Lucia Revuelta bilbotarra duela bi urte joan zen Euskal Herritik Irlandara. 15 urte baino ez ditu, eta moda iraunkorrean aurkitu du bere hizkuntza artistikoa. Diseinuan eta joskintzan esperientziarik izan gabe, Junk Kouture nazioarteko lehiaketaren erronkari heldu dio. Miss Mares izeneko lana sortu, eta bi kultura batzen ditu. Kantauri itsasoaren eta Irlandako kostaldearen arteko loturan dago inspiratuta. Diseinua ez da ikusteko lan bat soilik, ingurumen eta kultura kontzientzia ere sortu nahi ditu. Bihar, Junk Kouture moda jasangarriko lehiaketako finalean Irlanda ordezkatuko du, baina Euskal Herria ere eramango du bere diseinuaren hari bakoitzean.
Miss Mares diseinuak Kantauriko eta Irlandako itsasoa batzen ditu diseinu bakar batean. Nola sortu zitzaizun bi kulturak lotzeko ideia?
Irlanda nire bigarren etxea bihurtu da; Euskal Herria bezain garrantzitsua da niretzat. Bi lurralde hauek nola lotu pentsatu nuenean, itsasoa izan zen burura etorri zitzaidan lehenengo ideia. Itsasoak bi kostak batzen ditu, eta, aldi berean, bereizi. Baina itsasoa ez da ura bakarrik; egiten dugunaren isla ere bada, kutsadurarena eta hondoratzen diren hondakinena. Horregatik, beste bizi bat sortzeko asmoz, bi mundu horiek uztartu nituen soinekoan. Gainera, lehiaketaren funtsezko oinarri bat zera da, material berrerabilgarriekin lan egitea; beraz, gaia oso aproposa dela iruditu zitzaidan.
Izenburuak soinu poetiko eta iradokitzailea du. Zein da hautu horren esanahia?
Miss Mares izenak esanahi berezia du niretzat. Bi s-rekin idaztea erabaki nuen, berezitasuna lortzeko. Hasieran, euskaraz pentsatu nituen izenak, Itsasoa, adibidez; baina irlandarrentzat ahoskatzen zaila denez, atzera egin nuen. Azkenean, Miss Mares aukeratu nuen, esanahi bikoitza duelako: miss, ingelesez emakume gazteei erreferentzia egiten diolako, eta mares, itsasoarekin zuzenean lotuta dagoelako.
Zure soinekoa artisau lana da. Nolakoa izan da sortze prozesua eta diseinua osatzen duten elementuak aukeratzea?
Soinekoa erabat eskuz egina dago, bai, itsasgarririk erabili gabe. Diseinua, gehienbat, material birziklatuz osatuta dago: pieza osoa patata poltsa baten hari birziklatuarekin josi dut. Gonan eta soinekoaren goiko aldean, marinel sokaz —maroma— baliatu naiz, material erresistenteagoa da eta. Kortseari dagokionez, aluminiozko latak erabili ditut, kontu handiz moztuta, ertzak saihesteko. Horiek sardinak irudikatzen dituzte, Euskal Herriko gastronomiaren eta kulturaren ikurrak. Diseinuan aluminiozko arrainak ere badaude, nire eskolatik gertu bildutako kaleko zabor birziklatuetatik sortuak.
Diseinua aldatu egin duzu prozesuan aurrera egin ahala. Zer doikuntza nagusi egin zenituen diseinua hobetzeko?
Etengabeko aldaketak egon dira; batez ere, soinekoaren erosotasunari dagokionez. Maroma astuna da, eta, gainera, azkura ematen du. Arazo horri aurre egin behar izan diot, hobeto egokitzeko metodo berriak probatuz. Aluminioz egindako arrainek ere arazoren bat sortu zidaten. Gogoan dut Irlandako txapelketa nazionalean eszenatokira atera baino lehen laguntza eskatu behar izan nuela, baten bat erori zelako. Horregatik beti esaten dut soineko hau etengabe hobetuz doala.
Hasieratik zeneukan diseinua argi? Zertan inspiratu zara?
Diseinu honetarako inspirazioa oroitzapen pertsonalen, sormenaren eta itsasoarekiko lotura sakonaren nahasketatik sortu da. Hasieran ez nuen ikuspegi argirik; sormen prozesua izan da soinekoari forma eman diona. Jatorrian, gure herriko gastronomiaren koloreetan inspiratzea pentsatu nuen, oliba olioaren horia eta oliben berdea erabiliz. Hala ere, gutxinaka kontzeptuak diseinu organikoago baterantz eboluzionatu zuen. Bestalde, ez nituen material birziklatuak ezkutatu nahi, nabarmendu egin nahi nituen, eta elementu bakoitzari helburu argi eta agerikoa eman nion. Nire diseinuak istorio bat kontatzen du. Moda pieza bat izateaz gain, uste dut emozio eta mezu boteretsua transmititzen duela. Soinekoa itsasoari eginiko maitasun adierazpen bat da, baita hura babesteko deia ere.
«Soinekoa itsasoari eginiko maitasun adierazpen bat da, baita hura babesteko deia ere»
Moda jasangarrian duzun begiradak ingurumenari buruzko kontzientzia argia adierazten du. Zein da zure ikuspegia modak etorkizunean izango duen eginkizunari buruz?
Uste dut modak indar izugarria duela pertsonak konektatzeko. Sormenaren bidez, besteek entzun ditzaketen istorioak kontatu ahal ditugulako, eta, aldi berean, gai garrantzitsuen inguruan kontzientzia sortu. Prozesu honetan ikasi dut material arruntenek ere helburu sakonagoa eta esanguratsuagoa izan dezaketela.
Eszenaratzea gakoa da diseinu baten mezua transmititzeko. Nolako aurkezpena eta musika aukeratu dituzu asteleheneko finalerako?
Kepa Junkeraren musika eramango dut, aurrekoetan bezala; ohore handia da niretzat. Prozesuaren funtsezko zatia izan da, musikak, diseinuarekin batera, adierazi nahi dudanaren muina ere transmititzen duelako. Bok Espok lehen aldiz Irlandan entzuterakoan, jendearen erantzuna sekulakoa izan zen; askok ez zuten espero. Dantzatu eta txalotu egin zuten, eta oso hunkigarria izan zen. Musika honek, soinekoak bezala, sinbolismo handia dauka niretzat.
Itsasoa inspirazio iturri etengabea da zuretzat. Zer iritzi duzu itsasoaren eta ozeanoen gaur egungo egoeraz?
Ozeanoen egungo egoera benetan tristea dela iruditzen zait. Itsasoa ezinbestekoa da bizitzeko, ez guretzat bakarrik, baita haren mende dauden pertsonentzat ere; arrantzatik bizi direnentzat, adibidez. Komunitate horiek irudikatu nahi nituen nire jantzian, erakutsiz nola denok gauden uraren bidez konektatuta. Ura hil ala bizikoa da, eta horregatik inspiratu ninduen hainbeste nire diseinuan islatzeko.
«Niretzat garrantzitsuena zera da, nire konfort eremutik atera eta erronka honi ausardiaz aurre egin izana»
Erronka handia izango da finala. Zer itxaropen duzu ekitaldi honetarako, eta nola prestatu zara emozionalki horri aurre egiteko?
Oraindik ez dakigu non izango den finala. Erronka izango da soinekoarekin bidaiatzea, baina hori guztia proiektu honen emozioaren parte da. Dagoeneko bete dut parte hartzearen helburua. Ikasten eta hazten jarraitzen dut, eta moda jasangarriaren mundua esploratzen jarraitzea gustatuko litzaidake. Finalaz harago, niretzat garrantzitsuena zera da, nire konfort eremutik atera eta erronka honi ausardiaz aurre egin izana. Nire lanaren bidez hainbeste jenderekin konektatu izana ere oso hunkigarria izan da.