Aste honetan ariketa baten arin eta ondo, txoriak hegan esaera zaharra agertu zaigu. Ikasleek ez zuten ezagutzen, nahiz eta ia guztiak D ereduan ikasitakoak izan. Ez dakit zertan dihardugun hizkuntzari dagokionez, baina txarto gabiltza, oso txarto. Transmititzen ari garen hizkuntzak ez dauka arimarik, ez gatzik, ez berakatzik, gustu bako zopa mehe eta geza da, alimentu gutxikoa.
Gaiak ematen du hurrengo baten artikulu bat ―edo sorta bat― idazteko lain. Kontua da atsotitz hori ezagutarazteaz gain, erabiltzeko aukera ere izan nuela klase horretan bertan. Bazirudien lehiaketa baten zeudela sartuta ikasleak ea nork bizkorrago egingo ariketak. 1 Formulako lasterketa baten baleude moduan, koadrodun bandera zuri-beltza nork ikusiko lehenago. Arin eta ondo, txoriak hegan bota nien, baita antzekoa den lan lasterra, lan alferra, ariketok hala moduz eginda zeuden eta.
Helburua lehenbailehen amaitzea zuten, zelan ez zuen inporta. Hutsunea betetzea, galderari erantzutea... horrek baino ez du axola. Egindakoa hausnartu barik. Jo eta paso. Horrela, klaseko lanak janari lasterra bihurtzen dira, denok ikasteko slow, astiro, soseguz beharko genukeenean. Alferrik egindako betelanak, denbora emateko entretenimendua.
Ikasle koitaduak jarri ditut adibide, gazteak direlako, eta oraindik euren ofizioa ikastea delako. Baina dena egiteko anbizioa dugunez, azkar jardutearena muineraino dugu sartuta pertsona gehienok. Aprobetxa ezazu denbora da gizarte honetako lelo nagusia. Egin, eta eginkizunen zerrendan amaitutako hori marra batez urratu. Berdin da nola egin den, zeregin bat gutxiago dago, eta kitto.
Bizitzaren aurka gabiltza, ahaztuta bizitzaren kontra hamaikatxo faktorek ere egiten duela guk ezer erantsi barik
Antsietateak bizi gaitu, eta gero eta gehiago igartzen da alde guztietan. Estuasun horrek, ostera, ez digu lagatzen tarterik benetan atsegina eragiten diguna egiteko, maite eta estimatzen dugu jendearekin egoteko. Aprobetxa ezazu denbora lelo ustela da, disfrutatu denbora izan beharko litzateke denon goiburua. Disfrutatu gauza txikiekin, errutinazko kontuekin. Ariketa egiten bada ere, ikastearen plazera sentitu, ondo egindakoaren gustuaz gozatu... Horrek ere atsegina eman liezaguke eta. Ez, Leire, ahalera eta hipotetikoan ez: horrek ere atsegina ematen digu eta.
Bestela, zer da bizitza? Amorrazioz amorrazio bizi dugun tartea? Etsipenez eta gogo txarrez betetako astia? Asperduraz eta alferrez jositako uneak? Hori ere bada, jakina. Baina aitatutako horietan guztiorietan ez dago atseginik, eta desarmatu egiten gaituzte, eguneroko gerrari aurre egiteko. Barreek, une txiki gozoek eta plazertxoek munizioa ematen digute errutinaren alderdirik gogorren kontra borrokatzeko, minik hartu barik, eta gozatuta, gainera.
Baina dena arrapaladan egin behar izate horrek, antsietate horrek, ez digu uzten patxada hartzen, lana geldiro egiten, egiten dugunari gustua hartzen, eta disfrutatzen. Agudo aritu behar izateak ospitaleetako larrialdietakoak bagina lez bizitza lapurtzen eta laburtzen digu.
Bizitzaren aurka gabiltza, ahaztuta bizitzaren kontra hamaikatxo faktorek ere egiten duela guk ezer erantsi barik. Gura ez dela ere, nahikoa desgrazia badago-eta bazterretan.
Betebeharrak patxadaz egitea baino ez dut eskatzen, estresa eta itomena bazterrean lagata, presa ez delako ezertan lagungarri, txoria izan ezean, behintzat.