Esango nuke ez garela bizibide ohikotik igarotakoak, ez ditugula heziketa eta bizitzeko era konbentzionalak izan. Izan ere, familien arteko komunitate batean hazi gara, zeinaren zutabeak elkarbanatzea eta norbere barne-hazkuntza izan diren. Amalurra izena du eta Artzentalesen dago, Enkarterri sakonean. Irene izeneko emakume batek kontzientzia-lanaren bueltan sortutako taldearen parte ziren gure gurasoak, eta taldearen taupada bateratuen ondorio izan zen elkarrekin bizitzera joatea, balio ezberdin batzuen baitan. Ni jaioberria nintzen proiektuaren hasiera hartan, eta, imajinatuko duzuenez, harrezkero urteak igaro dira. Eta urteotan normalizatuak genituen edo berez jaso ditugun gauza asko egungo gizartean ezohikoak direla esango nuke. Zenbait gairi beste begi batzuekin begiratzea ahalbidetu dit komunitatetik kanpoko bizitzak.
Naturarekin dugun harremanean, esaterako; iruditzen zait egun harekiko dugun urruntasuna azpimarragarria dela, eta, teknologiaren garapen bizia bizitzen ari garen honetan, ahaztu egiten zaigula bizitzeko ezinbestekoak diren baliabideak lurretik datozela. Badirudi planetaren jabe izan nahian gabiltzala, haren garapen naturala kontrolatu nahian. Berdeguneak eta inguratzen gaituzten milaka izaki bizidunen erritmoari ez ikusia egin, eta produktibitate neurotikoaren konpasean korrika ibiltzen gara batetik bestera, gure mugimendu oro guk erabakitzen dugula sinistuta.
Sentitzen dut zortedun izan garela, beste errealitate bat ezagutu dugulako, non, besteak beste, txikitatik transmititu zaigun naturarekiko begirada
Emozioen kudeaketaren harira, iruditzen zait zaila dela aurkitzea norbere sentimenduen adierazpen gardena gauzatzea errazten duten guneak eta ditugun harremanak gardentasun horretan oinarritzea. Daukagun hezkuntza sistemarentzat, garrantzitsua dirudi aljebra dominatzeak edota filosofo handien jaiotza eguna zehazki gogoratzeak, baina gero ez dio axola norberak ez baldin badaki une jakin batean sentitzen duen amorrua kudeatzen, edo egoera zail baten aurrean izoztua uzten duen beldurra maneiatzen. Gainera, barruan mugitzen zaizkigun olatuei entzungor egitera gonbidatzen gaitu daramagun erritmo zoroak, eta ur horien jatorriak gordetzen duen informazioa galtzen dugu, horrek dakarren berreraikitzearekin batera.
Bestetik, uste dut herrietan edo hirietako bizitzan egun ez dela ohikoa adin ezberdineko jendearekin elkartzea; alegia, gure belaunaldi bueltako jendearekin nahasten gara oro har, bai ikasteko, bai aisialdirako. Era horretan, mundura gure aurretik etorri direnek ikasitakoek eta bizitakoek ez gaituzte elikatzen, ezta gazteagoek dakarten bizi grinak ere.
Eta ez naiz adierazten ari bizitzeko modu perfekturik badela, edota proiektu bateratuak dituzten komunitateetan beste testuinguruetan baino hobeto bizitzen dela (gauza guztiek bezala, bere erraztasun eta zailtasunak ditu bizimodu horrek ere; alde gozoak eta gaziak). Gure ibilbideaz ari naiz: zer sentsazio ditudan egungo gizartean eta Amalurran jasotako balioen arteko ezberdintasunei erreparatzean. Horregatik sentitzen dut zortedun izan garela, beste errealitate bat ezagutu dugulako, non, besteak beste, txikitatik transmititu zaigun naturarekiko begirada, emozioen kudeaketa jasangarri batek duen garrantzia eta duguna ondokoarekin elkarbanatzeak pizten duen sua.