Athleticen familia handitzen ari da. Gaur egun arte, Ipar Euskal Herrian bi klubekin baizik ez zuen harremana Bilboko futbol klubak. Orain, 11rekin eginen du lan: Miarritze, Arbona, Bokale, Ardanavy, Senpere, Kanboko Izarra, Bidaxune, Maule, Garazi, Baionako Croises eta Hiribururekin. Lehen klubek uztailaren 2an izenpetu zuten hitzarmena Athleticekin, Baionan, Jean Rene Etxegarai auzapezarekin batean. Aldaketa «adierazgarria» da Athleticentzat, Iparraldeko publiko gazteari arreta handiagoa eman nahi dio eta. «Athleticen arrakasta zuena ere bada, eta espero dut egunen batean harro egotea Iparraldean sortu eta San Mamesen lehen taldearekin debuta egin duen jokalariarekin», erran zuen Jon Uriarte Athleticeko presidenteak, gazteei mintzatuz. «Ametsak bete egiten dira, eta Athletic da horretarako gehien ematen duen kluba».
Proiektu berria plangintza zabal baten barnean dago. Croiseseko Lionel Cabot koordinatzaileak adierazi du akordioarekin zera lortu nahi dutela: lehenik, «klub gisa barnetik egituratzea, gazteei futbol eskaintza hobea proposatzeko gai izateko». Iparraldeko klubetako jokalariek Athleticeko arduradunekin trebatzeko aukerak izanen dituzte. «Espero dugu jokalari hoberenak Bilbora eramanen dituztela. Ondorioz, urrats horiekin Iparraldean praktika mailaren hobetzea espero dugu», adierazi du Cabotek.
4.000Athleticek zenbat jokalari kontrolatuko dituen. Ipar Euskal Herriko 11 klubekin duen hitzarmenaren arabera, Athleticek 4.000 jokalari izango ditu kontrolpean, lehen baino 2.800 gehiago.
Helburu horien betetzeko, Athleticek laguntza ekonomikoak emanen dizkie aipaturiko klubei; batez ere, barne egituraketa prozesuen sendotzeko. Hori dela eta, asmoa da ahal bezain laster Athleticek laugarren prestakuntza zentroa irekitzea Kanbon. Momentukoz, Miarritzen —emakumezkoak—, Maulen eta Hiriburun —gizonezkoak— trebatzen dituzte.
Mauleko klubekoek ere poz handiz hartu dute berria. Orain arte trebatzeak segurtatzen bazituzten ere, hitzarmen ofizialaren izenpetzeak beste proiektu ugari garatzeko bide emanen die. «Jada taldeko neskak Lezamara [Athleticen formakuntza zentrora] joan dira bisitan, eta bide beretik, oraindik goiti, gure trebatzaileek hainbat formakuntza pasatzera igortzen ahalko ditugu hara», azaldu du Allande Etxeberri Mauleko bozeramaileak. «Oso garrantzitsua da gure klubarentzat horrelako tratu baten adostea, gazteen formakuntza bultzatzen duelako eta trebatzaileen lana aitortzen duelako».
Trukaketa iparrorratz
Akordioan beste esparru batzuk landu nahi dituzte, Athleticek kirolaz bestelako engaiamenduak hartzeko asmoa erakutsi baitu. Bilboko klubak Euskal Herrian sortu edo hazi diren jokalariak baizik ez ditu kontratatzen, eta Iparraldeko probintzietan bere filosofia zabaltzeko prest agertu da. Cabotek begi onez ikusten du: «Athleticen filosofia bereziak famatua egiten du mundu osoan, nortasun eta kultura azkarra izateagatik ezaguna delako. Balio horien partekatzea eta trukatzea aurreikusten dugu, beste eskala batean, Baionako Croises lehen taldean tokiko gazteekiko konpromiso handia eramaten saiatzen garelako». Maulen ere nortasunaren garrantzia goraipatu dute: «Athleticekin izatea euskal kulturaren kontserbatzeko modu bat da, eta gazteentzat halako baldintzetan hezteko aukera ederra da», adierazi du Etxeberrik.
Athleticen eta Ipar Euskal Herriko 11 kluben arteko akordioak 2030era arte iraunen du. Dena dela, Baionako Croisesek hamar urteko hitzarmena izenpetu du, 2035era artekoa, Realarekin hamar urteko akordioa amaitu ondotik. «Benetako konfiantza marka bat» da Baionarrentzat, Cabot koordinatzaileak erran duenez. Izan ere, badu zenbait urte Reala Iparraldeko klubekin harremanetan dela, gertutasun geografikoa dela eta. Besteak beste, Hazparne, Donibane Lohizune, Angelu, Hendaia eta Baionako Avironekin ari da Donostiako futbol kluba. Lehen, Aviron Athleticekin ari zen, baina aurten Realarekin egin du hitzarmena; alderantzizko bidea egin du Croisesek, Realarekin baitzuen akordioa, eta Athleticekin egin baitu orain.

Avironena eta Croisesena ez da Athleticen eta Realaren mugimendu bakarra izan. Erraterako, 2024tik, Sylvain de Weerdt eta Alex Pollet Ipar Euskal Herriaz arduratzen dira, Athleticen izenean. Halere, harentzat lan egin aitzin, biek Realarentzat jarduten zuten; betiere Iparraldeaz arduratuz. De Weerdt bi alditan egon da Realean lanean: arduradun eta behatzaile gisa, 2011tik 2018ra eta 2023tik 2024ra. Polletek hamar urteko ibilbidea egin zuen Realean, Athleticera joan aitzin.