Maria Ortega Zubiate
Iritzia

Ze iruzurti eta ze iruzurtiondoko

2024ko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Jokalaria aulkian bezala egon izan naiz ni, inkontzienteki askotan, nire momentua noiz helduko zain. Partidua jokatzen hasteko zain: batetik, eserita eta kanpotik begira dagoenaren lasaitasunez, eskuak ez zikintzearen baretasunez; bestetik, joko zelaira irten eta goraino blaitzeko gogoz. Uler bedi joko zelaiaren metafora, gure gizarte honekin alderatuta: kontrako eztarriko edozein iritzik suak pitz ditzakeena; baina, era berean, indiferentzia zigortzaile batekin lur jota laga zaitzakeena.

Motzean, beti pentsatu izan dut zerbait izan nezakeela esateko: fakultatean komunikatzeko gogoak gidatu ninduen, eta, urteak pasatu ahala, iritzi ganorazkoren bat eman nezakeela ere sinisten hasi naiz. Nire esaldi ohiko bihurtu dira «honi buruz idatzi behar da» eta horrelakoak. Etxeko dutxan abesten duen abeslariaren gisa aritu izan naiz, lehen aldi honetan onartu nahiko nukeen baino sarriagotan, etxeko ispiluaren parean erretorika sofistetan barrena murgilduta. Baina. Beti dago baina bat.

Baina, proposamena jaso nuen momentuan bertan, buruko iritzi horiek guztiak isildu zitzaizkidan. «Zeri buruz idatziko dut nik, bada?» moduko esaldiek hartu zuten nire burua. Paper zuriaren parean jarri, eta batak zein besteak mutu begiratzen genion elkarri.

Egunak eman ditut nire berbarik zukutu ezin horri bueltak ematen, eta konturatu naiz niri iritzia eskatzeak berak eragin didala berau galtzea. Nire izenean berba batzuk plazaratzeak, ez jendea elkarrizketatzen duen kazetari legez, iritzi pertsonal legez baino, kristoren bertigoa eman dit. Eta pentsatzen hasi naiz, neure burua horretarako gaitzat banuen, hustasun honen zergatia zein ote den. Eta konturatu naiz zein den «zeri idatziko dut nik, bada?» horren arrazoia: iruzurti sentitzen naizela, hau niri ez dagokidala uste dudala. Iruzurtiaren sindromea ondo identifikatuta eta hartaz nahi beste idatzita dagoen garaiotan, ez zait asko kostatu ondorioztatzea bere orbitan nagoela ni ere.

Nire izenean berba batzuk plazaratzeak, ez jendea elkarrizketatzen duen kazetari legez, iritzi pertsonal legez baino, kristoren bertigoa eman dit.

Kabala horietan nengoela gomutara etorri zitzaidan duela ez horrenbeste bizi izandakoa. Ikasketa Feministak eta Generokoak masterreko ikasleok afaria egin genuen, eta afalosteko parrandan geundela, han non joan zitzaien ikaskide bat, gizona, bospasei emakumeri: guztiak mugimendu feministako kideak. Han aritu zitzaien berbaz, ordu laurdenez gutxienez, isildu ere egin barik. Ez nuen sorpresa txikia hartu kontatu zidatenean botatako sermoia feminismoaz zela, berau azaltzera joan zitzaiela.

Morroi hark, bere azal lodi eta guzti, mansplaning hori egin eta lotsarik sentitu ez bazuen, uste dut nik, neuretik eta besteen kontuetan sartu barik, egin dezakedala zerbait duina. Edo hori diotsot neure buruari, lasaitze aldera. Beraz, luzaketak egiten hasiko naiz, aulkia laga eta zelai jokora irtetear dagoen jokalari hasiberri eta kakatia baino ez naiz eta. Ea ez naizen larregi basatzen. Edo bai, eta horri ere beldurra galtzen diodan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.