Ez dakit zuetako inor ohartu den azkenaldian dena dela errutina. Gimnasioan egin beharreko errutina, azala zaintzeko errutina, aurpegia garbitzeko errutina... Dena ingelesezko berbaz zipriztinduta, edo melatuta. Orain arte, ordea, errutina kontu askoz korrienteagoa zen, aspergarria, eguneroko bizimodua aurrera ateratzeko manera. Jaiki, prestatu, errekaduak egin, jatorduak atondu, etxea garbitu, lan egin, zaindu ume zein zaharrak... Bizitzari eustea, hitz baten.
Esan dudan eran, errutina bada aspergarria, dena behar den lez irteten bada, sorpresa gutxikoa. Egunero buruhauste txikiak badira, ez dakigu zer prestatu bazkaltzeko, garbigailua jarri ezinda gabiltza euria delako, medikuarenera eroan beharra zaintzen dugun hori. Eguneroko horrek energia handia kontsumitzen du, eta espazioa buruan. Baina ez gaude kexatzeko, munduan milioika pertsona daude-eta ezinean dabiltzanak.
Gerra bizi dutenak, esaterako. Nolakoa da zibilen errutina? Lanera joaten ote dira? Umeak eskolara? Beti galdetu izan diot neure buruari; izan ere, historia ikasliburuek zergatiak, batailak, gerra fronteak eta estrategiak kontatzen dizkigute, inoiz ez jendearen guda bizimodua. Filmek ere kontakizun horiek bistaratu dizkigute: soldaduz betetako eszenak, emakume bakoak, tiroak, bonbak eta odola jaurtitzen. Non dago jende arruntaren errutina? Amamak Gernikako bonbardaketa bizi izan zuen, eta txikitatik kontatu izan zigun zer egin zuten, nora jo, zer sentitu zuten... baina ostekoaz ezer gutxi, hura ere oso traumatikoa izan ote zelako?
Eguneroko horrek energia handia kontsumitzen du, eta espazioa buruan. Baina ez gaude kexatzeko, munduan milioika pertsona daude-eta ezinean dabiltzanak
Egun errutinario baten, bazkaltzeko zer kozinatu ez nekiela, gogaitu samar nengoelako, Mikel Aiestaranek bere sare sozialetan egunero argitaratzen duen erretratua etorri zitzaidan burura: Gazako menua, egun horretan familia batek lortu duena jateko. Eta nire kezka hutsala begitandu zitzaidan. Nolakoa ote da Gazako palestinar horien errutina? Zelan lortuko dituzte jakiak? Lortutako hori zelan gertatu? Nola garbitu arropa, gorputzak? Ba ote dago zaintzen duten ume edo zahar hori medikuarenera eroaterik? Errutina makabroa.
Era berean, Israelgo biztanle bat imajinatu nuen. Bere errutinari jarraitzen, jatorduak prestatzen, garbigailuak jartzen, zaintzen duen hori medikuarenera eroaten... Gogotik pasatuko ote zaio gazatarren errutina? Jatorduak prestatu ezinda, garbitu barik, medikuarenera ezin eroanda zaintzen duen hori...? Zer ote du buruan bere estatuak gosez eta indarrez hiltzen diharduenean milioi bi pertsona? Merezi dutela? Pertsonak ez direla, akabatu beharreko parasito izurria dela? Errutinan murgildutako israeldar horri ez ote da konturatuko bere aitita-amamei egin zietenaren antzekoa egiten dabilela bere gobernua? Hannah Arendten gaizkiaren hutsalkeria kontzeptuaren baieztapena ote?
Gazatik milaka kilometrora gaude, baina gurean ere beste alde batera begiratzen dugu; Gipuzkoako Eibarko udal gobernuak kasurako, ez duelako baimenik eman mural bat egiteko Gazaren alde, eta mozio bat eztabaidatzeari ere ezezkoa. Netanyahu kontu eske etorriko zaien beldur, ala?
Errutinak jan egiten gaitu, eta erosotasunak bertan gozo egotera bultzatu. Halere, ezin isildu. Bazkaria prestatu, arropak garbitu, zaindutako hori medikura eroan... Itzuliko al da errutina Gazara!