Aterpea xehe irudikatzeko ahalegina dirudi: azala, makillajea, ileordeak, dantza eta oihal distiratsuak koloretako argi apalen abaroan; «identitate guztietako» beharginen arteko batasuna aldarrikatzen duen pankarta bat egun argitan, queer marxistek antolatutako manifestazio bat, pertsona transen etorkizunak defendatzeko eskaera, Poliziaren gaitzespena. Edo, besterik gabe, agertokian egotearen plazera, elkarri eskutik helduta paseatu ahal izatearen lasaitasuna, edo aulki batean jesarrita egotearen patxada. Ertz horiek guztiak ditu Montrealgo (Quebec) Jardins Gamelin lorategiak, Ainhoa Guemes kazetari eta artistaren begiradaren arabera. Guemes 2023ko udan izan zen Montrealen, eta lorategi magiko hura Bilbora ekarri du orain Jardins Gamelin. Montreal Queer argazki erakusketarekin. Sinsorga kulturgunean ikusi ahalko da uztailaren 8ra arte. Argazkiak erosteko aukera ere badago.
Guemesi arrasto sakona utzi dio tokiak, baina ezustean egin zuen topo harekin. «Bizitzan azkenaldian gertatu zaizkidan gauza garrantzitsu, atsegin eta dibertigarri gehienak bezala, lorategia oso modu gorabeheratsuan aurkitu nuen», nabarmendu du Guemesek. Azken urteetan, trukearen bidez bidaiatzen du —«ekintzarik solidarioenetako eta pozgarrienetako bat bihurtu da etxeko giltzak pertsona ezezagunei ematea»—, baina artean ez zeukan begiz jota Quebec. Hango emakume bat jarri zen berarekin harremanetan, eta 2023ko udan onartu zuen Guemesek proposamena.

Hasiera-hasieratik liluratu zuen Montrealek. «Hiri grisa da, baina oso argitsua eta atsegina, irekia eta bitxia; fantasia bat da, benetan», oroitu du. «Hasiera-hasieratik, nire neurodibergentzia guztiak primeran egokitu ziren; denboraldi luze baterako geratuko nintzateke bizitzen». Jardins Gamelin ere nahiko laster aurkitu zuen, argazki kamerarekin ostera bat egiten ari zen egun batean, lehenengo astean. New Yorkeko (AEB) andre bat ezagutu zuen, eta hiriko queer giroa batera aztertzea erabaki zuten. «Montrealen, harrotasuna abuztuan ospatzen da. Hori ere ezustekoa izan zen!». Hiria deskubritzea atsegina egin zitzaion, oro har, «jendea alaia eta oso lasaia delako, eta begietara patxadaz eta konplizitatez begiratzen dizulako, nahiz eta festa pribatu batean egon kamerarekin apuntatzen».
«Udako terapia»
Artistaren berbetan, hiriak egindako «opari» bat da Jardins Gamelin. Lorategia queer komunitatearen erreferentziazko txoko bat da, historikoki «transexualen, mariken, lesbianen eta baztertutako kolektiboen babesleku» izandako kaleen sarreran baitago. Guemesek argi izan zuen hasieratik jendearekin partekatu gura zuela erregalu hori, argazkietan jaso nahi zuela hango giroa, nahiz eta ez ohi den «inbaditzailea» izaten bere jardunean, normalean paisaia eta natura izaten baitira Guemesen kameraren helburuak. Edozelan ere, Jardins Gamelin ez da proiektu bat, egileak ñabartu duenez, baizik eta sartu-irten bat, esplorazio bat. «Nire udako terapia», zehatzago. Begiratzeko abagune bat, komunitate «oso arraro» baten parte izateak egin dion ekarpena.
«Imajinatu lesbianen festa bat, 2.000 emakume inguru tekno dantzan. Hori da bizi nahi dudan 'matria'»
AINHOA GUEMESArtista
Ñabardura gehiago ditu aterpearen erretratuak. Askotarikoak baitira han bildu ohi direnen jatorriak, sexualitateak, gorputzak, bizipenak, egoerak. Kolektibo askoren habia da: oso leku heterogeneoa, mugimendu antikolonialekin eta Kanadako estatuko komunitate indigenarekin ere lotura duena. «Montrealen ehun nazionalitate baino gehiago daude. Beste planeta batera egindako bidaia bat da; agian, Artizarrera. Imajinatu lesbianen festa bat, 2.000 emakume inguru tekno dantzan, bakoitza ama batena eta kolore desberdinetakoak. Hori da bizi nahi dudan matria».
Formaren bidez ere islatu du aniztasun hori. Badira goizean ateratako irudiak, eta argi naturalak indartu egiten ditu jantzi koloretsuak, apaingarriak, tatuajeak... Pankartaren beltzak are nabarmenago bihurtzen ditu ortzadar koloreko mailua eta igitaia, esaterako, edo protesta egiten ari direnen animalia-larru itxurako estanpatuak. Gaueko ikuskizunetan, abiadura apalarekin lortutako argazki batzuetan, figuraren baten besoa edo ilea lausotuta eman ditu, mugimenduaren askatasuna nabarmendu nahian, beharbada. Irudien osteko lanketa minimoa izan da, artistak azaldu duenez. «Kontrastea pixka bat ukitu besterik ez dut egin; unean bertan argi naturalarekin jolastea gustatzen zait».
Iraultza transfeminista
Edukia zein forma erabilita, bistan da Guemesek gogoetatzeko heldulekuak topatu dituela Jardins Gamelinen. Kontatu duenez, orduak eta orduak ematen dituztelako hitz egiten, eta dena adierazi eta ikusgarri egin behar dutelako. «Neure buruari galdetzen nion, halaber, nola egituratzen den LGBTQIA+ mugimendua munduko herrialderik aberatsenetako batean, guztiak baitira migratzaileen seme-alabak; eta nola ezkontzen den errealitate hori diskurtso politiko marxista, transfeminista eta antikapitalista batekin». Guemesen argazkietan ageri da, orobat, alde aldarrikatzaileagoa. Harrotasunaren Astean izan zenez han, jarduera ludikoagoetan ez ezik manifestazioetan ere parte hartu zuen. «Gure betiko lelo hori bezalako zerbait erakutsi nahi izan dut: ‘Jaiak bai, borroka ere bai’».

Orain dela bi urte ezagutu zuen lorategia, eta, ordutik, gertatu dira LGTBI komunitatearen ongizatearen inguruko kezka eragin dezaketen aldaketa batzuk. «Oraindik ez zen publikoki eta hain modu mehatxagarrian lehertu faxistek gure kolektiboari eta, bereziki, transexualei dieten gorrotoa». Baina itxaropentsua da, hala ere. «Uste dut Quebec eta Kanada, oro har, prest daudela eskuin muturreko hekatonbe horren aurka borrokatzeko. Iraultza transfeminista izango da, ez dago zalantzarik», ebatzi du.
Irudiekin argazki-entsegu bat egitea da orain Guemesen helburua. Berrogei bat inprimatu ditu, A4 tamainan, saio hori gorpuzten hasteko. «Etxean argazki-liburuak editatzen ditut, tinta pigmentatuarekin eta kotoi paper bereziak erabiliz; emaitza oso ederra da», balioetsi du. Hori izan da, hain justu, edizio lanaren parterik nekezena: bere garaian hartutako dozenaka eta dozenaka argazki haiek galbahetik pasatzea, eta aukeraketa bat egitea. Eta, hala ere, hilabete eskaseko bisita ez da nahikoa izan: gehiago sakontzeko eta tolesetan arakatzeko, gutxienez urtebete egin beharko luke Montrealen, esan duenez. «Eta ez dakit nola egin, oso garestia da eta».