Abeltzaintza

Euskal esnekigileen etorkizuna indartuz

Euskal Esnekigileen Elkartea sortu berri dute, sektorea indartu eta esnekien kontsumoari bultzada bat emateko helburuarekin; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 29 kide biltzen ditu, eta tartean dira Tolosaldeko Aldabazahar, Goine, Larreta eta Mahala.

(ID_13603150) (/EZEZAGUNA) img_8727
Berastegiko azokako 2021. urteko gazta lehiaketa. TOLOSALDEKO ATARIA
Leyre Carrasco
2024ko otsailaren 17a
05:00
Entzun

Bost ekoizlek sustatutako egitasmo batetik jaio zen Euskal Esnekigileen Elkartea, 2023an. Kepa Agirregoikoa elkarteko zuzendariak eta Errotik gaztandegiko kideak azaldu du denek zituzten arazoak konpontzeko asmoz batu zirela: «Bakoitzaren berezitasun eta izaera babestu, eta, aldi berean, lehendabizikoz sektorea bilduko duen erakundea sortzeko beharrei erantzun nahi genien».

Hain zuzen ere, lurraldean esnekiek duten garrantzia azpimarratu du elkarteko zuzendariak: «Esnekien aberastasun hori gure lurraldean ondo errotutako sektore batetik dator; esnea ekoizten duten abeltzainengandik eta esnea eraldatzen duten esnekigileengandik. Euskal landa inguru osoan, ardi, behi eta ahuntz esnea ekoizten dira, eta, horiek eraldatuz, gazta freskoak, urdinak, laktikoak, onduak, pasta bigunak, jogurtak, esne pasteurizatua, gurinak eta abar lortzen dira».

Agirregoikoak emandako datuen arabera, gaur egun Euskal Herrian kontsumitzen den gaztaren %10 bakarrik ekoizten da bertan, eta datu horiek «kezkagarriak» direla dio. Egoera hori aldatzeko asmoz, sektore guztia elkartzeko beharra ikusi zuten. «Elkartea sektorearen apustu bateratua da, lehen aldiz esnekiak ekoizten eta eraldatzen lan egiten duten artzainak, behizainak, ahuntzainak eta transformatzaileak batzen dituena», adierazi du.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko 29 esne ekoizle eta esne eraldatzailek osatzen dute elkartea; Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako esne, gazta eta jogurt eraldatzaileak batzen ditu. Gainera, tartean dira Tolosako Aldabazahar, Asteasuko Goine, Orendaingo Larreta eta Leaburu-Txaramako Mahala ekoizleak ere. Zuzendariaren esanetan, lehen aldia da askotariko arraza eta espezieen elkarte bat sortzen dena. Elkarteko kide direnen artetik, zazpik ardi esnea ekoizten dute, hamabostek behi esnea, eta zortzik ahuntz esnea.

«Sektorearen apustu bateratua da elkartea, lehen aldiz esnekiak ekoizten eta eraldatzen lan egiten dutenak batzen dituena». KEPA AGIRREGOIKOA Esnekigileen elkarteko kidea

«Euskal esnekien zapore eta ehundurak dibertsitate handikoak dira: tamaina, forma eta kolore ugari dituzte, eta ardi, ahuntz zein behi esnean daukate jatorria», azaldu du Agirrebengoak. Hain zuzen ere, produktu hori eraldatuz lortzen dute azken emaitza. Horrela, hogeik gazta ondua egiten dute; hamabostek gazta freskoa; hamaikak gazta urdina; hamahiruk gazta laktikoa; zazpik pasa biguneko gazta; bederatzik esne pasteurizatua; bik gurina; hiruk mamia; hamalauk jogurta; hiruk izozkia; zazpik kremak; eta batek gaztanbera.

105 produktu baino gehiago ekoizten dituzte denera; batzuek euren esne propioa erabilita, eta beste batzuek, berriz, beste batzuen esnea erosi eta eraldatuta. Eurena «elkarte plurala» dela dio Agirregoikoak, eta gaineratu du euren asmoa dela denen artean lan egitea. Izan ere, sektoreko kide guztiek dituzten ezaugarriak eta indarra bateratu nahi dituzte, «sektoreak aurrera egin dezan».

Sektorea indartuz

Esnekien kontsumoa sustatzea du helburu elkarteak. Horretarako, ekoizleen arloa landuko dute, baina baita kontsumitzaileena ere. Horregatik, hain justu, sektorearen eta Euskal Herriko produktuen alde egiten duten lana ezagutarazi nahi dute, «dibertsifikazioa ardatz eta erdigune izanik». Gainera, erakundeen eta kontsumitzaileen aurrean batasuna adierazi nahi dute.

Bestetik, sektoreko profesionalen interesen ordezkari eta babesle moduan egingo du lan elkarteak, bitartekaritza eskainiko baitu administrazioaren aurrean eta osasun agintaritza eskudunekin koordinatzeko. «Kolektiboaren prestakuntza beharrak kudeatzeko plataforma gisa funtzionatuko du, elkartekideen garapen tekniko zein enpresarialerako baldintzak hobetzeko lan eginez. Sektoreak izan ditzakeen gabeziak atzeman eta denen indarrez bideratu nahi ditugu, funtsean». Horrez gain, gizarteari negozio ereduaren bereizgarriak jakinaraziko dizkiote.

Agirregoikoak esan du elkarteko ateak zabalik izango direla beste edozein ekoizlerentzat, eta elkartearekin bat egin nahi dutenek edo informazio gehiago jasotzeko interesa dutenek elkartearen webgunean izango dutela eskura informazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.