Ordiziako azoka

Himalaiaren oinetik Aralarren magalera, barazki landareak saltzeko

Waqar Ahmed barazki landareak bere kabuz ekoizten eta saltzen hasi da. Lazkaoko, Legazpiko eta Ordiziako azoketan jartzen du postua, eta herri gehiagotara joatea gustatuko litzaioke.

(ID_13736360) (/EZEZAGUNA) dav (;)
Waqar Ahmed belar landare saltzaile pakistandarra, joan den astean, Ordiziako azokan. KERMAN GARRALDA
Kerman Garralda Zubimendi.
Ordizia
2024ko apirilaren 1a
05:00
Entzun

Ordiziako Azokak mendeetako historia du. Herriaren eta gizartearen garapenaren batera eraldatuz joan da, eta garai batean ezezagunak ziren jakiak eta teknologiak erabiltzen dituzte orain. Saltzaileen profila ere aldatu da, ekoizleen jatorria askotarikoa baita. Esaterako, pakistandarra da Ordiziako Azokan postua zabaldu duen azken ekoizlea: Waqar Ahmed.

Pakistan iparraldeko Mirpur hirian jaio zen Ahmed, Himalaia mendikatearen mendebaldean, orain 33 urte. Kontatu du etxetik datorkiola nekazaritzarako bokazioa: «Nire herrian ere baditugu baserriak eta lurra lantzen duten familiak. Gure etxean arroza eta garia landatzen ziren, adibidez». Ahmedek dioenez, «bizimodu hobe baten bila» etorri en Euskal Herrira, duela ia hamar urte. Lehen sektorean lan egitea zuen desio, eta baita horretan jarduteko lana aurkitzea ere. Zazpi urte egin ditu zerbitzari lanetan, bere negozio propioa zabaltzea lortu duen arte: Ataunen 13.000 metro koadro lur hartu ditu barazki landareak ekoizteko. Pare bat berotegi egokitu ditu horretarako, eta etorkizunean makineria ere izan nahiko lukeela dio, lana erraztu diezaion.

Horretarako, uste du asko saldu beharko duela. Ostiraletan Legazpiko azokan egoten da saltzen. Astelehenetan Lazkaora joaten da, eta asteazkenetan, Ordiziara. «Lagun batekin ari naiz lanean, arinagoa baitzait horrela». Etorkizunean, gainera, negozio bide berriak ireki nahi ditu. Zumarragako Udalari eskatu dio larunbateroko merkatuan postu bat jartzeko aukera, eta Araman biltegia eta salmenta puntu egonkorra egokitzen ari da.

Haren arabera, udaberria da barazki landareak saltzeko sasoi aproposena. Izan ere, haziek, bereziki klima hotzetan, ez dute nahikoa denbora izaten behar beste hazteko, eta laboreak heldu baino lehen sasoia amaitzeko arriskua dago. Horregatik uste du udaberria ondo aprobetxatu behar dela. «Barazki landare saltzaileok urtea jokatzen dugu udaberrian. Ahalik eta gehien aprobetxatu behar dugu». Gainera, Ahmeden arabera, udaberrian «ia edozein landare uzta izan daiteke», izotza amaitzen den urtaroa delako, euri asko egiten duelako eta argi orduak gero eta gehiago direlako. «Esan dezakegu landare tipikoen %80 inguru erein daitezkeela hilabete hauetan». Ahmedek mota askotarikoak ditu salgai: kuiatxoa, zerba, azalorea, arbia, azenarioa, erremolatxa, letxuga, espinaka, tomatea… «Gainera, udaberrian nekazariek azpiak egiteko aprobetxatzen dute, eta horiek funtsezkoak izango dira lurzoruaren hezetasuna kontserbatzeko eta udarako prestatzeko».

«Barazki landareen saltzaileok urtea jokatzen dugu udaberrian; ahalik eta gehien aprobetxatu behar dugu».

WAQAR AHMED Barazki landare saltzailea

Askotariko bezeroak dituela esan du; batzuk, baserritarrak, eta beste batzuk, kaletarrak. Baserrian bizi den jendeak barazki landareak badituela kontatu du, eta jakinarazi baratze txikiak edo lorategiak dituen jendeak erosten diola, gehienbat.

Azokan, gustura

«Oso ondo hartu naute. Pozik nago», dio Ahmedek. Lehen ere azokaz azoka ibiltzen zenez, ezaguna zen eskualdean. Ordutik hona gauza bakarra aldatu dela nabarmendu du: lehen, beste norbaitentzat egiten zuen lan, eta orain, berriz, bera da bere produktuen jabea. «Bezeroekin ere sortzen ditut harremanak. Aholkuak eskatzen dizkizute aste batean, eta hurrengoan esaten dizute zuk aholkatutako hori gustatu ote zaien. Polita da».

Azokak euskaltegi gisa ere balio izan diola esan du. Ederki dakizki euskaraz zenbakiak, barazkien izenak, adeitasunezko esaldiak eta azokarako beharrezko dituen hitzak. «Elkarrizketa oso bat ezin dut eduki euskaraz bezeroekin, baina noizbait nahiko nuke lortu». Saiatzen da bezeroekin euskaraz egiten, dakien neurrian. Izan ere, hizkuntzak gustuko dituelako dio, eta ikasteko erraztasuna omen du. Kontatu duenez, gaztelania eta ingelesa ere ikasi behar izan zituen, eta etxean bi hizkuntza jaso zituen aurrez. «Gurasoekin punyaberaz hitz egiten nuen. Euskararekin badu nolabaiteko lotura, ez duelako ofizialtasunik eta etxeko giroan erabiltzen delako. Kalean urduz hitz egiten da».

«Bezeroek aholkuak eskatzen dizkidate aste batean, eta hurrengoan esaten didate nik aholkatutako hori gustatu ote zaien».

WAQAR AHMED Barazki landare saltzailea

Ordiziako ferian ere hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten da. Ahmed ez da jatorriz atzerritarra den ekoizle bakarra; izan ere, Susanne Klemm alemaniarra ere badabil; gozokiak saltzen ditu, Eider Garmendia zaldibiarrarekin batera. Astigoxo markaren atzean daude biok, eta urrian jarri zuten postua Ordiziako azokan. Nico Delsert okzitaniar gaztagilea, berriz, datozen asteetan itzuliko da azokara. Delsertek iaz ere eraman zituen Ordiziara bere ahuntz gaztak; mota askotakoak, gainera: freskoak, onduak, ezti eta limoiarekin egindakoak, barantxuri era Proventzako belarrekin egindakoak… Iguategi Etxea postuan Dimitri ukrainarrak ere egiten du lan.

Waqar Ahmedek azaldu du ekoizleen artean sortu duten giroa ere gustuko duela. Familia milaka kilometrora bizi du, eta azokako lanak «sozializatzeko bidea» ematen dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.