Bertsolaria

Unax Aizpurua Ibargarai: «Bertso eskola etxean dugu: aitak irakasten dit, eta arrebarekin ari naiz»

Ekain erditsuan Euskal Herriko eskolarteko bertsolari txapela jantzi du Aizpurua Ibargaraik.

Unax Aizpurua Ibargarai bertsolaria, joan den astean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Unax Aizpurua Ibargarai bertsolaria, joan den astean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Arkaitz Guilbert Goienetxe
Baiona
2025eko uztailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizitza guzia elkarrizketak erantzuten aritu denaren lasaitasunaz mintzo da Unax Aizpurua (Sara, Lapurdi, 2009). Ipar Euskal Herriko kanporaketan bigarren gelditu ondotik, Euskal Herriko eskolarteko bertsolari txapelketa irabazi zuen ekain erditsuan. «Egia erran, anitz poztu nintzen nire izena entzun nuenean». Egindako lanaren emaitza izan daitekeela uste du. Bertsoan ez ezik, futbolean ere ari da; realzale amorratua da. Kazetaritza ikastaroa egiten aritu da bi astez BERRIAn. Galderak egiten ikasi ondotik, galderei erantzun behar izan die.

Espero zenuen txapela?

Finala baino lehen, nire buruan ez nuen «irabaztera noa» ideia; ahal nuena egitera joan nintzen. Eta gero ongi ateratzen bazen, ea txapela jantzi nezakeen edo ez. Egia da final horretan maila biziki ona izan zela. Zaila iruditzen zitzaidan txapela lortzea.

Lehenago ere ukan zenituen postu on batzuk sariketetan, Gaztetxeak Bertsotan sariketan irabazle izan baitzinen; baina eskolartekoak badu beste prestigio bat.

Bai, azkenean, sustut Euskal Herriko eskolartekoa irabaztean, oihartzuna izaten ahal du. Egia da beste batzuetan bigarren egin izan dudala, Gaztetxeak Bertsotan ere irabazi nuen Aroa Arrizubietarekin batera. Baina eskolartekoak, Euskal Herrikoa denez, eta probintzia guztietako hoberenak elkartzen garenez, prestigio handia du. Eta Euskal Herri osotik heldu diren bertsolariak izateak ere giro goxo bat sortzen du.

Nola ikusi zenituen beste bertsolariak?

Zinez maila biziki handia izan da; gaitzeko maila. Gehienak ezagutzen nituen, eta, saioa hasi baino lehen, saio denboran eta gero ere, zinez giro biziki ona ukan genuen. 

Haira zure arrebak irabazi zuen iaz, eta zuk aurten. Txapela familian gelditu da.

Egia erran, biziki polita izan da, arrebaren erreleboa hartu dudalako. Arrebarekin beti bertsotan aritu izan naiz; beraz, gauza polita iruditzen zait haren bidea segitzea, eta ea etorkizunean berriz gure bideak gurutzatzen diren elkarrekin kantatzeko.

Zer leku du bertsoak zuen etxean?

Leku handia du. Txikitatik ari gara bertsotan, astero elkartzen gara bertso eskolan. Biziki zaleak gara, saioetara joaten gara maiz. Leku handia du etxean, bai. 

Hairak eta biek kontseiluak trukatzen dituzue?

Bertso eskolan elkarrekin ari gara, ez dugu lehiarik gure artean. Hala ere, aholkuak irakasleak ematen dizkigu gehiago. 

Zuentzat, bertso eskola etxean da.

Bai, txikitatik hala egin izan dugu. Ikastolan eta kolegioan ere aritu izan naiz, baina eskola nagusia etxekoa izan da. Aita irakasle, eta arrebarekin buruz buru. Arreba eskas denean, aitarekin buruz buru. 

Berezia da hori. 

Bai. Azkenean zure familiarekin ari zara. Aitak irakasten dit, eta arrebarekin ari naiz. Horrek ere giro polita sortzen du. Familian gara, eta talde bat gara.

Azken bost txapelak lapurtarrek jantzi dituzte. Zer erakusten du?

Erakusten du Ipar Euskal Herrian gero eta gehiago ari direla plazara ateratzen. Aurten eskolarteko kanporaketan gehiago ginen. Haira [Aizpurua] eta Irantzu [Idoate] izan ziren, gero Nahia [Etxeberri Lopepe]. Horrek motibatzen du, eta ikusten da emaitza. 

«[Azken bost txapelak lapurtarrek irabazteak] Erakusten du Ipar Euskal Herrian gero eta gehiago ari direla plazara ateratzen. Aurten eskolarteko kanporaketan gehiago ginen»

Helduen txapelketa ere izanen da aurten. Nor da zure faborito?

Uste dut biziki txapelketa ederra izanen dela, bertsolari on asko izanen direlako, eta publikoa ere animatuko delako giro hori sortzera. Faboritoarena bi zentzutan emanen dut: maitatuko nuke nire arreba bederen finalera iristea —eta ene aita ere bai, ahal badu—. Eta irabazteko faborito, Miren Artetxe. Hari ikusten diot irabazteko aukera gehien. Bizpahiru saiotan ikusi dut azkenaldian, eta biziki forman dela uste dut.

Beste pasiorik baduzu bertsolaritzatik aparte?

Kirola egitea eta ikustea anitz maite dut, sustut futbola. Nire zaletasun handiena Reala da. Anitz segitzen dut txikitatik. Biziki maite dut haien partidak ikustea, izan telebista gibelean ala Anoetan. 

Zu zeu ari zara futbolean.

Beran ari naiz [Nafarroa]. Plazer handia hartzen dut futbolean aritzean. 

Futbola edo bertsoa hautatu beharko bazenu?

Hori aita ala ama erratea bezala da pixka bat [irri egin du]. Orain uste dut bertsoa hautatuko nukeela, futbola hartzen ari den bihurgunea ez baitzait gustatzen. Dena da negozio bat: kluben munduko txapelketa bat eraiki dute; helburu bakarra dirua irabaztea da. Futbolaren alde iluna da hori. Bertsotan, berriz, saioak izaten ari naiz azkenaldian, eta ari naiz zinez plazer hartzen. 

Kazetaritza ikastaroa egin berri duzu BERRIAn. Etorkizuneko bide bat izan daiteke?

Biziki loriatua atera naiz ikastaro honetatik. Bi aste biziki ongi pasatu ditut, bai lanean, eta baita hemen direnekin ere. Zergatik ez, izaten ahal da lanbide biziki polit bat. Biziki maite dut idaztea, besteak entzutera joan eta artikuluak idaztea. Izan liteke. 

LOTSABAKO

Bertsolari bat?
Sustrai Colina.

 

Bertso bat?
Maialen Lujanbioren 2017ko bakarkakoa Irunen [Gipuzkoa].

 

Bertsotarako leku bat?
Mutrikuko gaztetxea [Gipuzkoa].

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.