Iaz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez zuen tramiterako onartu Donostiako Udalak aurkeztutako errekurtsoa, Udaltzaingoko bi lanposturen euskara eskakizunen auzian. Udalak postu horiek betetzeko beste deialdi bat abiatu du oraintsu, eta LAB sindikatuak salatu du deialdi berrian ez dutela euskararen ezagutza beharrezkotzat jotzen. «Euskara ezinbestekoa zen lehen, eta meritua baino ez orain. Udaltzain izateko bi postu horiek salbuespenezko lehiaketaren bidez beteko dituzte. Beraz, Donostiako Udalak amore eman du euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean».
LABek hedabideei igorritako ohar batean zera dio, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostiako Udalaren helegitea atzera bota zuenean, euskararen alde egiteko konpromisoa hartu zuela udalak, baina ez duela emandako hitza bete: «Udalak epaia betetzeko urratsa egin du, inolako salaketarik egin gabe». Sindikatuaren irudiko, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko aukera zapuzten du erabaki horrek. «Donostiako Udalak euskararen kontrako oldarraldia salatu beharko luke, eta, bide batez, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko bideak jorratzeko konpromisoari eusten diola azpimarratu».
Auziak soka luzea izan zuen epaitegietan: 2024ko urtarrilean, Udaltzaingoko bi lanpostu baliogabetu zituen Donostiako epaitegi batek, hautagaiei euskarazko B2 maila eskatzea «diskriminatzailea» izan zitekeelakoan. Aurrerago, orduan Donostiako alkate zen Eneko Goiak iragarri zuen helegitea aurkeztuko zuela, sententzia hura «euskararen ofizialtasunaren aurkako eraso zuzena» zela uste zuelako. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak iazko urtarrilean bukatutzat jo zuen errekurtso horren bide judiziala, tramitatzeko aukera ere baztertuta.