Donostian Organic Studio sortze laborategia sortu zuen iazko uztailean Paula Francok (Donostia, 2000), eta proiektua garatzeko diru laguntza bat jaso berri du. Francok hondakin organikoak berrerabiltzen ditu, eta kontatu du diru laguntzari esker Donostiako establezimenduekin trukea egin nahi duela. Bilboko Basque BioDesign Centerren egin zuen masterra, eta han areagotu zitzaion material organikoekiko zaletasuna. Hala, Organic Studio ireki zuen Donostiako Egia kalean.
Zer da Organic Studio?
Artea eta zientziaren arteko fusio bat da. Sortze laborategi bat dela diot, garrantzitsua iruditzen zaidalako azpimarratzea arteak berezko dituen berrikuntza, sorkuntza eta erronkak zientziaren azterketarekin uztartzen ditugula. Gure lehengaia hondakin organikoak dira, eta lehengai hori eraldatzeko beharrezkoa da zientzia.
Zer hondakin erabiltzen dituzue?
Laranja azala, fruitu lehorren oskolak, muskuiluak, arrautza oskolak, tipula azala... Hondakin bakoitzarekin egin daiteke zerbait. Adibidez, tipularen azalak tindu naturalak lortzeko erabiltzen ditugu, eta zitrikoak, bioplastikoa egiteko. Niri gehien interesatzen zaidana zeramika da, eta hori kaltzioa duten hondakinekin lor daiteke: arrautzaren oskolekin, muskuiluekin, bieirekin, ostrekin... Gelifikatzaile jakin bat erabiliz gero, konturatu gara buztinaren antza duen masa organiko bat lor dezakegula.
Zer egiten duzue berrerabilitakoarekin?
KSI Berritzaile programaren diru laguntza lortu berri dugu proiektu bat garatzeko. Proiektuari Hondakina baliabide deitu diogu, eta, horren bitartez, Donostiako establezimenduekin lankidetzan aritzea da asmoa. Oraingoz, lau dendarekin dugu harremana: Dabadabak zitrikoak eman dizkigu; Mapendak, hibiskoa eta tipula azalak; Itsaspek, muskuiluak eta arrautza oskolak; eta Lurkak, kakaoaren hondakina. Oraingoz, muskuiluak eta arrautza oskolak suertatu zaizkigu erabilgarrien, beste materialekin alderatuta, zeramika lortzeko hondakin gehiago erabil ditzakegu eta. Kontrara, bioplastikoa sortzeko lodigarriak behar dira.
«Egungo pentsamoldearen aurka doa: dena azkar eta berehala nahi izaten dugu, baina biologiak ez du horretarako aukerarik ematen»
Nahikoa hondakin lortzen al duzue?
Itsaspen, gutxi gorabehera, bi dozena arrautza erabiltzen dituzte egunean; guretzat, seiehun gramo. Hondakina jaso, garbitu, desinfektatu eta deshidratatu egin behar izaten dugu, gero hauts bihurtzeko. Materialari ura kendu behar zaio ustel ez dadin; hori da prozesuaren alde neketsuena. Hortaz, egun bakar batean denda batek emandako hondakinekin pitxer bat egin dezakegu. Pentsa hilean zenbat egin ditzakegun. Halere, oraindik ez dugu zehaztu zer produktu sortuko dugun, ikertzeko prozesuan gaude eta oraindik.
Proiektuaren lehenengo fasean zaudete orduan.
Bai; materioteka bat osatzen aritu gara. Probak egin ditugu elastikotasuna neurtzeko eta bolumena lortzeko. Halere, oraingoz, ez daukat baliabiderik denda gehiagorekin harremanetan jartzeko. Laborategi bakarra daukagu, eta produktu biologiko orok prozesu motela dauka. Egungo pentsamoldearen aurka doa: dena azkar eta berehala nahi izaten dugu, baina biologiak ez du horretarako aukerarik ematen. Horregatik, ez da erraza mundu hau industrializatzea.
Eta gero?
Helburua zera da, establezimendu bakoitzarekin adostea zer produktu beharko lukeen, eta trukea egitea. Sistema zirkular bat sortu nahi dugu: guk produktu bat sortu dendetako hondakinak erabiliz, eta haiei itzuli. Barne diseinurako produktu estetiko bat izan daiteke eta, bestela, platerak edo mahai tresnak. Oraingoz, materiala erabat organikoa denez, ezin da busti. Ezingo genuke produktua ontzi garbigailuan sartu, eta badakigu ostalaritzako establezimenduetan garbitasuna ezinbestekoa dela. Produktuak iraunkor egingo dituen erretxina organiko baten bila gabiltza.
«Sistema zirkular bat sortu nahi dugu: guk produktu bat sortu dendetako hondakinak erabiliz, eta haiei itzuli»
Formakuntza saioak ere egiten dituzue.
Organic Studio lantegian elkartzen gara, eta ume, gazte nahiz helduentzako formakuntza saioak ematen ditugu. Oraintxe bertan ikastaro trinko bat daukagu martxan, eta zenbait sektoretako enpresa sortzaileak azaldu dira, jasangarritasuna txertatu nahi baitute euren negozioetan. Bakoitzaren proiektua aztertu, eta teknika egokiak gomendatzen saiatzen gara, material organikoak gehitu ahal izateko.
Sona izan al du proiektuak?
Adibidez, interesgarria izan da Don Bosco ikastetxeak interesa adierazi izana. Azken finean, haien graduetan lantzen dituzten prozesu zientifikoak zerikusi handia dute guk lantzen ditugun prozesuekin. Alde bakarra dago: guk prozesu zientifikoari artistikoa eransten diogula. Garrantzitsua da ohartzea aukera gehiago daudela laborategi formaletan egiten denetik harago, eta aukera horietan dihardu Organic Studio lantegiak. Aberasgarria izan da Don Boscorekin elkarlanean aritzea; gainera, praktikak gurekin egin dituen ikasle bat ere ekarri didate.
Eta zer moduz harekin?
Hasieran ez zekien zertara etorri zen, ezta zertan lagundu zezakeen ere. Baina zelulosa oso handi bat hartzitu dugu, gure materialak iraunkor bihurtzeko ikerketak egin ditu, hondakin bakoitzak zer propietate dituen aztertu du... Datu asko lortu ditugu praktiketako ikasleari esker. Egia esan, Organic Studio ireki nuenean ez nuen irudikatu ere egin halako aukera bat edukiko nuenik. Artea eta zientzia bereizita ulertu izan ditugu beti, baina uste dut Don Bosco ikastetxearen interesari esker, frogatu ahal izan dugula haien artean zerikusi handia dutela.