Plaza hartu du festak

Gaur hasiko dira Ormaiztegiko San Andres festak. Bederatzi eguneko ospakizuna dute aurrean. Erdialdeko lanak bukatuta, festagunea plazara itzuliko da.

Ormaiztegiko Mozorro Eguna
Hiru emakume, iaz, Ormaiztegiko San Andres jaietako mozorro egunean.
2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

San Andres egunerako ia astebete falta da, baina gaur hasi eta abenduaren 2ra bitartean ospatuko dituzte patroiaren omenezko festak Ormaiztegin. «Gozatzeko egunak» izango direla iragarri du Jon Enrike Galartza alkateak. «Alaitasunez beteriko momentuak izango dira, eta familia eta lagunak elkartzeko aukera emango dute». Askotariko kultur eta kirol ekitaldiak izango dira nagusi: musika, ekintza gastronomikoak, erakusketak, herri kirolak, jolasak... Alkateak jakinarazi du, gainera, herriko plazara itzuliko dela aurten festagunea. Izan ere, herriko plaza berritzeko lanek eraginda, Berjaldegi auzoan egin zituzten iaz jarduera nagusiak. Gaineratu du, halaber, egindako lanei esker jai eremua handiagoa izango dela.

Nolanahi ere, alkateak ziurtzat jo du 19:00ak aldera bete egingo dela gaur plaza. Harrikalariak gazte asanbladako kideek pregoia irakurriko dute ordu horretan, udaletxeko balkoian, eta haien ardura izango da festak hasteko suziria jaurtitzea ere. «Merezi dute», aitortu du Galartzak. «Ormaiztegiko gazte asanbladaren parte hartzea bermatuta dago beti. Jaiak antolatzen ez ezik, etengabe lanean ari dira beti. Horregatik, aurten herriko gazteek hartuko dute horrenbeste maite dituzten San Andres jaien txupinazoan pregoia egiteko ardura». Egitaraua osatzeko lanetan aritu diren beste eragileei buruz ere esker onez mintzo da: «Teknikari, erakunde eta zinegotziez gain, herritar ugari ibiltzen da aurreko hilabeteetan lanean, ekitaldi eta ikuskizunak guztion neurrikoak izan daitezen. Merezi dituzte gure txaloak, egiten duten lan onagatik».

Suziriaren aurretik, baina, iaz Ormaiztegin jaiotako haurrei festetako zapi pertsonalizatua jantziko diete, eta zer urtetan jaioak diren adieraziko dute zapiek. Hartara, alkatearen iritziz, «etorkizunean jaiez gozatzera irteten direnean oroigarri polita» izango dute haurrek. Denera, hamabost zapi banatuko dituzte.

San Andres Herri Eskolako Guraso Elkarteak antolatutako Ormaiztegi show ikuskizunak emango dio hasiera gaur aurtengo egitarauari. 16:30ean izango da, Zubipe kiroldegian. Sekundino Esnaola musika eskolako trikiti-txarangak, berriz, ikuskizunera joandakoak erdigunera eramango ditu, kalejiran. Iluntzean, berriz, zortzietan, Zubipen elkartuko dira herritarrak, areto futboleko txapelketako finala jokatuko baita. 23:30etik aurrera, Ezezez eta Silitia taldeen kontzertuak izango dira, plazako karpan.

Jantzi zaharrez, dotore

Eleganteen Eguna izango da biharkoa. Ormaiztegiarrek armairuko jantzirik dotoreenak atera beharko dituzte. Ez du, ordea, edozein jantzik balio: XIX. mendekoak beharko dute izan. Izan ere, 1854. urtean bainuetxea ireki zuten herrian, eta, hamar urte geroago, Madrildik Irunerako tren zerbitzua jarri zuten martxan. Toki askotako aberatsak iritsi ziren orduan Ormaiztegira, eta, hala, baita dirua, askotariko negozioak, zerbitzu berriak, glamourra, moda eduardotarra eta abar ere. Garai hari egindako keinua da bihar ospatuko den eguna. Photocall bat jarriko dute, gainera, lehen bainuetxea zegoen tokian. Eguna girotzeko, garai hartako autoen erakusketa ere antolatu du Jai Batzordeak.

Aste barruan ez dute atsedenik hartuko. Asteazkenean, esaterako —hilak 29—, helduen danborrada izango da, Urolatarrak txarangaren musika lagun. 20:00etan abiatuko da, Zubipetik herriko plazara. Dena dela, biharamunean izango dute festek egun handia: San Andres eguna. Xabin Ezkurdia, Rosario Berasategi, Kepa Jaka eta Aurelio Magallanes omenduko dituzte, besteak beste herriko kultur jardueretan egindako ekarpenaren aitortza modura. 12:30ean izango da omenaldia, eta, jarraian, herri kirolak izango dira, plazako karpan.

Abenduaren 2an, larunbatarekin, mozorroen eguna ospatuko dute. Horretarako, mozorrotutako kuadrillen arteko topaketa egingo dute plazan. Photocall bat antolatu dute egun horretarako ere, etorkizunerako erregistratuta gera daitezen herrikoen mozorroak. Bazkalondoan, 19:00ak aldera, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar.

Hiru lehiaketa

Igandean amaituko dira festak. Euskararen Eguna ospatuko dute egun horretan, eta, aldi berean, baita Odolki Eguna ere. Ohi bezala, hiru lehiaketa antolatu dituzte odolkiaren inguruan. Batetik, 36. odolki lehiaketa egingo dute, eta bertan izango dira azken bi urteetako irabazleak –Beasaingo Olano harategiko harakinak eta Ezkioko Jesus Mari Deba–. Bestetik, 25. odolki osagaien lehiaketa izango da, eta, azkenik, odolkia osagaitzat daukaten plateren 21. gastronomia lehiaketa. 12:30ean egingo dute lehiaketa horien sari banaketa. Izango da odolkia dastatzeko aukerarik ere, IV. Martin Callejo ardo dastaketarekin batera.

Horrekin batera, Urrezko Odolkia ere banatuko dute. Edurne Elortza Beitiarentzat izango da aurtengoa. Hain zuzen ere, azken hamarkadan «lehiaketetarako prestaketa lanetan izandako inplikazioagatik» sarituko dute antolatzaileek. Orain arteko antolaketa lanetan aritzeaz gain, hizlari lanak egin izan ditu Elortzak.

Bentazarreko Mutiko Alaiek jarriko diote azken ginga bederatzi eguneko ospakizunari. 19:00etan abiatuko dira herriko plazatik musika joaz, eta kalez kale ibiliko dira, 21:00etan gizarte etxean azken piezak jo arte. Handik aurrera, 2024ko Ander Deunaren festetarako atzerako kontua hasiko dute ormaiztegiarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.