Proposamena: Intsumisioa jaialdia

Intsumisioaren oihartzuna gogoan

Intsumisioa jaialdia egingo dute bihar Urretxuko gaztetxean, Urretxun eta Zumarragan mugimendu antimilitaristak egindako ekarpena gogoratzeko asmoz. Hitzaldi bat eta bi kontzertu antolatu dituzte.

Urretxu eta Zumarragako intsumisoak, otsailean, Urretxun. K.A.
Urretxu eta Zumarragako intsumiso batzuk, otsailean, Urretxun. KULTUR ATERKIA ELKARTEA
Lide Egizala Urteaga.
Urretxu-Zumarraga
2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kultur Aterkia elkarteak Intsumisioa jaialdia antolatu du bihar arratsalderako, Urretxuko gaztetxean. Elkarteak intsumisioaren gaineko askotariko ekintzak antolatu ditu otsailetik hona, eta ekainean amaituko dute ekinaldia, ikastetxeetan txertatzeko unitate didaktiko bat proposatuta.

Intsumisioaren gaia ardatz hartuta, jarduera ugari antolatu dituzte azken hilabeteotan. 11 memoria ariketa: intsumisioa erakusketa zabaldu zuten lehenik. Bilduman, intsumiso izandako Iñaki Lizarraldek 1990eko hamarkadaren erdialdean ateratako argazkiak jarri zituzten ikusgai. Martxoan, Lander Garro idazle eta dokumentalgileak zuzendutako Bi urte, lau hilabete eta egun bat filma eman zuten, eta solasaldia egin zuten ondotik, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Dokumentalak kontatzen du orain dela hiru hamarkada milaka euskal gaztek egin ziotela uko soldaduskari, eta espetxe zigorrak izan ziren horren ordaina. Hain zuzen ere, bi urte, lau hilabete eta egun bateko zigorra ezartzen zieten askori.

(ID_14927401) Intsumisioaren inguruko ekitaldiak Urretxun
'11 memoria ariketa: intsumisioa' erakusketa, otsailean, Urretxun. AIMAR ZALDUA

Bihar arratsaldean izango da Intsumisioa jaialdia, eta Armagintza moztu izeneko hitzaldiak abiatuko du egitaraua, 17:00etan. Markina-Xemeingo ECIA-Xemein arma lantegiaren aurkako borrokari buruz jardungo dute. Ondoren, Urretxuko Harrikada eta Santa Barbara musika taldeen kontzertuak izango dira gaztetxean, 19:30ean eta 21:00etan, hurrenez hurren.

Ricardo Babarro Kultur Aterkia elkarteko kideak esan du jaialdiaren helburua dela Urretxun eta Zumarragan mugimendu antimilitaristak egindako ekarpenak «ahanzturan ez erortzea» eta belaunaldi berriei orduko borrokaren berri ematea. «Intsumisioaren mugimenduak indar handia izan zuen bi herriotan, eta, ekintza hauen bitartez, gaur egungo gazteei azaldu nahi diegu borroka hori zer izan zen». Babarrok dio derrigorrezko soldaduskaren inguruan jaio zen mugimendu antimilitarista 1990eko hamarkadako «ikurretako bat» izan zela. Soldaduska egiteari uko egin zioten herriko gazte asko epaitu egin zituzten, eta kartzela zigorrak ezarri zizkieten. Horregatik, antolatzaileek nahiko lukete bi herrietan izandako intsumisoei «behar bezalako aitortza» egitea.

Orduko oroitzapenak

Jorge Andueza Pitu urretxuarra intsumisoa izan zen 1990eko hamarkadan, eta «garai polit» gisa oroitzen du hura. «Gure balioak oso garbi geneuzkan, bagenekien zer egin nahi genuen, baita zeren kontra egin nahi genuen ere. Orduko borroka poz handiko eta beldurrik gabeko garai moduan gogoratzen dut». Andueza UZTAko kide izan zen, Urretxu eta Zumarragako Talde Antimilitaristakoa, eta kontatu du ekintza ugari antolatu ohi zituztela; besteak beste, kontzertuak, hitzaldiak eta manifestazioak. Gaineratu du mugimendu «orokor eta antolatu» bat izan arren intsumiso bakoitzaren errealitatea desberdina zela, eta, beraz,  senitartekoek eta ingurukoek ere desberdin bizi izan zuela garai hura. «Nik inoiz ez nuen beldurrez bizi izan gure borroka, baina familiakoek eta bikotekideek askotan esan izan digute beldurra pasatu zutela».

«Gure balioak oso garbi geneuzkan, bagenekien zer egin nahi genuen, baita zeren kontra egin nahi genuen ere»

JORGE ANDUEZA 'PITU'Intsumiso izandakoa

Kultur Aterkia elkartea arduratu da jaialdia antolatzeaz. Elkartea 2020ko irailean sortu zuen herriko kultur mugimendun zebilen lagun talde batek, pandemiak kultur arloan eragindako kalteei «erantzuteko» asmoz. Kideen ustez, eremu publikoa «harreman sozialetarako eta eraikuntza kolektiborako leku» gisa ulertu behar da, eta iruditzen zaie kultura «ezinbestekoa» dela prozesu horretan, «pertsonen arteko loturak eta elkarrizketak bultzatzeko», batez ere.

Intsumisioa jaialdia ez da antolatzen duten jarduera bakarra, bestelako ekinbide batzuk ere prestatzen baitituzte, betiere herriko artistak eta kultur eragileak «lehen lerroan» jarrita. 2021ean antolatu zuten lehen ekintza: kaleko arte erakusketa bat. Obrak Urretxuko eta Zumarragako hainbat txokotan jarri zituzten ikusgai, eta haiek aurkezteko ekitaldi bat egin. Iazko ekainean, Lin Ton Taunen eta Tapia eta Leturiaren kontzertua antolatu zuten. 

Biharko jaialdiaren ostean, Kultur Aterkia elkarteko kideek intsumisioaren gaia jorratzen duen unitate didaktiko bat sortu nahi dute, herriko ikastetxeetan landu dezaten. «Ikastetxeetako ikasleek parte hartu izan dute intsumisioaren inguruan antolatu ditugun ekintzetan», esan du Babarrok. «Argazki erakusketa egin genuenean, bisita gidatua prestatu genien DBHko 4. mailako eta batxilergoko ikasleei, eta garai hartako egoera eta testuingurua azaldu genizkien bideoen eta halakoen bitartez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.