ziotela zazpiehun urte bete dira aurten, eta askotariko jarduerak antolatu dituzte azken hilabeteetan efemeridea ospatzeko: esate baterako, Aitor Iturbe Gabikagojeaskoa historialariak (Lekeitio, 1962) mugarri historiko batzuk jaso ditu Urdin eta berde artean erakusketan. Azaroaren 3ra arte bisitatu ahalko da, elizpean.

Bilduma osatzen duten paneletako pare bat eskaini dizkie Iturbek hiri gutunaren aurretik jazotakoei, baina, ezinbestean, osteko mugarriek osatzen dute errepaso historikoaren zatirik handiena. Eta askotariko ertzak bildu ditu historialariak: elizako erretaulaz mintzo da, moja domingotarrez —1368an fundatu zuten domingotarren komentua—, ohiturez —kaxarranka, andreen aurreskua, antzarak...—, ezbeharrez, baita itsasoarekin edukitako lotura sendoaz ere. Gerrez eta balentriez, ez hainbeste. «Ez dut betiko hori egin nahi izan: gu onenak, ausartenak garela erakusteko ahalegina», esplikatu du Iturbek. Lekeitioraino ailegatu ziren gatazkei baino ez die egin lekua: XIX. mendeko Gerra Napoleonikoei eta Gerra Karlistei, hain justu.

(ID_17531975421455) (/Ramiro Arrue) Ramiro Arrueren artelan bat kaxarrankaren inguruan. 1935ekoa da
Kaxarranka dantza, Ramiro Arruek irudikatuta. Obra 1935ekoa da. RAMIRO ARRUE

Erakusketaren tituluak ere iradokitzen du zabaltasun hori, nolabait. Eusebio Erkiaga poeta lekeitiarrari hartu dizkio ahapaldiak Iturbek. Kanpotar baten erreakzioa erakusten du Erkiagak Lurraldea ta herria olerkian (1979): heldu berria liluratuta dago Lekeitiorekin, haren edertasunarekin, bertokoen izaera atsegin eta kementsuarekin. Bisitariaren gorazarre berba batzuekin abiatzen da poema: «Lekeitio, polita zara!». Eta jarraian datoz Iturbek hautatutakoak: «Itsasaldean,/ lehor-ertzean/ urdin eta berde artean».

Erkiagaz gain, beste lekeitiar batzuez ere baliatu da Iturbe erakusketa taxutzeko: Ibon Iturbe euskal filologoak orraztu du euskara, eta historia osatzen lagundu diote Kurik aldizkariko Iñaki Goioganak eta Maite Garamendik —Aitor Iturbe bera ere aldizkari horren kudeatzaileetako bat da—. Lekeitioko Udalaren babesa jaso du, lau ilustratzailek detailez jantzi dituzte panelak, eta Kiñuka enpresak moldatu du diseinua.

Merkataritzari lotuta

Oztopoak eta erraztasunak izango ditu Lekeitioren ibilbidean aztarrika egin gura duen historialariak, Iturberen berbei erreparatuta: erraztasunak, herriak artxibo oparoa kontserbatzen duelako, suteetatik eta bestelako ezbeharretatik salbu atera dena; oztopoak, herri txikia izanik, ez duelako piztu hiri handiagoek eragiten duten interesa, eta, beraz, orain arte egindako ikerketak ez direlako «sakonak» izan, oro har. Esaterako, Iturbek XIV. mendeko detaile gutxi batzuk baino ez ditu topatu.

«XVI. mende bukaerako sutearen eta izurriaren ondorioz, Lekeitio ukituta geratu zen, biztanle asko galdu zituen. Hurrengo mendeetan ez zuen eduki ordura arteko indarrik»

AITOR ITURBE GABIKAGOJEASKOAHistorialaria

Helduleku gehiago ditu bi mende geroagoko egoera deskribatzeko. Zantzuei erreparatuta, historialariak uste du XVI. mendea izan zela herriaren «garairik onena»; hori iradokitzen du, besteak beste, biztanle kopuruak. Iturbek azaldu duenez, hiribildua bihurtzeak «abantaila juridikoak eta ekonomikoak» ekarri zizkion Lekeitiori. Itsasoaren eskutik hazi zen: Iturbek azpimarratu du Lekeitio beti izan dela herri arrantzalea, eta garai hartan ere horretan ibiltzen zirela, baina, bereziki, merkataritzatik eskuratu zutela aberastasuna, ez arrantzatik. Produktuak garraiatzen zituzten iparraldeko portuetara —Flandriara, kasurako—, baita mendebaldekoetara ere —Italiara, Balear uharteetara (Herrialde Katalanak)...—.

Mende bukaeran apaldu zen hein batean orduko oparotasuna: 1595ean sute bat izan zen, eta, bi urte geroago, izurritea. «Lekeitio ukituta geratu zen, biztanle asko galdu zituen. Hurrengo mendeetan ez zuen eduki halako indarrik», xehatu du historialariak. Merkataritza garrantzia galduz joan zen, eta arrantza, kontrara, puztuz. 1800eko lehen hamarkadarako, Lekeitio arrantzaleen herria bilakatua zen nonbait, kontuan hartuta Alexander von Humboldt-ek zer ondorio atera zuen hura bisitatu zuenean: fisher republic iruditu zitzaion; hau da, arrantzaleen errepublika. Baina, paradoxikoki, portu txikia zuen artean. XIX. mendean hainbat ahalegin egin zituzten hura handitzeko —Isabel II.a Espainiako erreginarengana ere joan ziren hainbat aldiz baimen eta diru eske—, eta mende bukaeran erdietsi zuten helburua: 1888tik 1896 bitartean exekutatu zuten Jose Lekerikaren proiektua.

Bisitarien esperoan

Garai bertsukoak dira turismoaren hasierako urratsak. Lekeitioko «ongile handi» bi ahalegindu ziren herrira bisitariak erakartzen, 1850 inguruan: Jose Javier Uribarren eta haren iloba Pascual Abaroa. «Bankariak ziren, Parisen bizi ziren, eta hona ekarri nahi izan zituzten han eta Miarritzen [Lapurdi] ikusitakoak», Iturberen hitzetan. Lorratza utzi zuten arkitekturan, adibidez: haien enkarguz eraiki zen Uribarren jauregia, garai hartako Euskal Herrian «parekorik ez» zuena, historialariaren iritziz. Baina ez zuten dena alde eduki. «Trena ez zen sekula Lekeitiora heldu, eta horrek eragina izan zuen».

(ID_17531973374635) (/F. Colmenares) Lekeitioko portu zaharra, 1887ko irudi batean
Lekeitioko portu zaharra, 1887an. F. COLMENARES

Eta, hala ere, bisitariak ailegatu ziren Lekeitiora. Haietako batzuek, gainera, gorpuztu egin zituzten herriak erakutsitako paisaiak eta iradokitako formak. Paneletan testu gutxi ipini du historialariak, informazioa zabaltzeko heldulekuak jarri ditu —QR kodeak, artikulu xeheagoen aipamenak...—, eta irudia lehenetsi du, hari toki nabarmena eskainita. Hala, argazki zaharrez eta artelanez josita daude paneletako asko. 1907an ezarri du mugarria Iturbek: Diego Rivera pintore mexikarra eta Eduardo Chicharro espainiarra Lekeition izan ziren urte hartan, eta ikusitakoen berri eman zuten, oparo; Riverak herriaren inguruko hamasei lan ondu zituen, zehazki. 1912an, Joaquin Sorolla heldu zen, eta hura ere inspiratu zuten herriko kaleek eta marinelek. Bertan bizi ziren artistek ere utzi zuten arrastoa: Julian Ibañez Aldekoak, Julian Tellaetxek, Angel Garavillak...

Lekeitioko udal artxiboa idatzien eta irudien bila dabil

Lekeitioko udal artxiboak laguntza eskatu die herritarrei bilduma historikoa osatzeko: zehazki, antzinako argazkiak, postalak, koadroak, grabatuak, mapak, planoak, liburuak, egunkariak, gutunak, dokumentuak eta gisa bereko objektuak dituzte helburu. Herriaren 700. urteurrenarekin lotutako egitasmo bat da. Halakorik izatekotan, bi bide hauetatik jar daiteke harremanetan artxiboarekin: [email protected] helbidera idatzita, edo 94 603 41 22 telefonora deituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.