Antibiotikoak gaizki erabiltzea osasun publikoko arazo «larria» da

Geroz eta bakterio gehiagok antibiotikoekiko erresistentzia dute, eta, ondorioz, orain arte artatzeko errazak ziren infekzio batzuk artatzeko zailak bilakatu dira. Neurrian erabili behar direla oroitarazi du Erien Asurantza Kutxak.

Antibiotiko kutxak
Antibiotiko kutxa batzuk, farmazia batean, artxiboko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Eztula, mukiak, zintzurreko mina, sukarra... Sintoma horiek eragiten dituzte birus batzuek, hala nola gripeak eta COVID-19ak. Horien kontra, ordea, antibiotikoek ez dute deusetako balio: debalde dira. Izan ere, bakterioen kontrako erremedioa da antibiotikoa, eta bakterio bidezko infekzioen kontra baizik ez dira erabili behar. Baionako CPAM Erien Asurantza Kutxak alarma piztu du: Ipar Euskal Herrian ere antibiotikoen erabilera gehiegizkoa da, eta horrek osasun publikoko arazo bat sortzen du, bakterio batzuek antibiotikoen kontrako erresistentzia garatu baitute. Horrek eragiten du orain arte artatzeko errazak ziren infekzio batzuk ez gehiago artatu ahal izatea. Antibiotikoak egoki erabiltzea galdegin dute: bakterio bidezko infekziorik dagoenean bakarrik, eta, beti, medikuaren gomendioa segituz.

Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduko datuen arabera, herritarren %41ek hartzen dituzte antibiotikoak gutienez urtean behin. Mediku orokorrak dira gehien preskribatzen dituztenak, 0 eta 10 urte artekoei eta 75 urtetik gorakoei bereziki. Delphine Dauzier Erien Asurantza Kutxako zuzendari laguntzailearen arabera, «biziki handia» da antibiotikoak hartzen dituztenen kopurua, eta baitezpadakoa ikusten du prebentzio lana egitea. «Datuak baditugu, eta badakigu herritarren artean nork dituen gehien kontsumitzen; pedagogia lana bereziki horiei begira eraman behar dugu. Helburua da erabilera apaltzea, beharrezkoa delarik baizik ez daitezen erabiliak izan». 

Osasun publikoa jokoan

Martine Cibrario Soula Erien Asurantza Kutxako medikua arranguraturik mintzatu da, hark ere uste baitu gehiegizkoa dela antibiotikoen erabilera. «Osasun publikoarentzat zinezko arazo bat da antibiotikoak debalde erabiltzea, edo gaizki erabiltzea, medikuaren gomendioak segitu gabe. Gorputzean patogenoak ez diren bakterioak baditugu, baina, horiek gehiegitan antibiotikoak topatzen badituzte, horiekiko erresistentzia garatuko dute. Bakterio bidezko infekzio bat izatean, gero, antibiotikoak ez du eraginik izanen». Erresistentzia horiek gainditzeko gai diren antibiotiko azkarragoak erabiltzera behartuak direla jakinarazi du. «Eta, batzuetan, horiek ere ez dute funtzionatzen. Beraz, badira bakterio bidezko infekzio batzuk ezin ditugunak artatu, duela zenbait urte aise artatzen genituelarik». Cibrario Soulak argi utzi du hori osasun publiko arazo biziki larria dela, bakterio artaezinak sortzen baitira, eta horrek heriotzak eragiten baititu.

Antibiotikoekiko erresistentzia apaltzeko, ez da «berantegi». Cibrario Soulak esplikatu duenez, herritarrek antibiotikoak behar bezala eta beharrezkoa denean bakarrik erabiliz gero, egoera zinez hobetuko litzateke, «zuzenki lotua baita». Ikerketa zientifikoak, gainera, ez du baitezpada erresistentziak gainditzen ahal dituzten antibiotikoak garatzeko ahalik. «Ezin dugu antibiotikoekiko erresistentzia gainditu ez badugu horien erabilera apaltzen, eta ez baditugu egoki erabiltzen».

«Datuak baditugu, eta badakigu herritarren artean nork dituen gehien kontsumitzen; pedagogia lana bereziki horiei begira eraman behar dugu. Helburua da erabilera apaltzea, beharrezkoa delarik baizik ez daitezen erabiliak izan». DELPHINE DAUZIERErien Asurantza Kutxako zuzendari laguntzailea

Antibiotikoak ongi erabiltzeko «ongi preskribatuak» eta «ongi erabiliak» izan behar dutenez, prebentzioa egitea da gakoa, Cibrario Soularen arabera. Medikuek badituzte horretarako tresnak, hala nola bakterioa ala birusa den detektatzeko probak, eta horiek erabiltzea gomendatzen du Erien Asurantza Kutxak. Bakterioa bada, eta pazienteak antibiotikoak hartzeko medikuaren ordenantza badu, posologia eta tratamenduaren iraupena errespetatu behar ditu. «Nahiz eta lehen egunetan pazientea hobeki sentitu, tratamendua bururaino hartu behar du. Bestenaz, erran nahi du bakterioa antibiotikoarekin harremanetan izan dela, baina ez aski luzaz garaitua izateko. Horrek ere antibiotikoekiko erresistentzia handituko du».

Pedagogia

Dauzierek pentsatzen du medikuen gehiegizko preskripzioa pazienteek medikuei egiten dieten «presioak» esplika dezakeela partez; horregatik, hain zuzen ere, beharrezkotzat jo du pedagogia. «Bakoitzak molde arduratsuan jokatu behar du bere eritasunarekin, eta onartu behar da birusen kasuan anitzetan denbora dela erremediorik eraginkorrena». Cibrario Soularen iritziz, pazienteek joera izan dezakete erremedioak bakarrik hartzeko, eta hori ez egiteko erran du. «Usu gertatzen dena da paziente batek sukarra duelarik ez duela baitezpada medikura joko; haatik, aitzineko aldi batean eman zion antibiotiko bat hartuko du, ustez eta aitzineko aldian eraginkorra izan zela. Problema da antibiotiko baten preskripzioak bakarrik balio duela diagnostiko konkretu baterako. Aitzineko aldian bakterio bidezko infekzioa izan zitekeena ondokoan birus batek eragindakoa izaten ahal da».

«Problema da antibiotiko baten preskripzioak bakarrik balio duela diagnostiko konkretu baterako. Aitzineko aldian bakterio bidezko infekzioa izan zitekeena ondokoan birus batek eragindakoa izaten ahal da».

 MARTINE CIBRARIO SOULA Medikua

Dauzierek erran du hori eragozteko garrantzitsua dela preskripzio baten ondotik erabili gabeko antibiotikoak farmaziara itzultzea. Helburua da automedikaziorik ez egitea, «ondorio katastrofikoak baititu». Jendea sentsibilizatzeko lanetan ari da Erien Asurantza Kutxa, eta talde berezi bat osatu du horretarako, Baionako ospitaleko medikuekin partaidetzan. Talde horrek mediku orokorrei gomendioak emanen dizkie, eta antibiotikoak egoki preskribatzen lagunduko ditu, bereziki, artatzeko konplikatuak diren infekzioen kasuan, ospitaleko mediku berezituen laguntza ukaiten ahalko dute edonoiz. Aldi berean, herritarrenganako prebentzioa ere eginen dute, besteak beste komunikazio kanpaina bortitz baten bidez.

Dauzierek argi du egitasmo hori beharrezkoa dela jendeak kontzientzia har dezan: «2050ean angina batek hilko nau dioen emazte gazte baten afixa hedatuko dugu. Errealitatea hori da, antibiotikoekiko erresistentziak hori eragiten ahalko du ez badugu indar kolektiborik egiten. Arrazoi horregatik hiltzen direnen kopurua anitz emendatuko da, eta parekatzen ahalko da minbiziak eragindako heriotza kopuruarekin. Larria da, eta fite eragin behar dugu». Konfiantzaz mintzatu da Cibrario Soula, uste baitu pedagogia lanari esker herritarrek beren usaiak aldatuko dituztela eta egoera konpontzen ahal dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.