Baserria da Euskal Herriko ikur adierazgarrienetako bat; ez soilik landaguneen sinbolo gisa, baita euskal kulturaren, hizkuntzaren eta bizimodu tradizionalaren adierazle nagusi gisa ere. Mendeetan transmititu izan den bizimodu bati eutsita, baserriak funtsezko lekua du gaur egun ere euskal nortasun kolektiboan. Hain zuzen, euskal ondare hori ardatz hartuta, Euskadiko Arkitektura Institutuak Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain erakusketa ondu du, eta irailaren 14ra bitartean egongo da ikusgai Donostian, Arkitektura Institutuaren egoitzan. Ibon Telleria Julian eta Jon Arkaraz Puntonet Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasleak dira bildumaren komisarioak. Esposizioaren ardatza euskal landa ingurunean eraikitako ondarea da, eta, bereziki, dolare baserrien bilakaera du aztergai. Bi ikerlariek esan dute Goierri izan dela Gipuzkoako eskualde «emankorrena», eta bertan aurkitu dutela informazio gehien. «Kostaldean ere badira aztarnak, baina Tolosaldetik hegoalderako esparruan topatu dugu informazio esanguratsuena».
Telleriaren eta Arkarazen hitzetan, baserria «mendeetan inguruko beharrak eta testuinguru sozialak kontuan hartuta egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura mota bat» da. Ikerlariek esan dute erakusketan baserria «unitate konstruktibo» moduan ulertzen dela, eta gisa horretako eraikuntzen historia eta aldaketa prozesuak jorratu dituztela, daukaten «garrantzi kulturala, ekonomikoa eta soziala» azpimarratuta.

Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain erakusketa atalka banatuta dago. Lehenengoan, Arkeolan fundazioak dendrokronologiarekin —zuhaitzetan oinarritutako datazio teknika— egindako ikerketen emaitzak jarri dituzte ikusgai. Josue Susperregi Arkeolaneko dendrokronologia laborategiko zuzendariak egin ditu ikerketak, eta hala jakin dute Gipuzkoako baserririk zaharrenak XV. mendearen hasierakoak direla.
Horien artean da Olaberriko Bengoetxe Txiki baserria, Gipuzkoan zutik irauten dutenen artetik zaharrena. Ikerlariek dendrokronologia teknika erabilita jakin dute 1401. urtean eraiki zutela. 1970eko hamarkadan, Bengoetxe Txikiren jatorrizko eraikinaren erdia bota egin zuten, eta hormigoizko beste eraikin bat egin zuten alboan. Gaur egun, txakolina ekoizten dute han.
Baserrien sare oparoa
Erakusketako komisarioen arabera, «garrantzitsua» da orain sei mende inguru sortzen hasi ziren «baserri sareak» oraindik ere hor irautea. Hala ere, esan dute sare horretako baserri asko ez direla erabiltzen gaur egun, eta, beraz, asko hutsik daudela. Horren arrazoi nagusitzat jotzen dute azpiegitura eta komunikazio bide nagusien garapena «beste leku batzuetara» mugitu izana; batez ere, bailara azpietara. Hori dela eta, malda erdian kokatutako baserri sare hori «bakartuta» geratu da. «Inguru hustu horiek ez daude elkarrengandik urrun, baina neurri batean deskonektatuta daude, bai garraio publikotik, baita bide nagusietatik ere».
Bi ikerlariek arreta berezia jarri dute baserri sarearen egoeran, uste baitute «oso baliotsua» dela ondare aldetik.
aldaketak XVII. mendean
Nahiz eta jakin duten Olaberriko Bengoetxe Txiki dela Gipuzkoan dagoen baserri zaharrena, Ibon Telleria ikerlariak adierazi du beste baserri batzuetan XIV. mendeko pieza solte batzuk aurkitu dituztela; Antzuolako Besagasti baserrian, adibidez. Gisa horretako baserriak «eskala produktibodunak» ziren, hau da, etxebizitza gisa baino gehiago, produkziorako erabiltzen ziren. XVII. mendetik aurrera, ordea, halako baserriak «domestikatzen» hasi ziren, eta, erabilera produktiboari eutsi bazioten ere, etxebizitza funtzioak indar handiagoa hartu zuen.