Deban, 0 eta 2 urte bitarteko haurrek debekatuta dute herriko haur liburutegian sartzea. 2 eta 6 urte bitartekoak ordu jakin batean dute sartzeko eskubidea, 16:30etik 17:30era. Gisa horretako «neurri murriztaileak» hogei urtez izan dira indarrean liburutegi horretan, eta, egoera iraultzeko asmoz, Liburutegia Denontzat taldea sortu dute Debako hainbat amek. Talde horretako kide da Itsaso Aramendi Urbieta (Azpeitia, 1986). Bada denbora bat Deban bizi dela, eta kontatu du 9 hilabeteko haurra zaindu behar duenetan ezin izaten duela 6 urtekoarekin liburutegira joan, txikienak galarazita duelako sarrera. Gainera, zaharrenarekin liburutegian egon nahi badu, ezingo du, 16:30etik 17:30era joan ezean. Taldeko kideak bi aldiz bildu dira udal gobernuarekin, egoerari konponbide bat bilatze aldera, baina Aramendik dio «horma» bat izan dutela aurrean.
Zein da Debako liburutegiaren egoera?
Liburutegiak askotariko txokoak ditu: ikasteko gela bat du, helduen liburutegia, haur liburutegia... Liburutegi osoaz arduratzen den liburuzainaz gain, badago haur liburutegiaz arduratzen den beste bat, lanaldi osoz aritzen dena, goizez eta arratsaldez; halere, goizez ezin da haur liburutegian egon.
Horretaz gain, besteak beste, salatu duzue 0 eta 2 urte bitarteko haurrek ezin dutela haur liburutegian egon.
Hala da. Ezin dute han egon, ez goizez eta ez arratsaldez. 2 eta 6 urte bitartekoek ordu jakin batean dute haur liburutegian sartzerik, 16:30etik 17:30era, nahiz eta liburutegia egun osoz egoten den irekita. Begira, nik hiru seme-alaba dauzkat: Jarek 9 hilabete ditu, Lurrek 4 urte eta Peruk 6. Arratsalde batean liburutegira joan nahi badut haiekin, ezin dugu laurok sartu, Jarek 2 urte baino gutxiago dituelako. Halako egoeran dauden guraso gehiago daude Deban.
«Udal gobernuari eskatzen ari garena oso sinplea da, baina konponbidea uste baino zailagoa izaten ari da»
Hori dela eta, Liburutegia Denontzat taldea sortu duzue.
Bai. Gure artean liburutegiaren egoeraz hitz egiten hasi ginen, eta bagenekien aspalditik zetorren kontua dela, baina uste genuen erraz konponduko genuela. Zera pentsatu genuen hasieran: «Orain arte hala funtzionatu du, baina, agian, ez da egon liburutegia benetan interesatu zaion herritar talde bat». Egoera konpontzeko eskaera egin genuen, baina ez genuen espero kontua horrenbeste konplikatuko zenik. Azken batean, eskatzen ari garena oso sinplea da, baina konponbidea uste baino zailagoa izaten ari da.
Zer eskatzen duzue?
Inork pentsa dezake eskatzen dugula umeak helduen liburutegian egotea, baina gure eskaera guztiak haur liburutegiarekin lotutakoak dira. Oso oinarrizkoa den gauza bat eskatzen ari gara: umeekin liburutegian egoteko aukera izatea. Ezarrita dauden adinkako neurriak kentzea nahi dugu, haurrekin liburutegira edozer ordutan joan ahal izateko. Liburutegira berdintasunez joateko aukera eduki nahi dugu, inolako diskriminaziorik gabe.
Udal gobernuari aurkeztu diozue zuen eskaera, eta egoera lehengo bera da oraindik. Zer arrazoi ematen dizuete haur liburutegiko neurriei bere horretan eusteko?
Pare bat aldiz-edo elkartu gara udal gobernuarekin, eta jarrera itxia izan dute; horma bat izan dugu parean. Esaten du leku falta dela arazoa. Orduan, gure galdera zera da: «Arazoa lekua bada, neurri murriztaileak zergatik aplikatzen dizkiete haurrei bakarrik?». Gainera, 0 eta 2 urte bitarteko haurrek ezin dute sartu, eta zer zerikusi du horrek lekuarekin?
Leku falta da ematen dizueten arrazoi bakarra?
Horretaz gainera, esaten digute jarrita dauden neurriak beharrezkoak direla bizikidetza bermatzeko. 0 eta 2 urte bitartekoak haur liburutegira ez sartuta, bizikidetza bermatzen da? Eta, aldiz, 2 eta 6 urte bitarteko haurrak espazio eta denbora tarte berean egoteak bizikidetza bermatzen du? Guretzat, ulergaitza da, ez baitugu bizikidetza ulertzen umeei neurri horiek ezarrita. Bizikidetza bermatuko da herritar guztiak barne hartzen dituen liburutegi bat izaten dugunean, eta pentsatu behar dugu horretarako zer egin dezakegun. Horretarako, hainbat gauza proposatu dizkiogu udal gobernuari.
«Bizikidetza bermatuko da herritar guztiak barne hartzen dituen liburutegi bat izaten dugunean, eta pentsatu behar dugu horretarako zer egin dezakegun»
Zer, adibidez?
Proba pilotu bat egitea. Ikusi nahi dugu ezarrita dauden neurriak kentzeak bizikidetza oztopatuko lukeen. Zerbaitek ez balu funtzionatuko, pentsatu beharko litzateke zer egin, baina inor bazterrean utzi gabe. Liburutegia zerbitzu publiko bat, da eta denok eduki beharko genuke erabiltzeko aukera. Uste dugu oso oinarrizkoa dela eskatzen ari garena, baina koherenteak ez diren erantzunak jasotzen ari gara. Begira, beste koherentzia falta bat kontatuko dut: beste herri bateko 2 urtetik beherako haur batek posible du liburu bat maileguan eskatu Debako haur liburutegian, baina adin bereko debar batek ez, ezin baitu liburutegiko txartelik izan.
Ezagutzen al duzue neurri horiek dituen beste liburutegirik?
Ez, eta ez dugu uste Debako haurrak gainerakoengandik desberdinak direnik. Inguruko liburutegien laguntza jasotzen ari gara. Martxoaren 28an, adibidez, mahai inguru bat antolatu genuen Deban, eta liburuzain adituak etorri ziren: Markina-Xemeingoak, Elgetakoak, Arrasatekoak... Uste dut hausnarketarako baliagarria izan zela.