Izendatu dituzte lehen sektorean jarduteko diru laguntzak jasoko dituzten hemeretzi gazte gipuzkoarrak. Eusko Jaurlaritzak —Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako foru aldundiekin batera— 2005etik du martxan nekazari gazteentzako GazteNek programa. 18 eta 40 urte bitartekoentzat da, eta partaideek laguntza ekonomikoa eta aholkularitza jaso ahal izango dituzte bost urtez. Programaren onuradun dira, besteak beste, Urtzi Lazkano, Ane Aranburu, Aitor Urdangarin eta Beñat Eizagirre, eta askotariko proiektuak aurkeztu dituzte. Teknologia berritzaileei eusteko asmoa agertu dute laurek.
«Aitaren eta aitonaren garaiko mahasgintza zaharkituta gelditu da»

Urtzi Lazkano Gaintza txakolindegian (Getaria) diharduen laugarren belaunaldia da. Hemezortzi urte daramatza han lanean, baina esan du bizitza osoa pasatu duela mahasti artean. Orain, gurasoak erretiratuta, anaiarekin batera hartu du familia enpresaren gidaritza. Anaia batik bat bulego lanetan aritzen da, eta Urtzi Lazkano, berriz, mahasgintzan eta txakolina ekoizten. Ziurtatu du zuzendaritzan gazteak izanik ideia berriak txertatu direla enpresan.
Txakolingintza ezagun badu ere, Lazkanok berritu egingo du txakolina egiteko modua. «Aitaren eta aitonaren garaiko mahasgintza zaharkituta gelditu da». Hala, GazteNek programaren bitartez, egungo teknologia berrien inguruko aholkularitza jaso ahalko du, hala belarra mozteko makinei buruz nola landareak osasuntsu egoteko produktuei buruz. «Tratamendu kimikoak baztertu nahi ditugu, makina berriak ekarri, eta mahasti eraginkorrak sortu». Hala, jakinarazi du inbertsio handiena makineria berrian egingo dutela: «Eskulan pixka bat kentzeko eta lana mekanizatzeko asmoa daukagu».
«Tratamendu kimikoak baztertu nahi ditugu, makina berriak ekarri, eta mahasti eraginkorrak sortu»
Dena den, metodologia berriak erabiltzeko nahia mesfidantzaz hartu dute lazkanotar beteranoenek. «Gure gurasoek beti erabili dute sistema bera; azken batean, funtzionatu duen sistemari heldu diote. Orain, beraz, normala da ezezaguna eta desberdina den horren beldur izatea», esan du Urtzi Lazkanok. Halere, baieztatu du aurreko belaunaldia «poztu» egingo dela sistemaren emaitzak ikusten dituenean.
«Naturaren araberako oreka lortu nahi dugu»

Orain 11 urte, Ane Aranburuk abeltzaintza proiektu bat abiatu zuen bikotekidearekin, Zestoako Aizarna auzoan. Bikotekideak orduan eman zuen izena GazteNek programan, proiektu hasiberriari bultzada emateko. Hala, oiloekin hasi, eta arrautza ekologikoak saltzen aritu dira geroztik; hortik sortu zen Ertxin Eko. Dena den, orain arte Aranburuk oilategian ez ezik, etxetik kanpo ere egin du lan, eta kanpoko lana uzteko «trantsizio fasean» dago. Hala, GazteNek programan eman du izena, negozioa «indartu eta eraldatzeko».
Arrautzen merkatua egonkortuta, bikoteak produkzioa dibertsifikatzeko hautua egin zuen duela urte batzuk. «Arrautzekin batera beste zerbait eskaini nahi genuen. Horretarako, lursail batzuk eskuratu, eta inguruko teknikariei aholkularitza eskatu genien», esan du Aranburuk, eta aitortu du Biolur elkarteak asko lagundu diela prozesu horretan. Hala, fruitu txikiak ekoiztea erabaki zuten; oraingoz, ahabiak, eta, aurrerantzean, mugurdiak ere bai. Lurra lantzen dabiltza orain, eta aurreikusi dute fruituak hiru urte barru jasoko dituztela. Aranburuk ziurtatu du arrautzen gisara fruituak ere ekologikoak izango direla.
«GazteNek programak inbertsioa egiten laguntzen du. Halere, zeure gain hartzen duzu inbertsioa egiteak dakarren arriskua»
Gainera, mendiko behorrak eta ahuntzak ere badituzte, eta, Aranburuk esan duenez, GazteNek programari esker inbertsioa egin ahal izan dute: handitu egin dute behorren taldea, eta lepoko birtualak jarri dizkiete ahuntzei. «GazteNek programak, hein batean, inbertsioa egiten laguntzen du. Halere, zeure gain hartzen duzu inbertsioa egiteak dakarren arriskua», aitortu du Aranburuk. Bikoteak nekazaritza birsortzailean oinarritu nahi du bere jarduera, abereen ongizatea bermatzeko eta naturaren orekari eusteko: «Ditugun lursailetan, naturaren araberako oreka lortu nahi dugu, animalien laguntzarekin».
«Baserria ezinbestekoa da ekologismoarentzat»

Aitor Urdangarin enpresa batean zebilen lanean orain bi urte arte, baina lana utzi zuen nekazaritza proiektu bat abiatzeko. Baratzearekin hasi zen, eta, duela gutxi, haragitarako oilaskoak gehitu dizkio ekoizpenari. Dena dela, esan du proiektua handitzea eta dibertsifikatzea dela helburua eta horregatik eman zuela izena GazteNek programan. Urdangarin Saltsamendi baserrian jaioa da, nahiz eta familiak ez zuen bertan lan egiten. Hala, gazteak baserrian bizitzeko asmorik ez bazuen ere, klima aldaketaren eta trantsizio ekologikoaren inguruko kezkek hara itzularazi dute. «Ohartu nintzen baserria ezinbestekoa dela ekologismoaren erronkei erantzuteko», adierazi du Urdangarinek.
Aurrera begira, asmo ugari ditu; basafruituak, fruitu lehorrak eta abereak izan nahi ditu. Urdangarin nekazaritza birsortzailean oinarritzen da. «Zenbat eta lur biziagoak izan, orduan eta ekoizpen handiagoa jasoko dugu, eta, gainera, modu ekologikoan eta errentagarrian». Hortaz, beasaindarrak baratzeko lurra ez du mekanikoki txikitzen eta haren oilaskoak larrean mugitzen dira, txabola gurpildun bati esker. Hala, esan du fruta arbolak landatu ondoren oilaskoen bidez kudeatu ahal izango dituela plagak, ongarriketa eta belarraren kontrola.
«Zenbat eta lur biziagoak izan, orduan eta ekoizpen handiagoa jasoko dugu, eta, gainera, modu ekologikoan eta errentagarrian»
Urdangarinek uste du erronka nagusia «salmenta duinak» bermatzea dela. Horretarako bi bide zehaztu ditu: lehenengoa, ekoizleen arteko elkarlana sustatzea eta jantoki kolektiboak bertako jakiekin hornitzea, bai ikastetxeetakoak, bai zahar etxeetakoak, baita ospitaleetakoak ere; bestetik, esan du bigarren bidea instituzio publikoen esku hartzea dela. «Ekoizleen arteko koordinazioa bermatzeko, instituzio publikoek hartu beharko dute lidergoa».
«Osabak ez zuen uste sekula halakorik ikusiko zuenik»

Beñat Eizagirre Xarrondo Behekoa baserrian handitu da. Esnekiak egiten dituzte, eta haurra zenetik aritu da aitari eta osabari baserriko lanetan laguntzen, anaiarekin batera. Orain sei urte, osabak erretiroa hartu ondoren, Beñaten anaiak hartu zuen baserrian esnekiak egiteko ardura. Eizagirrek eta aitak etxetik kanpo ere lan egiten zuten, baina gazteak iaz erabaki zuen anaiarekin eskuz esku aritzea. «Lan handia eskatzen du nork bere produktuak ekoizteak, eta, horregatik, anaiari laguntzea erabaki nuen».GazteNek programan izena eman, eta baserriko lanari eutsi dio gazteak.
«Lan handia eskatzen du nork bere produktuak ekoizteak, eta anaiari laguntzea erabaki nuen»
Bien arteko proiektuari segika, ukuilu handiago bat egitea erabaki zuten, animalia gehiago edukitzeko. Hala, ekoitzitakoaren parte bat Kaiku kooperatibara bidaltzen dute, eta beste bat eurek eraldatzen dute. Eizagirrek esan duenez, datozen urteetako helburua da ekoizpena handitzea, «soldata duinak» izan ditzaten. Produktu berriei dagokienez, gazteak esan du urtez urte saiatzen direla gauza berriak probatzen eta eskaintzen, eta aurten beste jogurt zapore bat atera dutela. Dena den, Eizagirrek dio dagoenari eutsi nahi diotela, oraingoz: «Salmenten arabera ekoizten dugu, eta daukaguna ondo saltzen da».
Eizagirrek kontatu du osabak ezustea hartu zuela ilobak baserrian lan egitea erabaki zuenean: «Osabarentzat pozgarria izan da gu lanean ikustea, baita txertatu ditugun teknologia berritzaileen berri izatea ere. Hark ez zuen uste sekula halakorik ikusiko zuenik».