«Tratu txarrik gabeko» jaiak nahi dituzte

Aurten ere sokamuturra izango da Getxoko Algorta auzoko Portu Zaharreko jaietan. Sokamuturra Ez herriko elkarteak salatu duenez, udalak ez du sortu hitzemandako elkarrizketa mahaia. Elkarteak ez du baztertu bide judizialetik jotzea.

Algortako iazko sokamuturraren irudi bat. SOKAMUTURRA EZ
Getxoko Algortako sokamuturra, hondartzan, iazko abuztuan. SOKAMUTURRA EZ
2025eko uztailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Udalbatzetara joan, alkatearekin batu, sinadurak bildu... Askotariko bideak ibili ditu Sokamuturra Ez elkarteak animalien sufrimendurik gabeko jaien alde. Hala ere, ez da aski izan aurten Getxoko Algorta auzoko Portu Zaharreko jaietako egitaraua alda zezaten. Getxoko Udalak joan den astean atera zuen programa, eta oraingoan ere sokamuturra izango da festetan: abuztuaren 11n egingo dute, hondartzan, 10:00etan. Talde animalistak argi adierazi du haserre dagoela udalarekin. «Ez du sortu agindutako elkarrizketa mahaia, eta, gainera, ez digu erabakia jakinarazi», esan du Nerea Landa Sokamuturra Ez elkarteko bozeramaileak, eta gehitu du euren jardunari eutsiko diotela, kalean eta auzitegietan. «Bide guztiak itxiz gero, auzitara joko dugu».

Elkarteak gogor salatu du udalaren «isiltasuna» prozesu guztian. «Ez digu erantzun garbirik eman, eskuak garbitu besterik ez du egin». Izan ere, Landak azaldu duenez, udalak Eusko Jaurlaritzari eta Getxo Kulturari egozten die oraindik ere sokamuturra egitearen erantzukizuna, bi erakunde horiek finantzatzen dituzte-eta festak. Talde animalistak uste du Getxoko Udalak ere baduela zeresanik. «Haren sinadurarik gabe, ez litzateke egingo. Beraz, nahiko ez balute, ez litzateke egingo».

Aurtengo jaietan sokamuturra ordezkatuko zuten itxaropena zuten elkartekoek, eta, egitaraua gorabehera, oraindik ere badute. «Pentsatzen dugu alkateak bertan behera utziko duela ikuskizuna azken unean», adierazi du Landak. Ekainean, administrazioaren erantzukizun formaleko erreklamazioa jarri zioten udalari. Ez zioten erantzun argirik eman, eta uztailaren 25era arte dute epea berraztertzeko errekurtsoa jartzeko. «Abokatua errekurtsoa prestatzen ari da. Horren ostean erabakiko dugu auzitara jo edo ez, baina litekeena da jotzea».

«Udalak ez zuen inolako babes neurririk hartu. Bigantxak hiru orduz izan zituzten kamioi batean itxita, eguzkipean, lotuta eta urik gabe»

NEREA LANDAGetxoko Sokamuturra Ez elkarteko bozeramailea

Frogatuko balitz udalak zerikusia duela sokamuturraren antolakuntzan, horrek esan nahiko luke ez dituela betetzen udalbatzak 2011n eta 2018an onartu zituen bi mozioak. Izan ere, mozio horiek jasotzen dute udalak animalien tratu etikoaren alde egingo duela, ez duela diruz lagunduko animaliekin eginiko ikuskizunik, eta ez duela baimenduko animaliei tratu txar fisikoak edo psikologikokoak egitea dakarren jarduerarik.

«Ez da lehen aldia irregulartasunak daudela», nabarmendu du Landak, iazko jaiei erreferentzia eginez. 2024an talde antolatu gisa artikulatu zen Sokamuturra Ez. Sokamuturraren egunean alerta laranja ezarria zen bero sapengatik, eta Euskalmetek 41  graduko tenperatura erregistratu zuen. Gainera, ur hornidurako matxura batek egoera gehiago larritu zuen. «Udalak ez zuen inolako babes neurririk hartu. Bigantxak hiru orduz izan zituzten kamioi batean itxita, eguzkipean, lotuta eta urik gabe», salatu du Landak. Tratu txarrak egon zirela frogatzeko, erreklamazioaren espedientean argazkiak, testigantzak eta albaitaritza azterketak sartu dituzte.

(ID_17521448386505) (/Sokamuturra Ez) 2024ko Algortako sokamuturraren irudi bat
Zezenko bat, Algortako iazko sokamuturrean. SOKAMUTURRA EZ

Iazko ekitaldiko aktan ez zituzten jaso baldintza klimatologikoak, ezta izandako istripuak ere. Abereen garraioaren dokumentu ofiziala ere falta da, eta akta horrek ematen du animalien ongizatearen berri. Elkarteko kideak esan du zezen ikuskizunen legea ere ez dutela «guztiz betetzen», eta gogoratu du zezenak animalien babeserako legetik salbuetsita daudela; lege horrek eskubide gehiago aitortuko lizkieke, ordea.

Gainera, gerora jakin denez, bigantxak ekarri zituen enpresaren haztegian tuberkulosi agerraldi bat izan zen emankizuna baino egun batzuk lehenago, eta, hala ere, Algortan izan ziren hango animaliak. Horrek herritarrak ere jarri zituen arriskuan; beraz, Sokamuturra Ez elkarteak udalari eskatu dio froga dezala festetako animaliak ez zeudela kutsatuta.

«Hasieratik ona izan da herritarrek egin diguten harrera», dio Landak. «Kalean egoeraz galdetzen didate, eta, sinadurak eskatzean, hamar pertsonatik zortzik sinatzen dute». Dagoeneko 9.000 sinadura bildu dituzte sokamuturra bertan behera uztea eskatzeko: besteak beste, Getxoko herritarrek, inguruko herrietako bizilagunek, dendek eta albaitari klinikek izenpetu dute. Hori dela eta, gizartearen eta politikaren artean dagoen «kontraesana» nabarmendu du Landak. «Badirudi herria alde batetik doala, eta politikariak, bestetik».

«Tradizioa ez da aitzakia»

Sokamuturra Ez elkarteak baditu proposamenak sokamuturra ordezkatzeko; adibidez, animaliarik gabeko donibane zuhaitza. «Lehen hala egiten zen. 1970eko hamarkadan sartu ziren bigantxak donibane zuhaitzean. Beraz, tradizioa ez da aitzakia», azpimarratu du Landak. 

Inguruko herrietako udal guztiek animaliak kendu dituzte euren ekintzetatik: Sestao, Portugalete, Barakaldo eta Zierbena dira horren adibide. Kirol ikuskizunekin ordezkatu dituzte, gehienetan. Santurtzik, gainera, jarduera horiek debekatzen dituen ordenantza bat onartu du berriki.

Sokamuturra Ez elkarteak protestatzen segitzeko asmoa dauka. Algortako Portu Zaharreko jaietako sokamuturrean zezenkoek jasaten duten sufrimendua ikusarazteko, argazki lehiaketa bat antolatu dute; abuztuaren 31ra arte bidali ahalko dira argazkiak. Ekintza gehiago antolatuko dituzte, «Getxok tratu txarrik gabeko jaiak merezi dituelako», Landaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.