Ikerketa

Maialen Jimenez Garaialde: «Jakin nahi dut emakumeek zer garrantzi izan duten Errenteriako festetan XX. eta XXI. mendeetan»

Koldo Mitxelena beka irabazi du Maialen Jimenezek: emakumeek Errenteriako jaietan izan duten parte hartzea eta garrantzia izango ditu aztergai.

Maialen Jimenez Koldo Mitxelena bekaren irabazlea, asteartean, Errenterian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Maialen Jimenez Koldo Mitxelena bekaren irabazlea, asteartean, Errenterian. MAIALEN ANDRES / FOKU
urko iridoy alzelai
Errenteria
2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskara batuaren sortzaileetako bat izan zen Koldo Mitxelena. Errenterian jaio zen, 1915. urtean, eta garrantzi handiko izen bihurtu da harena. Horren adierazgarri da Koldo Mitxelena beka; Errenteriako Udalak ematen du, bi urtetik behin. Hamazazpigarren aldiz egin dute aurten, eta, aldiro bezala, udalak gai bat jarri die parte hartzaileei: emakumeek herrian izandako parte hartzea. Maialen Jimenez Garaialdek (Errenteria, 2000) irabazi du aurten, Orereta-Errenteriako emakumeak herriko festen antolaketan. XX. eta XXI. mendeen bitarteko ibilbidearen hurbilpen antropologikoa proiektuarekin. Udalak 15.000 euroko laguntza eman dio Jimenezi, eta hemezortzi hilabete izango ditu ikerketa garatzeko.

Errenteriako emakumeen garrantzia izan da aurtengo Koldo Mitxelena beka deialdiko gaia.

Hala da. Aldi bakoitzean udalak gai baten gaineko proposamena egiten du, beharrak kontuan hartuta. Duela bi urte, adibidez, LGTBI komunitatea jarri zuten gaitzat, eta aurten, herriko emakumeen parte hartzeari buruzko azterketa bat egitea proposatu du. Bestetan baino parte hartzaile gutxiago izan gara oraingoan, orain arteko deialdiak irekiagoak izan dira eta. Aurten emakumeek egindako ikerketak sustatu nahi zituzten, eta, horrela, erdira apaltzen da parte hartzea. Izan ere, normalean gizonak nagusitzen dira partaideen artean, gehiago ausartu ohi dira eta.

Zergatik hartu zenuen parte?

Madrilen egin ditut urte batzuk, masterra egiten, eta, Errenteriara itzuli nintzenean, lagun batek bekaren deialdia pasatu zidan. Master amaierako lana herriko jaien inguruan egin nuen, eta asko disfrutatu nuen prozesu horretan. Bekaren berri izan nuenean, iruditu zitzaidan aukera ona izan zitekeela egindako lanari jarraipena emateko. Gainera, datorren ikasturtean Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra egingo dut EHUn, eta, beraz, iruditu zitzaidan aukera paregabea dela bi gauzak uztartzea: masterra eta ikerketa. Egun ez da erraza gizarte zientzietan ikerketak egitea: lan prekarioak izaten dira. Dena dela, Errenterian zortea dugu, horrelako gauzei garrantzia ematen baitzaie.

«Egun ez da erraza gizarte zientzietan ikerketak egitea: lan prekarioak izaten dira. Errenterian zortea dugu, horrelako gauzei garrantzia ematen baitzaie»

Berriz ere Errenteria izango duzu ardatz, beraz.

Nork bere erara ulertzen du antropologia, eta niretzat, diziplina akademiko bat baino gehiago, mundua ulertzeko modu bat da. Iruditzen zait antropologiak lotura emozional bat eduki behar duela ikertzailearekin. Azken finean, ikertu behar duzunak ez badizu interesik pizten, inplikazioa txikiagoa izango da. Madrilen nengoenean, agian herriminak bultzatuta, nire herriarekiko gertutasunean aurkitu nuen lotura emozionala.

Zure master amaierako lanaren jarraipena izango da ikerketa hau?

Halako zerbait izan daiteke. Udalak esparru handi bat proposatzen du: oraingo honetan, emakumeen parte hartzea, baina, nire ustez, ezinezkoa da esparru hori guztia ikertzea, oso handia baita. Horregatik, nik masterrean landutako esparrura eraman nuen udalaren bekarako proposamena: herriko jaietara. 

Zer-nolako parte hartzea izan dute emakumeek jaietan?

Nik uste dut, normalki, emakumeek jaietan presentzia handiagoa izan dutela Euskal Herrian, beste lurralde batzuetan baino. Pentsatu nahi dut, gainera, parte hartzea igoz joan dela. Agian, XX. mendearen hasieran emakumeak presentzia handiagoa zuen halako giroetan, baina frankismoak eragin handia izan zuen horretan ere, eta kopurua nabarmen jaitsi zen.

Zer iturri erabiliko dituzu ikerketan?

Azken finean, antropologiak, metodologian, marko teorikoak ditu. Bibliografiaren bidez eraikitzen dira ikerketaren zutabeak, baina elkarrizketek eta artxiboen azterketek ere badute garrantzia. Denetatik erabili beharko dut orain egin behar dudan lanerako. XXI. mendeko esperientziak ikertzeko garaian, landa eremura jo beharko dut, oraindik bizirik dauden protagonistekin hitz egiteko aukera izango baitut hala. Artxibo lan handia egina dut aurretik. Ondo bilatzen asmatu behar da.

«Esan ohi da gaitzesten ez duen herria kondenatuta dagoela aurretik egindakoa berriz egitera, eta, beraz, nik uste dut lagungarria dela atzera begiratzea»

Beharrezkoa ikusten duzu emakumeek iraganean egindakoa nabarmentzea?

Iruditzen zait ezinbestekoa dela. Ez bakarrik Errenterian: leku guztietan dago behar hori. Asko hobetu dugu, baino asko dago hobetzeko. Hala ere, nik ez dut ikerketa kuantitatibo bat egin nahi. Nire helburua ez da jakitea zenbat emakumek parte hartu zuten Errenteriako jaiak antolatzen XX. eta XXI. mendeetan; jakin nahi dudana da herriko festetan zer garrantzi izan duten. Ikerketa kualitatiboa da niri interesatzen zaidana. Emakume bezainbeste gizon dauden antolakuntza batean, emakumeak bigarren mailan geldi daitezke dinamikak ez badira parekideak edo botere harremanak nagusitzen badira.

Uste duzu atzera begiratzeak eta iragana aztertzeak modua ematen duela gauzak aldatzeko?

Esan ohi da gaitzesten ez duen herria kondenatuta dagoela aurretik egindakoa berriz egitera, eta, beraz, nik uste dut lagungarria dela atzera begiratzea. Motibatzeko modu bat ere izan daiteke, jakiteko nondik gatozen eta nora joateko aukerak ditugun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.