EHUko Erizaintza eta Osasun Sustapena ikerketa taldeak Bilboko hiru auzotako hirigintza diseinua aztertu du, jarduera fisikoa sustatzen eta oztopatzen duten elementuak identifikatzeko asmoz. Zehazki, Deustu, Uribarri eta San Frantzisko auzoetako hainbat bizilagun taldek parte hartu dute, eta ondorioztatu garrantzitsua dela berdeguneak egotea, lekuetara iristeko oztoporik ez izatea, eta leku irekiak eta erabilera anitzekoak eskura edukitzea. Fotovoz metodologia erabili dute: auzotarrek ateratako argazkien bidez identifikatu dituzte elementu horiek, eta ondorioak atera dituzte taldean. Ainara San Juan (Algorta, Getxo, 1997) EHUko Osasun Publikoko doktorego programa egiten ari da, eta haren tesiaren parte da aipatutako proiektua. Hiri ingurunearen eta jarduera fisikoaren arteko harremana aztertzen du, herritarren ikuspegitik.
Zergatik aukeratu zenuten Fotovoz metodologia Bilboko hiru auzotako hirigintza diseinua aztertzeko?
Ohiko ikerketetan, datu kuantitatiboak bildu eta analisi estatistikoak egiten dira normalean, edo elkarrizketak eta talde eztabaidak. Fotovoz metodologiaren bitartez, ordea, herritarrak prozesu osoan inplikatzen dira. Ez dituzte soilik datuak ematen; analisia bera ere egiten dute, baita ondorioak atera ere. Gainera, metodologia horrek gizarte eraldaketa bultzatzen du. Izan ere, hausnarketa pizten du norberari eta auzoari buruz. Argazkien bidez identifikatutako arazoei aurre egiteko proposamenak idazten dira, eta guk aukera izan dugu proposamen horiek politikariei eta beste erakunde batzuei helarazteko. Hortaz, ez da soilik ezagutza zientifikoa sortzeko bide bat: aldaketa soziala bultzatzeko ere balio du.
Metodologia horrek zer ekarpen egin dizkio ikerketari?
Lortutako datuak dira ekarpen nagusia. Izan ere, testuinguru jakin batean oinarrituta daude, eta bizilagunen ikuspegitik jasotakoak dira. Adibidez, guk esan genezake zenbat kilometro bidegorri dauden Bilbon, baina bizilagunek esango digute zer tarte den arriskutsua edo zer gunetan ez diren eroso sentitzen. Hau da, benetako erabileraren eta pertzepzioaren inguruko informazioa ematen dute, eta hori funtsezkoa da jarduera fisikoan eta osasunean eragiten duten faktoreak ulertzeko.
«Fotovoz metodologia ez da soilik ezagutza zientifikoa sortzeko bide bat: aldaketa soziala bultzatzeko ere balio du»
Deustu, Uribarri eta San Frantzisko auzoetako bizilagunek zelako rola izan dute?
Taldeak osatu genituen, eta talde bakoitzak bost saiotan parte hartu zuen. Lehenengo saioan, ikerketa aurkeztu genien, eta eskatu genien hausnartzeko auzoak nola eragiten dien osasunean. Bigarrengorako, euren esperientzian oinarritutako argazkiak ekarri zituzten, eta bakoitzak azaldu zuen zergatik hautatu zuen argazki hori. Hortik abiatuta, talde eztabaidak sortu ziren, hausnarketa kolektiboa egiteko. Hirugarrengo saioan, elementu positiboak identifikatu zituzten; laugarrengoan, negatiboak; eta azken saioan, mapa orokor bat osatu zuten, kategoriak eta hobekuntza proposamenak landuta. Gu, ikertzaile gisa, talde dinamika orekatua bermatzeko egoten ginen hor, baina haiek izan dira benetako protagonistak.
Zergatik aukeratu zenituzten auzo horiek?
Hautaketa ez zen ausazkoa izan. Batetik, maila sozioekonomiko desberdinak dituztelako aukeratu genituen. Orain arteko ikerketak goi eta behe mailako auzoetan egin izan dira, eta guk erdiko maila gehitu diogu. Eta, bestetik, auzo horietan herri mugimenduak eta elkarte aktiboak daudelako ere hautatu genituen. Horrek lagundu egin du herritarren parte hartzea sustatzen.
Zein dira jarduera fisikoari bide ematen dioten hirigintza elementuak?
Berdeguneek eta naturarekin harremanetan egoteko aukerak asko laguntzen du. Baina irisgarritasuna ere behar da, ez baita nahikoa gertu egotea. Adibidez, igogailuak edo aldapa mekanikoak lagungarri dira; batez ere, zerbitzuak auzoko goiko partean baldin badaude. Halaber, jarduera fisikorako leku irekiak eta erabilera anitzekoak izatea oso lagungarria da: dantzarako, patinatzeko eta kirola egiteko, besteak beste.
«Instituzioei eskatu diegu berma dezatela auzoan jarduera fisikorako eta atsedenerako guneak izatea, segurtasuna eta irisgarritasuna kontuan hartuta»
Trafikoak ba al du eraginik jarduera fisikoan?
Bai, argi eta garbi. Agian, ez zuzenean, baina segurtasunaren pertzepzioan badauka eragina. Adibidez, Deustuko auzotarrek aipatu zuten trafiko handiko zenbait kale ez direla egokiak paseatzeko, eta jendeak nahiago duela itsasadar ondora joan; edo, umeak baloiarekin jolasten direnean, arriskutsua dela autoak gertu egotea. Espaloiak estuak badira, jendeak errepidera irten behar izaten du, eta horrek arriskuak sortzen ditu. Eta egia da trafikoarekin bizitzen jakin behar dugula, baina egokitzapen batzuk behar dira.
Zer gomendio egin dizkiezue instituzioei?
Eskatu diegu berma dezatela auzo barruan jarduera fisikorako eta atseden hartzeko guneak izatea, betiere segurtasuna eta irisgarritasuna kontuan hartuta. Oinezkoentzako mugikortasuna hobetu egin behar da, baita beste auzoekin lotzeko aukerak ere. Kale batzuetan higiene baldintzak eta argiztapena hobetzea ere aipatu dute. Eta garrantzitsuena: herritarren eta erakundeen arteko komunikazioa sustatzea, hau da, erabakiak hartu aurretik kontsultak egitea auzotarrekin eta elkarteekin.
Instituzioak prest daude herritarren ahotsa kontuan hartzeko?
Gure aurreko ikerketan egindako proposamenen erdiak jada txertatu dituzte Bilboko Udalaren osasun plan berrian. Beraz, uste dugu baietz, prest daudela. Gainera, instituzioetako ordezkari batzuk egon ziren ikerketaren aurkezpenean, eta mahai inguru batean parte hartu zuten. Gure asmoa da politika publiko horien bilakaera aztertzea etorkizunean ere.