Ecocamping Oriamendi enpresaren eskariari erantzunez, Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak ontzat jo du Oriamendi muinoan kanpin bat eraikitzea —lehen, Oriamendi lorezaintza gunea zegoen lursail horretan—. Udalak zehaztu du «lehen mailako kanpin berde bat» izango dela, laurogei autokarabana eta 26 furgoneta kanperizatu hartu ahal izango dituena. «Ingurunean integratua egongo da: berdeguneak izango ditu, aisialdirako guneak, kanpatzeko guneak...». Espero dute 2027rako izango dela erabiltzeko moduan.
Kanpinak 39.787 metro koadro hartuko ditu, eta lau eremu nagusitan banatuko dute. Lehenengo eremua «gune urbanizatu» gisa definitu dute, askotariko zerbitzuetarako eraikin bat egongo baita; bigarren eremuan, autokarabanentzako eta furgoneta kanperizatuentzako lekua egingo dute; hirugarrenean, «erraz jarri eta kentzeko» kanpin denden gunea jarriko dute; eta, laugarren eremuan, berriz, mobile home-entzako propio sortutako gune bat egingo dute. «Naturari, berdeguneei eta paisaiari emango diegu lehentasuna».
Kanpin berria leku «estrategiko» batean egongo dela gaineratu dute Donostiako Udaleko ordezkariek; izan ere, gertu izango du garraio publikoa, bai eta ingurua hirigunearekin lotuko duen bidegorri bat ere, han ostatu hartzen dutenek bestelako ibilgailurik erabili behar ez izateko.