Obren atzean ezkutatzen den artea

Bere bizitza pertsonalean eta profesionalean garrantzitsuak izan diren koadroak azaltzeko, liburu bat egin du Begoña Artabe artistak: 'Oinatzak koloreetan'. Haren neba Juan Luis Artabek eman die forma liburuko testu poetikoei.

Begoña Artabe margolaria.
Begoña Artabe margolaria, duela bi urte. MONIKA DEL VALLE / FOKU
iraia vieira gil
2024ko otsailaren 10a
05:00
Entzun

Limonita izeneko mineral batekin margotu berri zuen koadroa lagun baten etxeko soroan lehortzen utzi zuen behin Begoña Artabek. Aurretik landu gabea zuen material hori: «Gallartako Meatzaritzaren Museoan erakusketa bat egin nuen, eta bertan lan egiten zuen gizon batek eman zidan limonita. Lortzeko mineral zaila zen, mendian bilatu beharrekoa», esan du margolariak. Alkimiaren bitartez landu zuen, eta zetazko oihalak erabili zituen limonitazko bere lehen obra egiteko. Nahi zuen emaitza lortu eta koadroa sikatzen utzi zuenean, baina, «etxekoa ez zen katu ezezagun batek» zapaldu egin zuen, eta bere aztarnak utzi zituen mihisean. «Nire nebari [Juan Luis Artabe] istorioa gustatu zitzaion, eta izenburua jartzeko erabili du». Oinatzak koloreetan titulua jarri dio, hain zuzen, liburuari, eta arrebaren ibilbide pertsonalean eta artistikoan garrantzitsuak izan diren obrak bildu ditu.

«Liburuak hiru fase dauzka. Lehenengoak koadroak eta haien istorioak biltzen ditu; bigarrenean, testu poetikoak dira oinarria, eta testu bakoitzari koadro bat erantsi diot; eta hirugarrena gure gurasoei buruzkoa da», zehaztu du Artabek. Bilduma osatzeko, beretzat balio emozionala izan duten koadro batzuk aukeratu ditu, baina, halabeharrez, «ehunka» utzi behar izan ditu kanpoan. «Koadro batzuk eman ditut, beste batzuk elkarteei oparitu dizkiet, eta asko salduta daude». Hala eta guztiz ere, koadroen aukeraketa egitea ez da erraza izan margolariarentzat, eta, azkenean, bere bizitzako «etapak markatu dituztenak» hautatzea erabaki du. «Hau da, sentimenduak gehien ukitu dizkidatenak».

«Betetzen ninduen hori bilatzen aritu naiz beti. Neure buruari askotan galdetu diot: 'Zer gustatzen zait? Zerk erakartzen nau?'».BEGOÑA ARTABEMargolaria

Hain justu, Artaberen ustez, artea ez da bakarrik kanpotik ikusten den hori; artista eta lan bakoitzaren atzean dauden istorioek osatzen duten diziplina bat ere bada. «Atzean dagoen esanahia topatu behar da, baina hori oso zaila da. Artista ezagutzen ez duzunean, bereziki, zentzumenak, begiak eta gorputz osoa zabalik utzi behar dituzu». Sortzaile moduan, ordea, Artabek asko gozatu du ariketa horrekin, bidaiatzeko aukera izateak ere «barruak hezteko» esperientziak eskaini baitizkio. «Koadroak saltzen irabazten nuen dirua bidaiatzeko erabili dut, ikusteko eta ikasteko munduan zer dagoen», kontatu du margolariak. «Betetzen ninduen hori bilatzen aritu naiz beti. Neure buruari askotan galdetu diot: 'Zer gustatzen zait? Zerk erakartzen nau?'», esan du, bere helburuetako bat zein izan den aitortzean.

Estilo bilakaera

Besteak beste, keinu arteak, abstrakzioa, hodeismoa eta inpresionismoa landu ditu Artabek. Gaur egun, ordea, nahiago du haitzekin, harearekin, zuhaixkekin eta naturaren antzeko elementuekin sortu artea. «1980tik aurrera, aldaketa bat egin nuen, eta nahiago nituen testurak eta materialak garatu nituen». Alde horretatik, pintzela erabiltzeari utzi dio, eta lurra du espresatzeko bide nagusi: «Lagunek lurra ekarri didate euren bidaietatik. Petratik [Jordania], adibidez. Eta lur horrekin koadroak egin ditut». Horien guztien artean, Atapuercan (Burgos, Espainia) eman zioten lurra da harentzat bereziena: «Poz handia sentitu nuen, sorpresa bat egiten dizutenean sentitzen duzunaren antzekoa, pentsatzen duzunean halakorik ezin dela gertatu».

Egindako lanagatik zoriondu dute Artabe kritiko askok. Alde horretatik, argi utzi du emakume izate hutsagatik ez duela jasan diskriminaziorik. Aldiz, euskalduna izateagatik ateak itxi zizkioten behin. Parisen zegoela, Pablo Picasso margolariaren Gernika koadroa zuen mahai gainean, eta, horren parean, nire etxea hitzak. Erreakzioak askotarikoak izan ziren: «Kritiko batek esan zidan: 'Andaluziako jendea nahiago dut nik, ez Euskal Herrikoa!'». Artabe harrituta geratu zen, eta lasaitzeko eskatu zion kritikoari. «Oso gogorra izan zen. Batzuek ez zuten ontzat hartu, baina egia da beste askok maitasuna adierazi zidatela».

Liburuko hiru lan

  • 'ASTONDO'. Bazter baketsu baten irudikapena. Gorlizen dagoen hareazko haitz zati batekien eginda dago, eta herri horretako hondartza baten lasaitasuna helarazi nahi dio ikusleari. Eguzkia baxu zegoen eta ilargia ikusten zen egun bat aukeratu zuen Begoña Artabek obra pintatzeko, eta pain teknika erabili zuen. Ilargia, izarrak eta Hartz Txikia ageri dira.

  • 'ATAPUERKAKO LA DOLINA'. Hezurren aztarna. Burgosko (Espainia) Atapuerka aztarnategia ikustera joan zen behin Artabe. Bidean galdu zen, eta telefonoz deitu zuen, jarraibide eske. Dolina abizena zuen gizon batek erantzun zion, aztarnategia non zegoen azaldu zion eta, bertaratu zenean, Atapuerkako lurra eman zion. Horrekin sortu zuen hezur aztarnak dituen lana.

  • 'POZAK EZ DIRA POZ'. Eguzkirantz doan belaontzia. 40 urte zituen Artabek gurasoak hil zitzaizkionean. Inpresionismoa erabiliz, amaren omenez egin zuen koadroa hunkigarria da oso: tonu laranjak eta moreak ditu, eta eguzkirako bidea egiten duen belaontzia dago. Amak Artaberen nebari esan zizkion hitz batzuk ditu izenburu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.