Dolu perinatala

Virginia Marcos: «Dolu perinatalari buruzko informazio asko falta zaigu oraindik»

Esperientzia pertsonaletatik abiatuta ekin zion Virginia Marcos psikoterapeutak dolu perinatala landu eta horren gaineko informazioa zabaltzeari. Izan ere, beharrezkotzat jotzen du dolu mota hori ezagutaraztea.

(ID_13553845) (/EZEZAGUNA) (;)
Virginia Marcos psikoterapeuta, iaz, Tolosan duen bulegoan. HITZA
Miren Mujika Telleria.
2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Galera batek eragiten duen doluan sakontzeko asmoz hasi zuen Virginia Marcos psikoterapeutak (Hernani, 1977) ibilbidea psikologian. Dolu mota asko ikertu ditu, eta perinatala da horietako bat. Dolu mota horretan sakondu izanak, gainera, badu bizipen pertsonalen eraginik ere, azaldu duenez. Uste du «gutxi» hitz egiten dela gai horren gainean, eta jendeak eskura duen informazioa ere urria dela. Hain zuzen ere, haurdunaldian, erditzean eta jaioberritan gertatzen diren heriotzengatiko dolua ikusarazteko asmoz, hitzaldiak ematen ditu Marcosek, eta Tolosako Lasai psikologia kontsultan egiten du lan egun.

Zer lan egiten duzue kontsultan?

Hiru psikoterapeuta gaude bertan lanean, eta nor bere lanean zentratzen da; bere berezitasunetan. Hirurok daukagu eginda Gestalt psikoterapia formakuntza, baina gero nork bere bidea hartu du.

Zer bidetatik jo zenuen zuk?

Niri heriotzaren inguruko doluak piztu izan dit beti interes handia, eta horregatik trebatu nintzen horretan. Nire lana da dolu prozesu horretan laguntzea. Dolua, besteak beste, galera baten aurrean daukagun erreakzioa da, eta dolu prozesuaren helburua da dolu horri bide bat aurkitzea.

Dolu perinatala lantzen duzu gehienbat, eta horren gaineko solasaldiak ere ematen dituzu.

Bai. Dolu perinatala haurdunaldian, erditzean edota jaio eta denbora gutxira gertatzen diren heriotzen dolu prozesua da. Ez hori bakarrik: uteroaren galeran, ugalkortasunaren galeran, norberak espero ez duen erditze bat gertatu denean... Hori ere dolu perinatalaren parte da. Argi utzi nahiko nuke dolua ez dela gainditu beharreko zerbait. Garrantzitsua da dolu prozesu horretan minarekin edota maitasunarekin konektatzea. Horrexek ematen dio zentzua lanketari. 

Nola piztu zitzaizun dolu perinatala lantzeko interesa?

Nire prozesu pertsonalengatik. Orain zazpi bat urte, bikotekideak eta biok erabaki genuenean saiatuko ginela haurdun gelditzen, lehendabiziko haurdunaldian abortu espontaneo bat izan nuen, eta niretzat shock bat izan zen.

«Argi utzi nahiko nuke dolua ez dela gainditu beharreko zerbait. Garrantzitsua da dolu prozesu horretan minarekin edota maitasunarekin konektatzea»

Zergatik?

Inork ez zidalako horri buruz hitz egin. Ez zitzaidalako burutik pasatu ere egin halakorik gerta zitekeenik. Bigarren aldiz gelditu nintzen haurdun, eta hamaseigarren astean legezko abortu bat egin behar izan zidaten. Hirugarrenez ere galdu nuen haurra, eta laugarrenean jaio zen gure semea. Informazio bila hasi nintzen, halako doluak landu ahal izateko talderik ba ote zegoen jakiteko. Horren beharra nuen, eta ez nuen halako talderik aurkitu. Bizkaian bazegoen talderen bat, banekien Esku Hutsik elkartea ere bazegoela, baina Gipuzkoan, adibidez, ez zegoen horrelakorik orduan. Bikotekideari zera esaten nion: «Honekin zerbait egin behar dugu. Gai honetaz hitz egin behar da». Bigarren galeraren ondotik, haserrea sentitu nuen. Lankide batek zera esan zidan: «Nik ere pasatu nuen hori». Eta esaten nuen nirekiko: «Nola ez didazu lehenago esan? Emakumeok gure artean zergatik ez dugu gai honi buruz hitz egiten hain lagungarri bazaigu?». Halaxe piztu zitzaidan dolu perinatala lantzeko formakuntza egiteko interesa.

Dolu perinatala ikusaraztea garrantzitsua dela uste duzu?

Bai. Izan ere, haurdunaldien %35, hau da, lautik bat, ez dira amaitzen bizirik dagoen haur jaioberri batekin. Uste dut honetaz hitz egitea oso garrantzitsua dela. Izan ere, horretaz hitz egiten dugun momentutik, egoera edo sentimendu hori baliozkotzat jotzen dugu. Dolua arintzen laguntzen digu horrek; bai gurasoei, bai anai-arrebei, bai izeba-osabei eta baita aitona-amonei ere. Horretarako, beharrezkoa da familiei horrelako dolu bati aurre egiteko baliabideak eskaintzea. Emaginei egokitzen zaie askotan informazio hori ematea, eta askotan, baliabiderik gabe sentituko dira, ziurrenik. Hala ere, dolu perinatalari buruzko informazio gutxi zegoen lehen, baina orain aldatzen ari da pixka bat hori ere, nahiz eta asko dagoen oraindik egiteko. Dolu perinatalari buruzko informazio asko falta zaigu oraindik. 

«Pertsona bakoitzak duen gaitasunari heldu nahi izaten diogu, eta hortik tiraka hasten gara pertsona horren osasuna sendotzen»

Gestalt psikoterapia lantzen duzue Lasai kontsultan. Zer esan nahi du horrek?

Bizitzeko filosofia bat da psikoterapia mota hori. Ez dugu gaixotasunean jartzen arreta. Guk pertsona bakoitzak duen gaitasunari heldu nahi izaten diogu, eta hortik tiraka hasten gara pertsona horren osasuna sendotzen. Gizakia bere osotasunean ulertzen dugu. Humanismoaren barruan kokatzen da Gestalt psikoterapia, eta badauka psikoanalisiaren eta gorputz terapiaren eta ekialdeko filosofien eragina ere. Lasai taldeko kideon helburua da pertsonen bertsio onenetariko bat aurkitzen laguntzea, beren buruarekin eta inguruan dutenarekin gustura sentitzeko. Ni, adibidez, asko zentratzen naiz orainean. Hau da, aztertzen dut niregana datorrena nola dagoen espazio eta momentu jakin horretan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.