Kalean ez ezik —berriki Hernanin ikusi bezala—, sare sozialetan ere arrazakeria dago, eta, hala, SOS Arrazakeriak eta Donostiako Herritarren Harrera Sareak salaketa jarria dute sareetako mezu horien aurka. Izan ere, Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriako abokatuak esan du antzeman dutela gatazka arrazista asko sare sozialetatik abiatzen direla. Garazi Montuschi Harrera Sareko kideak dio orain bi urte hasi zirela bereziki gaiaz arduratzen, eta sare sozialen bitartez jendeak lotsa galdu duela.
Ikusi gehiago
Iazko udatik dute salaketa jarria bi eragile antirrazistek, ikusita sare sozialetan mezu arrazistez gain, migranteen aurkako mehatxu zuzenak zabaltzen ari zirela; hala migranteak jipoitzeko, nola hiltzeko mehatxuak. Mazkiaranek dio sare sozialek egun arrazakeriaren auzian funtsezko rola jokatzen dutela, eta, batik bat, gazte magrebtarren aurkakoak direla zabaldutako irainak: «Askotan, sare sozialetatik sortutako mezuek erasoak probokatzen dituzte, eta, beste batzuetan, sare sozialak erasoa gertatu ondoren diskurtso arrazista hedatzeko erabiltzen dira».
Beraz, sareetako informazioa bildu eta Ertzaintzan salaketa jarri zuten, baina Mazkiaranek kontatu du oraingoz ez dela eraginkorra izan: «Salaketa jartzean esan ziguten Ertzaintza sareetako mezuak ikertzen ari zela, baina sei hilabetera jakin genuen ez zuela ezertxo ere egin». Ertzaintza Telegram aplikazioko IP helbideak lortu nahian aritu da, eta gorroto delituen fiskalak hartu du auzia bere gain. Hilabeteak pasatu ahala, SOS Arrazakeriak eta Harrera Sareak dokumentu gehiago erantsi dizkiote salaketari, sareetako mezu arrazistek ez baitute etenik, haien esanetan.
Arrazakeriaren inpunitatea
San Joan jaietan lehertu egin zen egoera Hernanin, baina Montuschi Harrera Sareko kideak argitu du orain hilabete batzuk Pasaiako Trintxerpen ere antzeko egoera bat izan zutela, eta, gainera, Donostian kalean bizi diren batzuen etxolak suntsitu edo erre izan dituztela. «Gizartearen egoera aldatzen ari da, eta larria da. Arrazakeria agerikoa bilakatu da baita erasorik gogorrenak gertatzen ez diren kasuetan ere». Hala, arrazakeria duela bi urtetik hona areagotzen ari dela baieztatu dute bi kideek, eta Montuschik Poliziaren inpunitatea salatu du: «Ez dute mugarik, ez jendeak, ezta Poliziak ere. Gainera, harrigarria da, herri euskaldunaren historia kontuan izanda, zer zilegitasun ematen zaion Poliziari magrebtarren aurka egiteko garaian».
«Harrigarria da zer zilegitasun ematen zaion Poliziari magrebtarren aurka egiteko garaian»GARAZI MONTUSCHIHarrera Sareko kidea
Montuschik gehitu du gizarte eragileetako boluntarioei ere jazarri izan dietela. «Begira gelditzen zaizkigu, komentarioak egiten dizkigute eta oihuka iraindu izan gaituzte». Bi elkarteetako kideek kontatu dute sare sozialetan migranteen eta boluntarioen argazkiak, izen-abizenak eta informazio konfidentziala zabaldu izan dutela.
Azken hilabeteetan inguruko auzoetako bizilagunak mobilizatu egin dira segurtasuna eskatzeko. Zenbait etxegabek lokalak edo abandonatutako etxeak okupatu izan dituzte —Donostiako Martutenen, kasurako—, eta SOS Arrazakeria elkarteko abokatu Mazkiaranek aipatu du horrek, adibidez, segurtasun faltaren sentsazioa piztu ohi duela. «Lokal bat okupatzen dute, lapurreten zurrumurrua hedatzen da auzoan eta giroa nahastu. Baina azkenaldian beste fenomeno bat sumatu dugu: migranteen aurkako mobilizazioak antolatzen ari dira». Hala, Mazkiaranek azpimarratu du bereizi egin behar direla auzotarren beldurrak eta ideologia arrazista indartu nahi dutenen asmoak: «Pankartan azaldu ohi diren leloak ez dira zuzenean mezu arrazistak; horren gainean eraikitzen den diskurtsoa da arriskutsua. Talde politiko batzuek auzokideen kezka baliatzen dute migranteen aurkako mezu ideologiko jakin batzuk zabaltzeko».
«Talde politiko batzuek auzokideen kezka baliatzen dute migranteen aurkako mezu ideologiko jakin batzuk zabaltzeko»
MIKEL MAZKIARANSOS Arrazakeriako abokatua
Etorkizunari dagokionez, kezka adierazi dute Harrera Sareko eta SOS Arrazakeriako kideek, eta instituzioen pasibotasuna deitoratu dute. Garazi Montuschik ohartarazi du Donostiako Udalak ez duela migranteen aurka jazotako eraso bakar bat ere salatu, eta Mikel Mazkiaranek esan du garrantzitsua dela auzia ganoraz hartzea, eta inportantea dela ikerketa gehiago egitea ere, «arrazakeriaren aurka egiteko tresna gehiago eskuratzeko». Montuschik adierazi du lehen egitekoa elkarren berri izatea dela, elika ez dadin ezezaguna denak sor dezakeen mesfidantza: «Elkar ezagutzeko aukerak topatu behar dira, ezjakintasun handia dago eta. Migranteak gure bizilagunak dira, baina ez diegu aurpegira begiratu ere egiten, ez dakigu ezer haiei buruz. Elkarren artean harremanak izatean hausten dira aurreiritziak eta beldurrak».