leire narbaiza arizmendi
Iritzia

Sua eta energia potetxoak

2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

«Ai, pazientzia salduko balute!». Nork ez du halakorik noizbait esan? Nik, askotan. Halako gaitasunak trukatzeko aukera izango bagenu, behintzat; edota bertute horietaz gainezka gaudenean, gorde ahal izango bagenitu, eta beharrezkoa zaigunean, atera eta erabili? Ezin da, ordea.

Gauza bera egiteko egokiera izan beharko genuke sentimendu positiboekin: ase eta bete gauzkatenean, botilatxo txikietan mantendu ahal izango bagenitu! Poza eta euforia, naretasuna eta bakea, ongizatea eta betetasuna. Poteetan ontziratu, eta despentsa emozionalean metatu tristura, antsietatea, estresa, ezkortasuna eta angustia etortzen zaizkigunerako. Egoera edota sentimendu ezkor horietako bat agertuz gero, ontzitxoa atera biltegitik, eta zurrut egin. Horrela, egonkortasuna lortzeko asmotan zurrupatu, gu indarrez betetzeko. 

Urte birik behin, gutxienez, etortzen zait burura ideia xelebre hori. Beti Korrika sasoian, gure herritik pasatzen denean ez ezik, amaiera ekitaldian ere bai. 11 eguneko lasterketa zoroak eragiten duen energia positiboa ontziratzea balego, eta trabak, sententziak, eraso eta adierazpen euskarofoboak irteten diren bakoitzean, biltegiratuta dugun suhartasun dosi bat hartzerik bageneuka, jarki genkizkioke odol gaiztorik egin barik, nekea eta hira guregan gailendu gabe. Guk badakigu sua egiten-eta. Gure keak piztia piztu dezan, Baionako Askatasunaren plazan Garazi Arrulak irakurritako mezu ederra parafraseatuta. Gure egin beharko genukeen mezua.

Bost egun pasatu dira, gutxienez, Arrularen mezua entzun genuenetik, eta testu hau zuek irakurri arte. Eta askori irudituko zaie aspaldiko kontua dela, zaharra, alegia. Gure bizimodua halakoxea delako: duela astebete gertatutakoa iragana da. Beste pantaila batera pasatu gara, dena efimeroa delako gaur egungo bideojokoan. Iraungitze data laburregia dauka guztiak.

Ezinbestekoa da Korrika bezalako ekitaldiei etekin handiagoa ateratzea, gera ez daitezen une puntual baten, egun bateko lorea izan ez daitezen

Horregatik deritzot ezinbestekoa dela Korrika bezalako ekitaldiei etekin handiagoa ateratzea, gera ez daitezen une puntual baten, egun bateko lorea izan ez daitezen. Arnasa luzeko aprobetxamendua lortu beharko genuke. Gelatinazko mundu honetan ekimen batzuk patxadaz mamurtu beharko genituzke, digestioak astiroago egin ditzagun, barruan daukaten alimentuak ―mezua, kasu honetan― mela gaitzan. Hazkunde lasterreko espezieen industria baino gehiago, espezie autoktonoen haziera mantsoko basoak behar ditugulako. 

Arrulak adierazi zigun moduan, kea eragin behar dugu, piztia esna dadin. Eta piztiak «mediku ona ala euskalduna?» dikotomia faltsua botatzen digunean, Korrikak emandako indarraren potetxoa atera, xurgatu eta aurre egin. Euskara diskriminatzailea dela adierazten digunean, botilatxoa edan, eta eskubidea dela aldarrikatu ozen. ETB1en ez dutela euskaraz fikziorik emango esaten digutenean, dosia hartu, eta ikus-entzunekoak ezinbestekoak direla, gauzatu ditzatela presionatu. Azterketak erdaraz egiteko agindua dutenean gure gaztetxoek, tragoa jo biltegi emozionaleko txarroari eta gazte horiek babestu irmo eta goxo. Ofizialtasuna lurralde osoan lortzeko politikariak mugi daitezen, energia metatuari zanga-zanga egin eta eragin dezaten. 

Harro herria izan behar dugu, eta aurtengo kantaren amaierak esaten duen lez: ez badigute ematen arrazoia guri su emango diogu haien legeari. 

Badakigulako sua egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.