Pilotaria eta Ados enpresako zuzendaria

Maite Ruiz de Larramendi: «Behar dugun lekuan egongo bagina, pilotatik biziko ginateke»

«Dena». Horixe da Maite Ruiz de Larramendirentzat pilota. 50 urte bete ditu aurten, eta jokatzen jarraitzen du. Ados enpresako zuzendari ere bada, eta pilotarien baldintzak hobetzea du helburu.

Maite Ruiz de Larramendi
Kerman Garralda Zubimendi.
2023ko azaroaren 20a
05:00
Entzun

Beasainen jaio zen Maite Ruiz de Larramendi Mujika pilotaria, 1973an. Hiru urte bete zituenean, Eulatera (Nafarroa) joan zen bizitzera. Pilotarekin jolasten zen ordurako. Haren aitak kontatu ohi du «ikaragarria" zela alabarena; oinez edo hitz egiten hasi baino lehenago hasi baitzen pilotarekin jolasten».

Zein da pilotarekin duzun lehen oroitzapena?

Gogoratzen dut neure burua etxeko sukaldean jolasean. Sekulako frontoia zen hura niretzat. Beasaingo baserrian ere, lastategian, makina bat ordu sartutakoa naiz. Horiek izan ziren nire lehen frontoiak.

Beldurrik izan zenuen federatu eta jokatzen hasteko?

Niretzako pilota dena zen. 8 urterekin atera nuen jokatzeko lizentzia, Lizarrako [Nafarroa] San Miguel klubean eta Eulateko Ameskoasen. Haiekin entrenatzen nuen, eta beste bat nintzen. Inork ez zidan galdetu neska edo mutila naizen.

Ez zenuen arazorik izan?

Gertatu izan zait norbaiten bikotekide jarri, eta hura kexatzea, ez zuelako emakume batekin jokatu nahi. Baina beroketara irten eta pilotari ematen nionean, hara!, orduan bai. Hasieran ez nuen arazorik izan, eta gaur egun GRABNI txapelketa dena ere jokatu nuen, Ruben Belokirekin, eta gerora ibilbide profesionala egiteko aukera izan zuten hainbatekin. Baina niri hegoak moztu zizkidaten 14 urterekin: eskuak izorratuko nituela esaten zidaten. Gizonezkoei ez omen zaizkie izorratzen! Jende bat hasi zen nire gurasoei burua jaten, pilotaren ordez beste zerbait egin behar nuela esanez, nire eskuez arduratuko balira bezala. Kontua zen neska naizela.

Jarraitu nahi zenuen?

Beti esan dut pare bat urte besterik ez nuela iraungo, agian. Baina nik erabaki nahi nuen, gizonezkoek libreki aukeratzen duten bezala. Zergatik erabaki zuten gainontzekoek nik pilota utzi behar nuela? Zergatik baldintzatu zituzten nire gurasoak?

Erabat utzi zenuen?

Bai. Akordeoia jotzen ikasi nuen.

Palan jokatzen hasi zinen gero.

Hori 18 urterekin izan zen. Emakumeek jokatzeko genuen aukera bakarra zen, eta heldu egin nion. Erradiologia ikasten hasi nintzen gero. Nire ametsa albaitari izatea zen, animaliak asko gustatzen zaizkidalako. Baina oso etxekoa naiz, eta ez nuen kanpora joan nahi ikastera. Lagunek medikuntza ikasketak egingo zituztela esan zidaten, Lizarran, eta ni ere animatu nintzen. Gehien gustatu zitzaidan alorra erradiografia izan zen, eta horretan espezializatu nintzen.

Animaliak eta etxea gustuko izanda, zergatik ez gurasoen baserriari jarraipena eman?

Jarraituko nuke, baina gurasoek ikastera animatu ninduten. Patxi eta Monika anai-arrebek eman diote jarraipena baserriari. Aukera dudan guztietan, gustura joaten naiz laguntzera.

Pilotari lotuta jarraitzen duzu egun. Zer dauka pilotak bestelako kirolek ez dutena?

Oso kirol sanoa dela iruditzen zait. Noski, badago lehia, beti nahi duzu aurkaria gailendu, baina aldi berean badu beste kirolek ez duten noblezia bat. Saskibaloian ere aritu nintzen. Altua ikusten ninduten, eta probatu behar nuela esaten zidaten behin eta berriz. Ez zitzaidan gustatu. Eskubaloian ere eman nuen izena, eta gehiago gustatu zitzaidan. Futbolean ere aritu nintzen, tenisean jokatzeko eskaintzak ere izan ditut, helduagotan eskia probatu dut, mendia... Baina odolean daramadana pilota da.

Ingurukoek baztertu eta gero ere ez zenion gorrotorik hartu pilotari?

Gorrotoa baino gehiago, amorrua eman zidan beste batzuek niregatik erabaki izanak.

Gogotsu heldu zenion bigarren aldiari?

Zoroen pare! Iruñean ari nintzen ikasten, eta Adon Larrion entrenatzaileak eta Susana Muneta pilotariak deitu zidatenean, zerua ikusi nuen.

Zer esan zizuten ingurukoek?

Nire amak ikusten zuen sufritu egiten nuela jokatu gabe, eta animatu egin ninduen. Baina kezka ere bazuten gurasoek: gogoan dut esan niela munduko txapelketa jokatzeko aukera nuela eta esan zidatela ilusiorik ez egiteko, berriz ere muturrekoa hartuko nuela eta gaizki pasatuko nuela. Baina ezetz, oraingoan dena ondo joango zela esan nien, eta hala izan zen.

Munduko Txapelketara joan, eta domina irabazi zenuen. Denera, munduko zortzi domina eskuratu dituzu modalitate ezberdinetan. Txapelak ere badituzu. Baduzu estimu berezia diozun garaipenik?

Garaipen bakoitza da berezia: Eulateko herriko txapelketan 9 urterekin irabazitako kopa txiki bat ondo gordeta daukat, niretzat sekulakoa izan zelako. Bertatik ura edan nuela ere gogoratzen naiz, xanpaina izango balitz bezala. 1992an, pilotara itzuli nintzen urtean, irabazitako txapela ere berezia izan zen. Munduko lehen txapelketa izan zen. 2010eko munduko txapelketa ere izugarria izan zen, oso-oso batuta geundelako pilotari denak; esku huska irabazi nuen lehen txapela. Ados pilotarekin irabazitakoak ere bereziak izan ziren. Ezingo nuke bat aukeratu.

Zer-nolako esanahia dute?

Egindako esfortzu guztiaren ordaina da, baina iruditzen zait ez dagoela behar bezala baloratuta. «Munduko txapelduna». Azkar esaten da, baina niri asko kostatu zait lortzea. Ikasketekin eta lanarekin uztartu behar izan dut, oporrik gabe, entrenamenduak eta prestaketa fisikoa nire kabuz diseinatuta, ezordutan, gastuak norberaren kontura...

Merezi du esfortzuak?

Bai, erabat. Ez nuke aldatuko. Beste nolabait izan zitekeela? Bai. Gaur egungo neska batek ez lukeela horrelakorik egingo? Hori ere bai. Baina jende asko ezagutu dut, toki ezberdinak bisitatu ditut, etxekoek emandakoez gain beste hainbat balio barneratu ditut...

Sekula pentsatu duzu zure ibilbidea nolakoa izango zen gaur egungo baliabideak izan bazenitu hasiberria zinenean?

Asko gustatuko litzaidake, txikia nintzenean eta esku huska jokatzen hasi nintzenean, profesionala izateko aukera emango zidan klub bat egotea. Edo nire erreferenteak izatea Iera [Agirre], Eneritz Arrieta, Oihana Orbegozo... Asko gustatuko litzaidake hasiberria nintzenean jakitea badirela emakume pilotariak eta ni ere egun batean haiek bezalakoa izango nintzela. Denok egon behar dugun lekuan egongo bagina, pilotatik biziko ginateke. 

Maite Ruiz de Larramendi
Jokalari eta entrenatzaile. Maite Ruiz de Larramendik gidatzen ditu Ados enpresaren pilota eskolak. Irudian, Ruiz de Larramendi bera, Zeraingo pilota eskolako haurrekin, orain dela hilabete, herriko Geuria pilotalekuan.
Izan dira aurrerapausoak haurra zinenetik?

Bai. Hala ere, interes asko daude sakabanatuta, batzuk ilunak dira, eta emakumeon kontura aberastu nahi duenik ere badago. Tristea da hori. Baina guk hemen jarraituko dugu, gure ideiekin, eta aurrera egingo dugu urratsez urrats, kosta ahala kosta.

Ados enpresak pilotatik bizitzeko aukera eman dizu?

Nafarroako Ospitalean nuen lana utzi nuen 22 urtean aritu eta gero. Unea zela uste dut. Guri ez zitzaigun batere garrantzirik ematen eta 2021ean erabaki genuen Ados pilota enpresa sortzea, emakumeari merezi duena emateko.

Bertigorik sentitu zenuen lana utzi zenuenean?

Bai. Baina, egia esan, Ados ez genuen sortu beroaldi batean; Euskal Herriko emakume pilotari guztiekin hitz egin genuen. Nik ematen dut aurpegia, baina atzean denon lana dago.

Adosek ez ditu emakume pilotari guztiak batzen, dena den.

Bakoitzak jakingo du zergatik joan den. Norberak ikusi behar du zeri ematen dion garrantzia. Nik argi daukat zeri eman: kolektiboari. Pilotarien alde egin dut apustu, etorkizuneko pilotariek guk izan ez genituen aukerak eduki ditzaten. Bidea ireki beharra zegoen, eta Iera Agirrek, nik eta gainerako pilotariok egin dugu.

EITBk babesten du emakumezkoen pilota?

Telebistak Emakume Master Cupen alde egiten du. Esaten dute emakumeen pilota promozionatzeko txapelketak direla, baina, nire ustez, bertan dauden pilotariak ez dira promoziokoak, elitea baizik. Pilotari horiek adar profesionalean egon beharko lirateke, eta promozioa hasiberriei utzi. Emakume Master Cup txapelketan bost partida jokatzen ditu garaileak. Negargarria dela iruditzen zait urte guztian entrenatzea bost partida jokatzeko. Zergatik mugatu behar gara Master Cup txapelketara? Emakumeen pilota sustatu nahi badute, ez dezatela oztopa egiten ari garen bidea. Kolektibo hitza erraz erabiltzen dugu, baina gero bakoitzak bere zilborrari begiratzen dio.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Nire asteak nahikoa zoroak izaten dira: babesleen bila aritzen naiz, udalekin bilerak, txapelketak diseinatu... Eskerrak Ierak beste horrenbeste ordu sartzen dituen, komunikazioaz arduratzen den; bestela, ezinezkoa izango litzateke. Izan ere, jokatzen jarraitzen dut, eta astelehen, astearte eta asteazken arratsaldeetan pilota eskolak ematen ditut.

Duela hilabete bat zabaldu zenuten Zerainen emakumeei bideratutako Gipuzkoako lehen pilota eskola. Nolako harrera izan du?

Hemezortzi neskatila elkartzen dira. Herrikoez gain, Ataundik, Lazkaotik, Beasaindik, Idiazabaldik, Olaberritik, Zumarragatik, Azkoititik... etortzen dira. Ez da kasualitatea. Mutilekin entrenatzen badute, indar txikiagoa dutelako eta aurre egiteko zailtasun gehiago dutelako, ez dira horren eroso sentitzen, eta atzeratuz joaten dira, pilota uzteraino. Argi gelditu da eskaria badagoela. Baina gure eskolak irekiak dira, mutikoak ere etor daitezkeelako.

Motzean
Pilotaleku bat? 

Urbasakoa. Baina ez dago batere zainduta eta, beraz, [Iruñeko] Labrit esango dut.

Noren aurka jokatuko zenuke gustura? 

Altuna III.a, Laso, Artola... oraingoren bat. Gozo, hori bai. Emakumeen artean, esango nuke guztien aurka jokatu dudala.

Partidaren aurretik izaten duzu maniarik? 

Superstizioso samarra izan naiz. Orain ez.

Eta partidaren ondoren zer egiten duzu? 

Emaitzaren arabera... Irabaziz gero, ospatu; galdutakoan, zorionez, ez naiz buelta askorik ematekoa.

Indarrak berrekuratzeko, ura ala ardo nafarra? 

Irabiakiak. Baina afalostean kalimotxo txiki bat gustura hartzen dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.