Askabide elkarteko lehendakaria

Miriam Santorcuato: «Prostituzioan aritzen diren emakumeek eskubideak, potentzialak eta ametsak dituzte»

Askabide elkarteak berrogei urte daramatza prostituzioan ari diren emakumeei arreta ematen. Miriam Santorcuatok «entzutearen» garrantzia azpimarratu du.

Miriam Santorcuato Askabide elkartearen egoitza berrian, asteartean, Bilboko San Frantzisko auzoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Miriam Santorcuato Askabide elkartearen egoitza berrian, asteartean, Bilboko San Frantzisko auzoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bilbo
2025eko uztailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Prostituzioan aritzen diren emakumeen gizarteratzea bultzatzen duen irabazi-asmorik gabeko elkartea da Askabide. 1985ean ekin zion jardunari, eta aurten berrogei urte beteko ditu. Miriam Santorcuato elkarteko lehendakaria (Bilbo, 1966) ez zen egon hasiera hartan, baina dagoeneko 30 urte daramatza boluntario lanetan. Haren esanetan, Askabidek aldaketa asko izan ditu urteotan, baina hasierako helburu eta balioek berdin jarraitzen dute. Guztiaren gainetik, «duintasunaren aldeko borroka» gisa definitu du egindako bidea.

Zein zen Bilboko egoera 1980ko hamarkadan?

Bilboren testuinguruaz baino gehiago, hobe dugu San Frantzisko auzoaren testuinguruaz hitz egitea. Ez da kasualitatea Askabideren jarduna bertan hasi izana. Garai hartan, auzoa oso ezaguna zen giroagatik, eta horrek lotura zuzena zeukan Bilboko meategiekin. Meategiek langile eta familia asko erakarri zituzten. Krisia heltzean, ostera, guztia joan zen gain behera; meatzeetako lana urritu egin zen, drogak presentzia handia hartu zuen, lehenago zegoen prostituzioa are okerragoa bilakatu zen...  Prostituzioan aritzen ziren emakumeen egoera ikusirik, auzoko emakume batzuek babeserako beharrizan bat identifikatu zuen. Horrela sortu zen Askabide, 1985ean.

Baina orain ez zarete auzoko emakume talde bat.

Ez. Emakume horien lanari esker, taldea zabaltzea lortu zen, baita lokal bat eskuratu ere. Ni, adibidez, hamar urte geroago batu nintzen. Hasieran, boluntarioak besterik ez ginen, baina Askabide profesionalizatu egin da, hirugarren sektoreko elkarte gehienen gisara. Gaur egun, hogei boluntariok eta 22 profesionalek osatzen dute.

Bertara jotzen duten emakumeen soslaia ere aldatu da?

Bai. Hasieran, prostituzioan jarduten zuten emakumeak auzokoak ziren, edo, gehien jota, [Espainiako] estatuko beste tokiren batetik etorritakoak. Bertakotzat jotzen zuten jendea izanik, auzoan nahikoa onartuta zeuden; hori bai, baldintzak txarrak ziren. Prostituzioan jarduten duten emakumeen profila aldatzearekin batera, ordea, auzokoek gutxiago  onartzen dituzte emakume horiek: izan ere, orain prostituzioan aritzen diren andre gehienak migranteak dira; Afrikatik eta Latinoamerikatik etorritakoak, batik bat. Egoera prekarioak eta aukera faltak eramaten ditu prostituziora. 

«Orain, prostituzioan aritzen diren andre gehienak migranteak dira. Egoera prekarioak eta aukera faltak eramaten ditu prostituziora»

Zer aurkitzen dute prostituzioan?

Indarkeria, eta denetarikoa, gainera: fisikoa, sexuala, irainak... Emakumeekin asko-asko landu dugu hori. Ulertu behar dute bezeroarekin zerbait adostuz gero ez dutela zertan onartu hortik kanpoko zerbait egitea edo adostua ez betetzea. Hori ez da soldataren barruan sartzen; indarkeria da, eta horri aurre egiteko tresnak ematen dizkiegu. Gizarteak ere hala ulertu behar du, eta hor lan handia dago egiteko.

Nola heltzen zarete haiengana?

Askabide elkarte ezaguna da, eta horrek asko errazten du zabalpena. Hala ere, hiru bide izaten dira ohikoenak: bat, ahoz ahoko gomendioa; beste bat, instituzioetako zerbitzu sozialek bideratua; eta bestea, gure proiektu nagusiaren bidez. Prostituzioan aritutako emakumeen bidez hurbiltzen gara orain prostituzioan dabiltzanengana, eta elkartea baliabide moduan eskaintzen diegu. Normalean, erantzuna ona izaten da, berdinetik berdinera, eskaintza sinesgarriagoa baita.

Eta behin hurbilduta, zer?

Funtsezkoa da atetik sartu bezain pronto gune seguru bat eskaintzea, epaituko ez dituzten toki bat. Lankide batek dioen bezala, Askabideko kafe makina beti dago martxan; kafe baten bueltan entzuten diegu. Arazoak askotarikoak izan daitezke, eta entzutea da zer behar duten jakiteko modu bakarra. Horren arabera ematen diegu gure zerbitzua: arreta psikologikoa, gaztelania erakustea, etxebizitza... Beti haien nahien arabera; ez ditugu gidatzen, baizik eta batera egiten dugu bidea.

Proiektu gehiago dituzue martxan, ezta?

Bai. Laneratzeko prozesuak eta askotariko bizitoki proiektuak ere baditugu. Guztiek dute funtzionamendu berbera: gure pisu-etxeetan egiten dute bizimodua, beharren araberako jarraipena egiten zaie, eta elkartearen egoitzan artatzen dituzte. Bestalde, sentsibilizazioari ere garrantzi handia ematen diogu. Komunikabideekin hitz egitean, beti saiatzen gara kolektibo horren errealitate ikusezina azaleratzen eta, batez ere, betiko estigmari aurre egiten. Prostituzioan aritzeak ez ditu definitzen; eskubideak, potentziala eta ametsak dituzten pertsona batzuk dira.

Gaur egun oso polarizatuta dago prostituzioaren eztabaida; aboliziora edo legeztatzera mugatzen da dena. Zein da zuen jarrera?

Ez gaude abolizioaren edo legeztatzearen aldean: gu emakumeen aldean gaude, haiekin lanean. Eztabaidatzea eta legeak egitea garrantzitsua da, baina, bitartean, erantzun beharreko errealitate oso bat dago. Hori gertatzen ari da abolizioaren legearekin; egoera konplexua da. Lege batzuk zirriborratzeko gugana jo izan dute, eta beti diogu gauza bera: emakumeei entzun behar zaie, eta erabakiek haiengan izango dituzten ondorioetan pentsatu. Aukera duinen artean erabakitzeko abagunea ematea: horrek izan behar du helburua; bestela, ez da benetako aukera bat.

«Aukera duinen artean erabakitzeko abagunea ematea: horrek izan behar du prostituzioaren inguruko legeen helburua» 

Berrogei urte daramatzazue hori aldarrikatzen. Nolakoa izan da ibilbidea?

Labur esateko, duintasunaren aldeko borroka bat izan da. Berrogei urtean dena aldatu da: emakumeen profila, elkartearen profesionalizazioa, auzoa, instituzionalizazioa... Baina, hasieran bezala, aukera duinen alde lan egiten jarraitzen dugu, eta hala izango da aurrerantzean ere. Orain, baliabideak pilatzen jarraitzea egokitzen zaigu, kalitatezko arreta eskaini ahal izateko, eta baita haiekin batera aurrera egiten jarraitzeko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.