Proposamena: Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia

Magiak eragingo ditu barreak

Gaur hasiko da Arrigorriagako 30. Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia. Igandera bitarte, Euskal Herriko eta nazioarteko konpainien hamalau ikuskizun emango dituzte.

'Desequilibrio temporal' antzezlana, iaz, Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdian. ASIER CAMACHO
'Desequilibrio temporal' antzezlana, iaz, Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdian. ASIER CAMACHO
iraia vieira gil
2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Aire zabalean kalitatezko kultur espazio batez gozatzeko aukera eskaintzea» izan da beti Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdiaren helburua, Sonia Camara festibaleko zuzendariak azaldu duenez. Duela 30 urte hasi zuten Euskal Herrian erreferente bihurtu den umore jaialdia, eta, ordutik, hainbat aldaketa izan ditu. «Aisialdirako bestelako kultur eredu bat sortu nahi genuen, baina lehenengo urteetan zaila izan zen herriko jendea kalean elkartzea», aitortu du Camarak. Egun, ordea, familien eta kuadrillen topagune bihurtu da «eta Arrigorriagatik eta Bizkaiko beste leku askotatik etortzen dira urtero umoreaz gozatzera». Gaur ​hasiko dute jaialdiaren 30. aldia, eta igandera arte iraungo du. Italiako eta Guatemalako kideek osatutako Duo Kaos konpainia izango da antzezten lehena: Time to Loop ikuskizuna egingo dute, 18:00etan, Santa Isabelgo frontoian. 

Hain justu, Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdiaren 30. urteurrena ospatzeko, umorea eta magia izango dira emanaldietako ardatzak. Gaurtik igandera bitarte, Euskal Herriko eta nazioarteko hamahiru konpainiak sortutako hamalau ikuskizun emango dituzte umore festibalean. Camarak adierazi du askotariko programazio bat antolatzen saiatu direla, hain justu adin guztietako ikusleak erakartzeko asmoz. Konpainien aukeraketa prozesuan, zehazki, pisuzko hiru irizpide hartu dituzte kontuan: emakumeen parte hartzea, euskararen erabilera eta nazioarteko konpainiak izatea. 

«Aisialdirako bestelako kultur eredu bat sortu nahi genuen, baina lehenengo urteetan zaila izan zen herriko jendea kalean elkartzea»

SONIA CAMARA Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria

Akelar izango da aurtengo aldian oholtza gainean arituko den Euskal Herriko lehenengo konpainia. Tor eta Txoborro magoak protagonista dituen Freak show  proiektua aurkeztuko dute larunbatean, 12:30ean, PP2n. Ordubete iraungo du, eta XX. mendeko zirkuetako emanaldietan oinarrituta dago. «Aurretik ikusi ez dituzten izaki bitxi eta bereziak» erakutsiko dizkiete ikusleei: emakume magnetikoa, munduko tiporik zortedunena, berunezko burua duen umea, dena aurreikus dezakeen pitonisa, eta askoz gehiago. «Oso barregarriak dira, eta oso magia polita egiten dute», esan du festibaleko zuzendariak.

Armintza antzoki izango da gaur, bihar eta etzi

Lemoizko Armintzako portuak antzerki eskaintza oparoa eskainiko du asteburuan, Artebizi kultur ekimenari esker. Gaurtik domekara, lau antzezlan taularatuko dituzte kalean. 

Gaur, 18:30ean, Zirkotxoskok OhPera obra mutua emango du. Irudien eta akrobazien bidez kontatuko dute istorioa. Biharko saio bikoitza prestatu dute. 13:00ean: Hortz Mugak Agurea, urpekaria eta itsasoa lana antzeztuko du. Elkar ezagutzen ez duten bi pertsona elkartuko ditu itsasoak, izenik gabeko leku batean. 18:30ean, Zanguango Teatro konpainiak El peor espectáculo del mundo taularatuko du, gaztelaniaz. 

Domekan, 13:00ean, Barsanti Konpainiak Kale gorrian lana aurkeztuko du Armintzan: familia etxea utzi behar duten adineko senar-emazteen etxegabetzea kontatuko dute. 

Umore jaialdiari amaiera emateko, «apustu berezi bat» egin dute. «Saltoak egiten trebeak diren Kenyako bost akrobata ekartzea lortu dugu. Mundu osoan eskaintzen dituzte emanaldiak, eta «oso zaila» da haiek lortzea. Oso pozik gaude», aitortu du Camarak. The Black Blues Brothers da talde hori, eta Let's twist again ikuskizuna egingo dute igandean, 20:15ean, Arrigorriagako kiroldegiko pilotalekuan. Rhythm and blues estiloaren erritmoetara egokituko dituzte giza akrobaziak, zirku herrikoiaren eta komedia musikalaren arteko oreka lortuz. Ikusleen parte hartzea ere sustatuko dute, eta objektu bakoitza jolas zirraragarriak egiteko tresna bihurtuko dute. Jauzi mortalez jositako ikuskizuna da, eta publiko guztiarentzat da.

Eskaintza berezia

Gainera, Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdiaren 30. urteurrenaren harira, ekintza bereziak ere antolatu dituzte. Alde batetik, La aldea de Roque erakusketa antolatu dute Euskaldun Berria erakusketa gelan. «Miniaturazko maketa automatiko batzuez osatutako etxetxo batzuk dira, eta barruan panpinak dituzte», adierazi du Camarak. Eguneroko eta fantasiazko pasarteak irudikatzen dituzte maketek: esaterako, dantzariak, Euskal Herriko kirolak, indiarrak eta cowboyak, eta animalien erresuma. Gaurtik igandera egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara, eta sarrera doakoa izango da.

(ID_17465363373385) Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia, iaz (20
'La calle es nuestra' lanaren emaldia, iazko Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdian. ASIER CAMACHO

Horrez gain, slackline funanbulismo tailerra eskainiko dute Arrigorriagako Abusu auzoan. «Zentrotik aldenduta dagoen tokia da. Duela bost urte inguru ekin genion jaialdiko kultur eskaintza hara ere eramateari». Aurten eskainiko duten jarduera horren bitartez, tailerreko parte hartzaileek aukera izango dute beren oreka probatzeko zenbait altueratan jarritako soken gainean alde batetik bestera ibiliz. Euskaraz eskainiko dute tailerra, 90 minutu iraungo du, eta doakoa izango da. 

Aurten lehen aldiz aurkezle bat izango du festibalak: Triki kapitaina. «Heroi bat da, eta, jaialdiak iraun bitartean, trikimailuak erabiliko ditu ikusleek goza dezaten eta festibaleko arauak errespeta ditzaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.