Miren Altuna: «Gaitza ezin da izan zahartzea; hori diskriminazio modu bat da»

Biztanleria orokorrean alzheimerraren diagnosi goiztiarra nola egiten den azaldu du Altunak, baita Downen sindromea dutenengan gaixotasunak nola jokatzen duen ere.

(ID_13717923) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-03-20, Donostia. Miren Altuna ikerlariaria
GORKA RUBIO / FOKU
jone arruabarrena
2024ko martxoaren 22a
05:00
Entzun

Alzheimerraren diagnosi goiztiarra nola egin, eta nola hobetu gaitza detektatzeko modua. Hori ikertu du, besteak beste, Miren Altuna (Zarautz, 1988) neurologo eta ikerlariak. Biztanleria orokorra aztertu du, baina baita Downen sindromea daukatenengan gaixotasuna nola garatzen den ere. Altunak azaldu duenez, azken horiek beti garatzen dute alzheimerra. Egindako lana azaldu zuen Donostiako Ernest Lluch kultur etxean martxoaren 22an, Elhuyarren antolatutako Emakume zientzialarien argitan solasaldi zikloan.

Zer da alzheimerra?

Narriadura kognitiboa eragiten duen gaitz neurodegeneratiborik ohikoena da. Narriadura kognitiboa da, bakoitzak daukan adina eta ikasketa maila kontuan hartuta, esperotako errendimendua baino okerragoa ateratzea. Oraindik narriadura arina denean diagnostikatzen bada gaixotasuna, alzheimerraren gaitza dela esan daiteke. Beranduago diagnostikatzen bada, pertsona horrek jada egunerokotasuneko gauzak egiteko laguntza behar duenean, alzheimerraren dementzia gisa izendatzen da.

Zein dira alzheimerraren sintomarik ohikoenak?

Memoria arazoak izan ohi dira gehien agertzen direnak; %30ean, lehenengo agertzen den sintoma izaten da. Adibidez, gertatu berri diren gauzez zein izandako elkarrizketez ez gogoratzea, behin eta berriz galdera bera egitea... Horrez gain, beste hainbat arazo ager daitezke: hitzak topatzeko erraztasuna edo orientatzeko zailtasuna galtzea. Hala ere, sintoma guztiak gradualki agertzen dira, eta oso motel garatzen da gaixotasuna, urte luzeen ondorioz.

«Narriadura kognitiboa eragiten duen gaitz neurodegeneratibo ohikoena da alzheimerra».

Zer etapa dauzka?

Lehenik eta behin, sintomen aurreko fasea dago. Hori da gaitzaren faserik luzeena, eta bi hamarkada iraun ditzake. Buruan aldaketak gertatzen diren arren, gaixotasunak ez du aurpegirik ematen, sintomarik ez da agertzen. Bigarren fasea dator gero: narriadura kognitibo arina gertatzen da, eta objektiboki ikusten da memoria eta arreta mailari dagokionez arazo bat dagoela. Baina pazientea lanean badago, adibidez, aktibo jarrai dezake. Azken fasea, dementziarena da. Hor, pazienteak jada autonomia galtzen du, eta dementzia arina, moderatua edo larria izan dezake. Duela urte batzuk azken fase honetan ematen zen diagnostikoa gehienetan.

Gaur egun zeintzuk dira diagnostiko goiztiarra egiteko moduak?

Lehenik eta behin, gaur egungo testuinguruari lotutako memoria testak egiten dira. Lehen egiten ziren testak aurreko belaunaldientzat zeuden prestatuta, ikasketa maila apalagoa zutenentzat, eta jada dementziaren fasean zeudenean diagnostikatzea zen helburua. Orain, berriz, egungo biztanleriara egokitutako testak dira, detekzio goiztiarrari bideratutakoak. Bestalde, praktika klinikoan, narriadura kognitibo arina detektatzen denean, badago biomarkatzaileen bidez pazienteak alzheimerra duen ala ez jakiteko modua, %90eko fidagarritasunarekin. Puntzio lunbarraren bidez egiten den proba bat da. Hala ere, oso garestia da, eta, orokorrean, gure inguruan ez dago eskuragai.

Zer abantaila dauzka diagnosi goiztiar bat egiteak?

Alde batetik, pazienteak oraindik narriadura kognitibo arina daukanean diagnostikoa emateak garrantzi handia dauka, pertsona horrek erabakiak hartu ahal izateko. Esaterako, azken borondate dokumentua sor dezake, eta dementzia fase batera iristean zer egin nahi duen erabaki. Eutanasiaren legea ere balia daiteke. Horrez gain, estimulazio kognitiborako aukerak zabaltzen dira goiz diagnostikatuta; memoria tailerren eta bestelako jardueren bidez, gaitza moteldu daiteke. Azkenik, gaur egun eskuragarri ditugun botikekin, arreta maila hobetu zein antsietatea gutxitu daiteke, eta, era berean, entsegu klinikoetan parte hartzeko aukera dauka pazienteak.

«Gaur egun eskuragarri ditugun botikekin, arreta maila hobetu zein antsietatea gutxitu daiteke»

Badago gaitza moteltzeko botikarik?

Europan une honetan ez dago halako medikamenturik, baina Ameriketako Estatu Batuetan bai, badago bat. Hilabete bat baino lehenago, Europako agentziak erabakiko du botika hori onartuko duen edo ez. Hala ere, baditu bere mugak: badakigu urte eta erdi bateko epean gaitza moteltzen duela, baina hortik aurrera zer eraginkortasun duen ez da frogatu oraindik. Gainera, narriadura kognitibo arina duen pazienteetan probatu dute, eta ez dementzia dutenen kasuan.

Downen sindromea daukaten pazienteetan, errazagoa da prebentzio lana egitea?

Ez, ezin da prebentzio lanik egin. Downen sindromea daukatenengan zailagoa da. 21. kromosoma daukate sindrome hori dutenek, eta kromosoma horren barruan dagoen gene batek eragiten du alzheimerra. Badakigu pertsona horiengan aldaketa biologikoak noiz agertuko diren, baina sintomak noiz hasiko diren jakitea zailagoa da. Batez beste, 50-55 urte inguru dituztenerako agertzen dira, baina badaude 42 urterekin hasten diren kasuak, eta 65 urterekin hasten direnak ere bai. Dena den, diagnostikoa zaildu egiten da, lehen arretako medikuak eta beste hainbat espezialista ez daudelako trebatuta ezgaitasun intelektualean diagnostiko hori egiten. Beraz, orokorrean, detekzioa berantiarragoa izaten da, eta horren ondorioz badirudi gaitza askoz ere bortitzagoa dela baina ez da horrela.

Zahartzaroko dementziarekin nahas daiteke alzheimerra?

Kontua da zahartzaroko dementzia ez dagoela. Zer esan nahi du zahartzaroko dementziak? Adin bat izate hutsagatik, pertsona horrek bere autonomiaren galera izan beharko lukeela. Eta ez da horrela. Autonomiaren galera baldin badago, horren atzean gaitzen bat dagoelako da. Gaitza ezin da izan zahartzea; hori diskriminazio modu bat da, adinkeria izeneko fenomeno bat. Bere garaian zahartzaroko dementzia gisa diagnostikatutako kasuen %70 inguru alzheimerraren ondorioz gertatzen ziren. Orain, ordea, alzheimerra dementziaren aurretik diagnostika dezakegu. Alzehimerra izan ohi da arrazoi ohikoena, baina ez da bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.