Artzaina, bortutik etxaldera

Maina Chasseventek artzain soil izatetik etxaldean plantatzeko egiten duen bidea erakusten du 'Artzain soil' filmak. Lucie Francini eta Sabina Hourcadek zuzendu dute. Urte eta erdi bateko filmaketa izan da.

Artzain soil 05
'Artzain soil' dokumentaleko irudi batean, Maina Chassevent artzaina eta Remi haren laguna, ardiak eskuz jezten. HITZA
Joanes Etxebarria.
2024ko apirilaren 26a
05:25
Entzun

Bi pertsonaia nagusi ditu Artzain soil dokumentalak: Maina Chassevent artzain soila, batetik, eta Remi haren laguna, bestetik. Protagonistak lurrik gabeko artzain izatetik etxalde batean plantatzeraino egiten duen bidea kontatzen du filmak, ofizioari lotu irudi ederrez ilustraturik. Bi zuzendari dira: Lucie Francini eta Sabina Hourcade. Proiektua abiatu zutelarik, bi zuzendarien ideia zen beste bi pertsonaiarekin abiatzea: lurrari lotua den bat eta itsasoari beste bat. Badira lau urte ideia hura ukan zutela, eta dokumentala errealitate desberdinei egokitu behar izan dute bi egileek. Heldu den astean izanen da estreinaldia Ipar Euskal Herrian.

Lehen ideian, elikagaien katean oinarrizko ofizioetan den prekaritatea erakustea zuten xede. Baina dokumentalgintza ere prekarioa delako, aldatu egin behar izan zuten hastapeneko proiektua, Sabina Hourcade zuzendariaren erranetan: «Arrantzale anitzekin bildu eta gero, batekin abiatu ginen, baina zaila zen filmaketa oro, azken momentuan hitzartu behar zirelako. Lau urte iraun du lanak, eta dokumentalaren mundua ere prekarioa da: lau urteko lan hori ez da pagatua izan». Dokumentalak zenbait laguntza ukan ditu geroztik, baina bi zuzendariek beren ofizioa egin behar zuten, film xedeaz gain. Artzaina da protagonista azkenean, eta filmaketa epe luzean egin da, urte bat eta erdiz bizpahiru aste oroz joan baitira Chasseventengana haren ibilbideari segitzera.

«Gai bat barnatzeko ber borondatea eta filmaren norabidearen ideia bera genuen; arrunt osagarriak gara».

 LUCIE FRANCINIKFilm zuzendaria

Hastapeneko ideiatik heldu den astean erakutsiko duten dokumentalera izan diren egokitzapenak normalak dira, Hourcaden arabera, idazketa hiru alditan egiten dela erran ohi baita: «Filmaketa abiatu aitzin, filmaketa denboran gertatzen diren ezustekoekin, beste behin, eta muntaketa denboran, azken aldi batez». Artzain soil filmatzen hasi zirenerako, artzainaren bikotekidea agertu berria zen, adibidez; haur bat sortu zen gero...

Maina Chassevent
Maina Chassevent, artzaina, Artzain soil dokumentaleko protagonista nagusia. HITZA

Binaka aritzea aberastasuna izan da zuzendarientzat, nahiz «orokorki ekoizpen enpresak uzkur izaten diren bi zuzendari direlarik», Hourcadek dioenez, arazoak sortzen ahal baitira «filmari buruz bi begirada desberdin sor daitezkeelako, edo ego arazoak izan daitezkeelako». Haien proiektuan, alderantziz, aberastasuna izan da, Franciniren ustez: «Gaia barnatzeko ber borondatea eta filmaren norabidearen ideia bera genuen; arrunt osagarriak gara. Ni ez naiz Euskal Herrikoa, eta horrek ere beste begirada bat ekartzen du. Momentu zailak zirelarik, bat hor zen bestea akuilatzeko».

Etxaldean plantatzea

2020ko maiatzean zuzendariek eta artzainak elkar ezagutu zutelarik, artzain soila zen Chassevent. Orduan hasi zen aipatzen etxalde batean plantatzeko xedea zuela, eta zinemagileek hori gai nagusitzat hartzea deliberatu zuten. Laborantzako belaunaldien segida, lurrak atzemateko zailtasuna, etxebizitzaren inguruko arazoak...; elkarrizketa eta off bozik gabe ere, gai horiek markatzen dute Chasseventen instalaziorako ibilbidea. 

Zuzendariek artzainarekin garatu dute kontakizuna, elkarrekin deliberatu dute zer erakutsi ere, etxebizitzaren kasuan korapilo bat izan delako jabearekin, Francinik oroitzen duenez, jabeak alokatu bai baina etxea ez duelako saldu nahi izan: «Gaur egunean ere egoera berean dira, eta eztabaidak ukan ditugu, hori erakutsi behar zenez, ez zenez haren kalterako izanen...». Gogoeta luzeek ekarri dute, azkenean, gaia plazaratzea. «Mainak eta Remik filma ikusi dute, eta kontent dira», Francinik argitu duenez. Bi zuzendariek nahi zuten, Franciniren erranetan, erakutsi instalazioa ez zela «istorio eder bat bakarrik». 

«Nahi dugu filma tresna bat izan dadin laborantza, transmisioa eta instalazioa aipatzeko».

 SABINA HOURCADEFilmaren zuzendaria

Istorioa ez da etxaldean plantatzeko zailtasunetan soilik zentratzen; ardiak eskuz jeztea, kabalak bortura eramatea, gasnaren ekoizpena, etxaldearen transmisioa edo Remi bikotekidea eskukaldiak ematen ageri dira, aldian aldi, musikaren eta  isiltasunen erritmoan. Gero, haurdunaldiak eta haur baten sortzeak, pertsonaia berri bat gehitu du artegiko planoetan.

Proiekzioak eta eztabaidak

Artzain soil dokumentala heldu den ostegunean estreinatuko dute Baionako Atalanten, topaketa berezia antolatuz: 20:00etan, filmaren musika egin duten konpositore eta musikariek kontzertua emango dute; 21:00etan, filma bera erakutsi ondotik etxaldeen transmisioaren inguruko eztabaida izanen da, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen parte hartzearekin; eta 23:00etan musikariak berriz ariko dira Zizpa gaztetxean. Urruña eta Donibane Lohizuneko emanaldietan, berriz, bi zuzendariekin mintzatzeko parada izanen da proiekzioen ondotik.

Beste diru iturrien artean, filmak Akitania Berriko, CNC edo Kanalduderen laguntza ukan badu ere, Francini eta Hourcade zuzendariek ez dute oraino bukatu duela lau urte hasi lana, haien esku izanen baita hedapenaren parte handi bat. Ipar Euskal Herriko zinema geletako proiekzioak, adibidez, haiek antolatu dituzte. EHLGrekin eta beste parte hartzaile batzuekin eztabaidak antolatzea ere beren gain hartu dutela zehaztu du Hourcadek, nahi dutelako «filma tresna bat izan dadin laborantzaren egoera aipatzeko; bereziki, transmisioa eta instalazioaren ikuspuntutik».

Zuzendariek ez dakite oraino beste proiektu batean abiatuko direnez elkarrekin. Hourcadek, halere, argi du gogoetatu beharko litzatekeela diru iturrien eredua, «finantzaketek hautu artistikoak mugatzen ahal dituztelako».

Trailerra hemen ikusgai

PROIEKZIOEN DATAK

  • Maiatzak 12. Maiatzak 2: Baiona, Atalante zine-gela.
  • Maiatzak 13:Urruña, tsas-Mendi zinemagela.
  • Maiatzak 14: Hazparne, Haritz Barne zinemagela.
  • Maiatzak 15:Hendaia, Ls Variétés zinemagela.
  • Maiatzak 16: Maule, Maule-Baitha zinemagela.
  • Maiatzak 21: Donapaule, Saint-Louis zinemagela.
  • Maiatzak 23: Kanbo, L’aiglon zinemagela.
  • Maiatzak 28: Donibane Lohizune, Le Sélect zinemagela.
  • Maiatzak 29: Donibane Garazi, Le Vauban zinemagela-Garazikus.
  • Baionakoa 21:00etan hasiko da, eta besteak, 20:30ean. Proiekzio batzuetan eztabaidak izanen dira. Informazio guztiak Luciefrancini.com/artzainsoil helbidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.