Emakume eskultoreen aldarrikapenak

Euskal Emakume Eskultoreak elkarteak antolatuta, indarkeria matxistaren aurkako artelan batzuk ikusgai daude Tolosako Aranburu jauregian.

Muttertum erakusketa, Tolosan
'Muttertum' erakusketako hainbat artista, gaur zortzi, Tolosako Aranburu jauregian. IMANOL GARCIA
Tolosa
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkarteak Muttertum erakusketa jarri du ikusgai Tolosako Aranburu jauregian. Hogei emakume eskultoreren lanak bildu dituzte denera erakusketan. Elkarteko kideak dira gehienak, eta gainerakoak elkarteak gonbidatu dituen tolosarrak dira. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira zabaldu dute erakusketa, eta abenduaren 9ra bitartean egongo da zabalik.

Orain bi urte sortu zuten E3 elkartea. Eider Baile artista donostiarrak kontatu duenez, Barakaldon (Bizkaia) ikusgai jarri zuten Zubiak ehuntzen izeneko erakusketa baten bitartez ekin zion elkarteak bideari. «Orduan konturatu ginen emakume gutxi ginela, eta elkartzea pentsatu genuen, presentzia handiagoa izateko». E3 elkarteko kidea da Baile, eta baita erakusketako artistetako bat ere. «Gure artean hitz egiten hasi ginen, eta naturaltasun handiarekin sortu zen. Gure helburua da gure lanari balioa ematea. Izan ere, artearen ingurukoak dohainik izaten dira sarritan: 'Ekarri piezak eta jarriko dizkizut', esaten dizute. Egiten dugunari balioa eman nahi diogu, proiektu handiagoak eginez eta ikusgaitasuna emanez. Horrelako erakusketekin jarri gara martxan».

E3 elkarteko kide da Idoia Elosegi tolosarra ere. Azaldu duenez, Tolosako Udalarekin jarri zen harremanetan erakusketa abiarazteko: «Orain urte asko, Aranburu jauregian egin nuen erakusketa bat, eta Kultura Sailarekin jarri nintzen kontaktuan. Hortik Berdintasun Sailera bideratu ninduten». Proposamena egiteko garaian, datorren martxoan egiteko esan zieten hasieran, baina, Elosegik azaldu duenez, kideak ez zeuden horretarako prest, ondo landutako zerbait egin nahi baitzuten. «Gauzak ondo egin nahi genituen, programazio polit bat, landutakoa. Kontua ez zen artelanak jarri eta kito. Bisita gidatuak egin nahi genituen, eta baita performance bat ere». Hortik sortu zen erakusketa azaro inguruan egiteko ideia, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunarekin bat eginez.

«Emakumeen energia»

Erakusketari zein izen jarri. Zalantza horrekin bueltaka ibili ziren hasieran. Muttertum hitz alemanarekin egin zuten topo orduan. Elosegik esan duenez, Ama esan nahi du Mutter hitzak, eta tum hitzak, berriz, ingurua: «Eusteko lekua sinbolizatzen du hitz horrek, emakumeen energia, elkarlanerako eta sendatzeko espazio bat». Bat dator harekin Baile: «Gustatu zitzaigun, gaiarekin zerikusia duelako, eta gure elkartearekin bat egiten duelako». Horrez gain, Elosegiren arabera, proiektuarekin zerikusi handia du erakusketako artistetako batek, Tolosako tren geltokiaren inguruan zoruan topatutako bihotz formako irudi batek: «Pixka bat puskatuta dago bihotz hori. Proiektuarekin lotura zuela ikusi genuen, eta irudi moduan sartu dugu erakusketan».

Bina eskultura egin dituzte artistek. Elkarteko hiru kidek egin dute komisario lana, artelanak Aranburu jauregian nola kokatuko zituzten zehazteko. «Bi zatitan daude banatuta artelanak. Alde batetik, pieza esplizituak daude, mezu bat adierazten dutenak. Beste batzuek ere bere sinbolismoa dute, baina ez dira horren esplizituak. Izan ere, azken batean, artista bakoitzak bere nortasuna du», zehaztu du Bailek. Gaineratu du eskultura bakoitzak indarkeria matxistaren aurkako gai bat jasotzen duela.

Bisita gidatuak ere antolatu dituzte erakusketan, eta baita performance bat ere. Gaur 19:00etan egitekoa den manifestazioaren ondoren egingo dute performancea artistek, Trianguloa plazatik hasita Aranburu jauregiraino. «Ibilbide bat egingo dugu, eta jendea gonbidatzen dugu gurekin etortzera eta gurekin batera abestera», adierazi du Elosegik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.