Gatazka sortu da Bilboko Santiago katedralaren inguruan, alde zaharrean. Tenpluaren atzeko aldean Capra katearen izozki denda bat jarriko dutela salatu du Bihotzean Zazpikaleetako auzo elkarteak. Urteetan abandonatutako hainbat lokal egon dira han, absidearen fatxadari itsatsita. Denda horiek ahaztuta zeuden eta, bizilagunen aburuz, «oso irudi negatiboa ematen zioten auzoari». Auzo elkarteak salaketa jarri du Bilboko Udalaren aurka. Salaketa San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademian aurkeztu dute, ondare historikotzat jotako eraikin hori apurtzea eta aldatzea leporatuta. Izan ere, bizilagunek esan dute fatxadaren kontserbazio obra izan behar zuen hori «negozio pribatu» bilakatu dela. Haien arabera, frankizia bat irekitzeko egitasmo bat dago. Bilboko Udalak ez du auziaren inguruko adierazpenik egin nahi izan orain; jabeek bultzatuta lokalak zaharberritzeko egingo diren lanak diruz lagunduko dituela baino ez zuen jakinarazi iaz.
«Lokalek 30 urte baino gehiago zeramatzaten itxita», azaldu du Kerman Urizar Bihotzean elkarteko bozeramaileak. Garai batean lokalok erloju denda edo izozki denda izan ziren, besteak beste. Bizilagunen arabera, udalak esan zuen «egoera txarrean» zeudela, eta «segurtasun arrazoiengatik» bota egingo zituztela, fatxadari garbitu bat emateko. Auzotarrek hedabideen bitartez jakin zuten negozio bat irekiko dela bertan, eta horrek ezinegona areagotu zuen. Gainera, salatu dute obraren zati handi bat udalak diruz lagundu duela. «Ez dakigu zenbat diru jarri duen udalak, baina ez da normala komertzio pribatu baten obrarako diru publikoa ematea», kexatu da Urizar.

Elkarteko bozeramailearen hitzetan, «proiektuak interes pribatuari erantzuten dio, ez alde zaharreko bizilagunen onurari». Urizarren ustez, «onartezina da ondarea onura pribaturako aitzakia bihurtzea». Zazpikaleetako auzoak bizi duen eraldaketagatik ere kezkatuta daude bizilagunak. «Gure auzoa etengabe turistifikatzen ari da», dio Urizarrek. «Lokal huts asko daude izozki denda zabaltzeko. Ez du zertan hor izan behar».
Instituzioen «inkoherentziak»
Elkarteak adierazi du udala ez dela gardena izan: «Ez du azalpenik eman. Esan du dena legezkoa dela». Urizarrek salatu duenez, inork ez du kontrolatzen elizaren atzeko aldean zer-nolako obra egiten ari diren. Gotzaindegiaren jarrerari ere kritika egin dio: «Ez du gurekin hitz egin nahi». Urizarrek «inkoherentziak» ikusten ditu instituzioek emandako azalpenetan. «Denbora bat daramagu elizpeko burdin hesia kentzeko eskatzen, euria egiten duenean erabili ahal izateko. Kasu horretan, ondare historikoa dela argudiatzen dute ezetz esateko, eta eraikinaren zaintzaren alde agertzen dira».
Katedralaren egituran ere aldaketak egin direla esan du Bihotzean Zazpikaleetako auzo elkarteko eledunak: «Hormak apurtu dituzte eta dendak banatzen dituzten zutabeak ere kendu dituzte». Aldaketa honi esker, negozioa handiagoa egiteko metro batzuk irabazi dituztela azaldu du Urizarrek. Horrez gain, terraza baimena eman zaio izozki dendari, eta kalearen zati handi bat okupatuko du. «Mahai eta aulkiekin kalea buxatu egingo da», ohartarazi du elkarteak. «Katedralaren atzeko kalea estua da eta jende asko pasatzen da egunero. Ezin dugu onartu alde zaharraren bihotza turistaz betetzea», erantsi du Urizarrek.
Turisten masifikazioa
Bizilagunak beldur dira horrek masifikazioa areagotuko ote duen. «Alde zaharrean masifikazio handia dago jada», dio Bihotzean elkarteko kideak. «Azken garaiotan zabaltzen diren negozio guztiak turismoari begira daude, ez dira bizilagunentzat». Salaketa jartzerakoan, Iñaki Uriarte arkitektoaren babesa izan du elkarteak. Uriarte oso inplikatuta egon da prozesuan. Bilboko Arte Ederren Museoaren erreformaren inguruko auzian ere parte hartu zuen. Arkitektoa «giltzarri» izan da katedralaren auzian, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiaren aurrean salaketa aurkezterako orduan.
«Azken garaiotan egiten diren negozio guztiak turismoari begira daude, ez dira bizilagunentzat»
KERMAN URIZAR Bilboko Zazpikaleetako Bihotzean auzo elkartearen bozeramailea
Gainera, Bihotzean elkarteak txarretsi du erakundeak kezkatuago daudela turismoaren aurka nor agertzen den jakiteagatik, auzoaren benetako beharrei erantzuteagatik baino. «Gehiago interesatzen zaie jakitea erreformen aurkako kartelak nork itsasten dituen, bizilagunen egoera baino».
Urizar bozeramaileak jakinarazi du egin duten azken ekintza salaketa aurkeztea izan dela. Hala ere, orain arte ez dute inolako erantzunik jaso udalaren aldetik eta horrek ziurgabetasuna eragin du. «Ez dakigu obra geldirik dagoen ala ez», adierazi du Urizarrek, eta nabarmendu du azkeneko asteetan inguruan ez dela jarduerarik ikusi. «Azken egunetan ez dugu ezer berririk antzeman, baina ez dugu berririk». Informazio ofizialik ez dagoenez, auzoa kezkatuta dagoela adierazi du. Elkarteak mobilizatzen jarraituko duela azpimarratu du eledunak. «Gure borroka ez da hemen amaitu. Elizpea kendu ziguten, baina guztion ondarea ezin digute kendu».
Bihotzean elkarteko kideak ohartarazi du ez dutela utziko ondare historikoa, kultura eta, azken finean, herritarren bizitza espekulazioaren biktima bihur daitezen. «Gardentasuna, gure auzoarekiko errespetua eta komunitatearen zerbitzura egongo den zaharberritzea eskatzen dugu, ez onura pribatua».