Gipuzkoako Foru Aldundiak hurrengo udan hasiko ditu Abaltzisketan hamar etxebizitza eraikitzeko lanak

Gipuzkoako beste bost udalerri txikitan ere asmoa dute jabetza erregimeneko etxebizitza publikoak sustatzeko antzeko proiektuak garatzeko.

Abaltzisketa, artxiboko irudi batean. BERRIA
Abaltzisketa, artxiboko irudi batean. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
2025eko abenduaren 18a
10:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundia datorren udan hasiko ditu Abaltzisketan babes publikoko hamar etxebizitza tasatu eraikitzeko lanak, etxebizitza eskuratzea sustatzeko eta landa eremuen despopulatzea geldiarazteko asmoz. Etorlur sozietate publikoaren bidez egingo dute etxe horien sustapena. Foru aldundiak atzo aurkeztu zien proiektua herritarrei, eta han izan ziren Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua, Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkatea eta Maite Peñacoba Etorlurreko zuzendari nagusia. Aurreratu zuten jabetza erregimenean eskainiko dituztela eraiki asmo dituzten etxebizitzak, eta datorren udan hasiko dituztela eraikuntza lanak. 

Etxebizitza publikoak garatzeko ekinaldia Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023an egindako diagnostikotik abiatu dute. Izan ere, lortutako datuek erakusten dute azken urteetan landa eremuko biztanleria apaldu izanak neurri batean lotura duela behar beste etxebizitza berri ez sustatzearekin. Hortaz, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuaren hitzetan, eraikuntza lanak hasiko dituztela iragartzea «mugarri handi bat» da aldundiarentzat. «Beste urrats sendo bat da landa eremuen despopulatzeari, etxebizitza eskuratzeko zailtasunei eta halako beste erronka batzuei erantzun sendoak eta proaktiboak emateko konpromisoari dagokionez». Gaineratu du proiektua foru programa jakin baten barnean gauzatu dutela, eta udal txikietan etxebizitza sustapen pribaturik ez egoteari erantzuten diola. «Udalerri horietako bizilagun askok helarazitako beharrei erantzun nahi diegu hala, despopulatzerik ez izateko eta herri horiek biziberritzeko»

Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak ontzat jo du ekinaldia, uste baitu etxebizitzak eraiki behar direla gazteentzat. «Oso barneratuta daukagu etxe horiek jabetzan hartzekoak izan daitezen nahi dugula. Hori posible egiteko, urteotan elkarlanean aritu gara aldundiarekin eta Etorlurrekin, herri txikietan etxebizitza sustatzeko». Alkateak dio lankidetza horri esker lortu dutela etxebizitza promozio hori aurkeztea. «Gure eskaera argi bati erantzuten dio proiektuak, eta ilusioa pizten digu. Izan ere, etorkizunari begira, herriko seme-alabek etxebizitzak behar dituzte beren bizi proiektua herrian bertan garatzeko, eta orain argia ikusten ari gara bide horretan».

Etxebizitza publiko gehiago

Abaltzisketan hasitako bideari jarraituz, Gipuzkoako beste bost udalerri txikitan ere asmoa dute jabetza erregimeneko etxebizitza publikoak sustatzeko antzeko proiektuak garatzeko: lau Beizaman, zortzi Bidania-Goiatzen, hamabi Altzon eta zortzi Alkizan. Beizamak dagoeneko sinatuak ditu udal ordenantza eta lankidetza akordioa, eta espero dute 2026aren amaieran abiatuko dituztela eraikuntza lanak. Gipuzkoako Foru Aldundia hasia da herrialdeko beste udalerri batzuekin harremanetan jartzen —Leintz-Gatzaga, Orendain, Larraul, Zerain, Errezil, Albiztur, Orexa, Gaintza, Mutiloa, Belauntza eta Itsasondo—, jabetzako etxebizitza publikoen eredu hori zabaltzeko helburuarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.