Gipuzkoan egonaldi bat egiten duten turista gehienek Donostian hartu ohi dute ostatu. Han batzen da bisitarien kopuru handi bat; iazko udan, esaterako, %4,5 hazi zen kopuru hori. Egoera iraultzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa Sailak herrialdeko turismo plano berri bat aurkeztu zuen apirilaren 14an. Azahara Dominguez foru diputatuak esan du planoak eskualde guztietako turismoa indartzeko helburua duela. «Aukera turistikoak Gipuzkoako baliabide eta txoko guztietara zabaldu nahi ditugu, bisitariei benetako eta askotariko esperientziak eskaintzeko».
Dominguezek azaldu du plano turistikoak «ikuspegi berritua» duela, balioa eman nahi baitio eskualde bakoitzak eskaintzeko duen aberastasun kultural, historiko eta naturalari. «Plano turistikoa herrialdea ezagutzeko gonbidapen bat da, turismo orekatuago eta bidezkoago bat sustatzen du, eremu ezagunenen saturazioa saihesteko». Gainera, diputatuak kontatu duenez, «askotariko motibazio turistikoak» jasotzen ditu mapak; besteak beste, museoak —Pasaiako Albaola, Hernaniko Txillida Leku, Getariako Balentziaga...— eta gastronomia —Ordiziako Azoka, Hernaniko eta Astigarragako Sagardo Eguna eta Getariako Txakolin Eguna—. Herrialdeko tenpluen atala ere gehitu diote mapari eta, besteren artean, Zumarragako Antio ermita, Azpeitiko San Ignazio basilika eta Oñatiko Arantzazuko santutegia ageri dira.

Aldundiak jarduera jasangarriak sustatzeko ahalegina ere egin nahi du turismo plano berriaren bidez, eta hainbat parke natural eta ibilbide markatu ditu mapan, hala nola Aiako Harria, Aralar, Plaiaundi eta kostaldeko geoparkea. «Gure ingurunea errespetatzen eta kontserbatzen duen turismo jasangarria bultzatu nahi dugu». Planoaren asmoa da turisten beharrak asetzea eta «kalitatezko bisitariak» erakartzea.
Kostaldea eta barnealdea
Dominguezek esan du Gipuzkoan badirela bisitatzeko modukoak diren herri ugari, hala kostaldekoak nola barnealdekoak. «Eskualde bakoitzak bere xarma du, Soraluzeko historiaurreko trikuharrietatik hasi eta Tolosaldeko literatur ibilbideetaraino». Diputatuak kostaldeko herri batzuen «xarma» nabarmendu du, besteak beste, Hondarribia, Mutriku, Deba eta Zarautzena; bai eta barnealdeko herrien «edertasuna» ere, hala nola Oiartzun, Zerain eta Tolosa herriena. Esan du aldundiaren helburua ez dela soilik turistak erakartzea, baizik eta gipuzkoarren ezagutza sustatzea. «Eskura ditugun baliabideen berri dugunean, balioa ematen diegu, eta, hala, gure herrialdeko enbaxadorerik onenak bihur gaitezke».
Haren hitzetan, «ezinbestekoa» da «kalitatezko turistak» erakartzeko ahalegina egitea. Izan ere, haren arabera, datuek erakusten dute turismo industria dela herrialdeko eragile ekonomiko nagusietako bat. «Gure helburua da turistek Gipuzkoa sakon ezagutzeko interesa izatea». Hain zuzen ere, horixe proposatzen du berriki argitaratu duten planoak: turismoa eskualde guztietan modu orekatuagoan banatzea, turistak hiriburuan ez pilatzeko.
Planoko informazioa ahalik eta lagun gehienengana iritsiko dela bermatzeko, Gipuzkoako hainbat gunetan banatuko dute, hala nola 31 turismo bulegotan, ostatuetan, gastronomia elkarteetan eta bestelako turismo guneetan. «Modu horretan, turistek erraz eskuratu ahal izango dute mapa, bisitak modu eraginkorrean planifikatzeko eta Gipuzkoak eskaintzeko duen guztia ezagutzeko», adierazi du Dominguezek.