URTEKARIA: KULTURA

Ekitaldi handietan, arte adierazpideak ideien zerbitzuko

PAF talde feministak aurten estreinatu du LoverDose festibala Baionan. EHZ festibalak iragarri du Irisarri utzi eta Arberatzen izanen dela ondokoa.

LOVERDOSE - ALTXA LILI
Altxalili kabaretearen momentu bat, maiatzaren 20an, Baionako LoverDose festibalean. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2023ko abenduaren 22a
06:05
Entzun

Baionako LoverDose festibal feministak ireki zuen aurten jaialdien sasoia, maitasuna aipagai, eta arrakasta handia kausitu. Maiatzaren 19tik 21era, PAF talde feministak «esfera intimoan eta pribatuan zokoratu ohi» duten gai horri «kolektiboki begiratzea» proposatu nahi zuen, bide desberdinetatik: hitzaldi, mahai inguru, tailer edo ikuskizunen bidez, besteak beste. Beste begirada bati leku emanez, Jenofa Berhokoirigoin antolatzaileak Ipar Euskal Herriko Hitza-n erran zuenez: «Patriarkatuak beharrezkoa du bikotea zentroan ematea, eta hori galdekatu eta deseraiki nahi dugu. Zergatik bikote hetero-arautua zentroan eman behar du, eta zerendako lagun harremana familiako harremana bigarren mailan doaz?». 

Gaiak tratatzeko, itzal handiko izenak izan ziren LoverDose festibaleko afixan, eta jende anitz entzuteko eta eztabaidatzeko. Ikuskizunetan, aipagarria zen Altxalili kabaretea, hilabete batzuk lehenago Atharratzeko Prefosta elkartearekin Bekat’uros besta antolatu zuen artista taldearen sorkuntza: LGBTI mugimendutik, barnealdeko gazteek ekarri haize freskoa.

Izpegiko bestak

Baigorriko partean, berriz, Baztango gazteekin eskuz esku, beste muga bat hausteko besta antolatu zuten lehen aldiz. «Konfinamenduan muga hetsi zuten, eta elkarretaratzeak egin genituen Izpegi kaskoan; bi aldeetarik etorri zen jendea», erran zuen Oihana Bidart Basaizea elkarteko kideak, ideiaren jatorria aipatzean. Izpegiz bi aldeetan ohartu ziren prezioen gorakada eta «turismo masiboaren arriskua» bazutela. «Bietan sentitzen dugu herrian bizi nahi dugula, eta euskaraz», gehitu zuen Bidartek. Beste hainbat aldarrikapen egin zituzten: feminismoa, tokiko ekoizpenak erabiltzea, gauza kutsagarririk ez erostea…. 

EHZ, Arberatzera

Urte luzeetan eta bereziki azken belaunaldiekin gertatu bezala, Euskal Herria Zuzenean festibalak abiatze berri bat hartuko du, aurten iragarri dutenez. Irisarrin azkena eginik, bilan baikorra egin zuten antolatzaileek agiri batean: «Irisarrin bost urtez egin diren lau edizioek EHZren beste etapa bat marraztu dute. Berriz txikitik eta xumetik hasi ginen 2019koan. Tartean, pandemia ere izan zen, eta 2020koa bisio bilkura batean ezeztatu genuen. 2021ean musukorik gabeko oasia bilakatu zen EHZ, arnasgune bat euskararentzat eta euskal kulturarentzat. 2022an eta 2023an, Irisarrin erroturik, laguntzaile gazte-gazteekin eta programazio aberatsarekin iragan dira». Irisarrin baldintza onak ukanik ere, aurtengoa hasi aitzin erabakia zuten azkena izanen zela han. 

Amikuzen izanen da EHZ, Arberatzen. Han bilatuko dituzten desafio berriak azaldu zituzten Ihintza Etxart eta Imanol Etxebarne EHZko kideek BERRIAn: «Lurralde berri horretara bilduz, Amikuzera bilduz, erronka berri anitz baditugu: lurralde berri batean errotzea, hango eragileekin, kultur eragileekin, besta komiteekin eta gazteriarekin», eta oroitarazi zuten amikuztar gazte anitzek parte hartu zutela herri berria hautatzeko deliberoan.

Hitza Hitz, azkena

Mauleko musika urbanoen festibalak, Hitza Hitzek, bigarrena izan du aurtengoa. Antolatzaileen erronka nagusia lehen edizioak utzi defizitari buru egin eta aitzina segitzea zen, lehen urtean eurite gogorrak jasan baitzituzten. Gogoberriturik eta laguntzaile berriez lagundurik prestatu zuten bigarrena, gogo handiz; diru laguntza publikoak ere ukan zituzten aurtengoa prestatzeko. «Joan den urteko aldiak bost aldiren esperientzia eman digu», erran zuen Charlie Josue antolatzaileak. Baina gogoa, jende berria eta Ludwig Von 88 talde ezaguna ez dira aski izan egitasmoa iraunkortzeko, antolatzaileek amore eman dutela jakinarazi berri baitute. Ez dute berriz eginen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.