Lehengo herritarrek sortutako ondarea eta egungo herritarrak sortzen ari direna ezagutaraziko ditu Goikolau kultur elkarteak, Berriatuko Herri Ondarea Internet atariaren bitartez. Bizia da, beraz, herritarrek herritarrentzat egindako egitasmoa: iragana eta oraina elkartu, eta komunitatea indartzen laguntzea du helburu. Izan ere, «ondarea herritarren arteko sareak eraikitzeko tresna» dela uste du Goikolau elkarteak. Egitasmoa Ondarea.berriatua.eus helbidean dago ikusgai. Asteartean aurkeztu zuten, Berriatuan.
Goikolau elkartea 2012an sortu zen. Herri ondarea jaso, ikertu eta ezagutarazteko xedea du. Hain zuzen ere, elkartearen iritziz, «komunitaterik gabe, ondarerik ez litzateke egongo»; eta ondarea, era berean, «herritarren sareak eraikitzen laguntzeko tresna» dela dio. Besteak beste, hitzaldiak, erakusketak, elkarrizketak, dokumentalak eta herritarren jaiak bultzatu eta egin dituzte.
Urteotan egindako lana pilatu ahala, artxiboa antolatu eta ezagutza hori guztia denen eskura Interneten jartzeko beharra ikusi du Goikolauk. Hala, Berriatuko Herri Ondarea egitasmoa bultzatu du, udalarekin lortutako hitzarmenari esker. Udalak bildutako ondareari buruzko informazioa eta dokumentazioa ere jasoko dute.
«Argi ikusten genuen transmisio lana egin eta ondarea jendeari erakusteko webgune bat egin behar genuela»
IMANOL MUGARTEGIBerriatuko Goikolau kultur elkarteko kidea
«Argi ikusten genuen transmisio lana egin eta ondarea jendeari erakusteko webgune bat egin behar genuela», adierazi du Imanol Mugartegi Goikolau elkarteko kideak. Dena den, onartu du atarian ez dagoela erdirik ere. «Hemendik aurrera, jasota bai baina argitaratzeko falta diren lanak sartzea da asmoa».
Urteetan pilatutakoa
Modu oso grafikoan, txartel edo fitxa laburren bidez jasotako informazio guztia modu erakargarrian, ongi antolatuta eta erabiltzaileak erraz eskuratzeko moduan eskaintzen du Berriatuko Herri Ondarea webguneak.
Berriatuko ondare material aberatsa ezagutu daiteke: historiaurreko kobazuloetako aztarnak, Erdi Aroko dorreak eta margotutako etxeak, kofradien batzar mahaiak, garbitokiak, antzinako olen eta erroten aztarnak, herriko lurrak borobilez betetzen dituzten baso korten aztarnak, txakur burua duen haberen bat, gurutzeak eta gerrako lubakiak.
Ondare immaterialari dagokionez, herriko elkarteek gaur egun egiten duten lanaren berri izateko aukera ematen du. Era berean, iragana eta oraina uztartzen dituzten hainbat egitasmori buruzko edukia dago eskuragarri, elkarrizketen, bideoen, argazkien eta bestelako dokumentuen bitartez: ohituraz egiten den inauteri giroko santa eskea, kanpai deiak eta herriko kofradien ohiturak, antzinako abeltzaintzari lotutako korta basoen erabilera ohiturak, herriko eskoletan izandako esperientziak, herriko emakumeen emaria...
Herritarren parte hartzea
Horretaz gain, Berriatuko herritarrek eta elkarteek egiten duten lana ezagutzeko aukera emango du atari berriak. Horretarako, erabiltzaile moduan izena emateko aukera egongo da webgunean, eta, bertara sartuz gero, iradokizunak egiteko. «Berriatuarrek zabalik daukaten leiho bat da», Mugartegiren arabera.
LARATZA DATU BASEA ERABILI DUTE ATARIRAKO
Laratza datu basea du oinarri Berriatuko Herri Ondarea atariak. Nere Erkiaga adituak eta Codesyntax enpresak garatu dute. Edukia hainbat hizkuntzatan kudeatu eta argitaratzeko aukera ematen du, eta ondare elementuen katalogazio eta argitalpenak eragiten dituzten konplexutasunak menderatzen ditu, erabiltzaileentzat informazio guztia modu erraz eta ulergarrian eskuragarri jartzeko asmoz. Ataria Berriatuko herri ondareari buruzko informazioa Interneten jartzeko sortuta dagoen arren, beste herrietan ere egin den lana erakusteko tresna izan daiteke, Goikolau kultur elkartearen ustez.