Ez du zuzenean Euskal Herriarekin loturarik, baina Soulèvements filmaren (Altxamenduak) webgunean, Filmaren erakunde lagunak izeneko atalean, ELB sindikatua, Lurzaindia eta Ostia agertzen dira, beste hainbaten artean. Iragan astean aurkeztu zuten filma bigarren aldiz, eta aitzin agerraldia egin Baionako Atalante zineman; hiru erakunde horietako kideek animatu zuten proiekzio ondoko eztabaida, Thomas Lacoste egilearekin batera (Bordele, Okzitania, 1972). Zuzendariaren aitzineko filmak —L’hypothese democratique (Hipotesi demokratikoa)— euskal gatazka zuen ardatz. Soulèvements lana, berriz, Lurraren Altxamenduak Frantziako Estatuko mugimendu erradikalaren inguruko dokumentala da. Otsailaren 11tik aitzina izanen da ikusgai zinema aretoetan.
Hamasei lagunen lekukotasunak biltzen ditu filmak, eta agerian uzten du erresistentzia talde batek zer-nolako aniztasuna izan dezakeen. 2021ean, Notre-Dame-des-Landes BBG ezagunean berrehun kidek sortu zuten Soulèvements de la terre taldea, «komunen defentsarako, lurren artifizializazioaren eta ura eta lurren jabetzearen kontrako borrokarako, desarmatzeak, blokeatze eta okupazioen bidez»; hala irakur daiteke lanaren hastapenean. Desarmatzea deitzen dutena, besteen ahotan, sabotajea da. 2023an, Frantziako Gobernuak mugimendua desegiteko saiakera egin zuen, baina berehalako erantzuna izan zen: 200.000 lagunek beren burua mugimenduko partaide gisa deklaratu zuten, eta 150 talde sortu ziren han-hemen. Horietako batzuetan eraman borrokak aipagai ditu Lacosteren dokumentalak, askotariko ikuspegietatik.
Aniztasuna agerian
Mugimenduaren webgunean, taldearen helburuak argiki idatziak dira. Hain zuzen, adierazi dute «Lurren Altxamenduak lekuko borroken sare bat sortzeko saiakera» direla, «baita eskala handiagoan funtsen partekatzeko eta erresistentzia mugimendu bat sustatzeko ere». Haien hitzetan, «egiazko indar harreman baten sortzeko borondatea bada, lurra sarraski industrial eta merkataritik kentzeko». Definizio horren ñabardura andana bat agerian uzten dituzte dokumentaleko lekukotasunek.
Barne antolaketari eta estrategiari buruzko gogoetak ere aletzen dira 'Soulèvements' filmean, lekukotasunen bidez. Manifestazioak, okupazioak, desarmatzeak... borroka moldeak lurralde bakoitzera nola egokitzen dituzten esplikatzen dute tokiko eragileek
Lehen lekukotasuna Notre-Dame-des-Landes BBGen filmatua da; aireportu baten proiektuaren kontrako erresistentzia gune hartan, laborantzan ari den militante baten hitzekin hasten da kontakizuna. Beste lekukotasun batean, «laborantza eta borroka; bakoitzak puzzlearen zati bat badu» entzun daiteke, hiriko militante ekologisten eta azpiegitura proiektu bat pairatzen duten eskualde bateko biztanle batek aipaturik.

Lurraren Altxamenduak mugimendua sare bat dela ere ontsa erakusten du Lacosten filmak, hainbat lurraldetako borroka batzuk plazaratzen baititu. Ezagunak dira haietako batzuk; Okzitaniako Tolosa ondoan den A69 autobide proiektuaren kontrako borroka, adibidez. Sainte-Solineko (Frantzia) ur erreserben kontrako borroka eta errepresio bortitza ere jorratzen ditu. Aitzitik, ez dira hain ezagunak Saint-Colomban (Frantzia) harrobien handitze xedearen kontrako borroka, goratasun handiko hormagune baten defentsa eta teleferiko baten kontrako mobilizazioa. La Cluzas eskualdean, luxuzko turismoaren beharrak asetzeko eta elur artifiziala ekoizteko mendi batean ur erreserba bat egiteko proiektuaren kontrako borroka ere ez zen izan hain mediatizatua. Mugimenduaren barnean, ohiko borrokez aparte, laborantzako tresnak egiteko trebakuntza eta «elikagaien segurantza soziala» ere argitan ezartzen dituzte, dinamikaren dimentsioak ezagutarazteko.
Barne antolaketari eta estrategiari buruzko gogoetak ere aletzen dira Soulèvements lanean, lekukotasunen bidez. Manifestazioak, okupazioak, desarmatzeak... borroka moldeak lurralde bakoitzera nola egokitzen dituzten esplikatzen dute tokiko eragileek. Mugimenduaren «garaipen ospetsuez» harago, «errepresioa» asumitu beharraz ari da beste lekukotasun bat, mugimenduaren barneko gogoeta estrategikoak eta talde juridiko bat plantan nola ezarri zuten ere kontatzen baitu. Sainte-Solineko errepresioa egundoko «sarraskia» izan bazen ere, handik hartu irakaspenak eta aitzina segitzeko borondateaz hausnarketa sakonak entzun daitezke. Naturarekiko eta natura defendatzeko borrokarekiko lotura intimoak ere azaltzen dituzte mugimenduko partaideek; horretan ere bada aniztasuna. Aldi oroz, bataila batzuetako argazki eta bideo ederrek janzten dituzte militanteen erranak.