Besta euskaldun, herrikoi eta transfeministak izaten dira urte guziz Baionako Gazte Asanbladak antolaturikoak. Asteazkenean hasi ziren, eta igandera arte iraunen dute. Patxa plaza inguruan antolatzen dute txosnagunea, eta aurten ere orotariko proposamenak egin dituzte, Eneka Barnetxe gazte asanbladako kideak kontatu duenez. Bihar, Gure Irratiak gune alternatiboaren parte den Patxondo elkartea hartuko du egun osoan, sostengu ekonomikoa behar duelako. Baionako Gazte Asanbladak —Patxoki, Patxondo eta Laborarien Txokoarekin batera— eta elkartegintzatik sortu proposamenek «bestelako» besta eredu bat sortzen dute.
Aurrekontua mugatua duten heinean, aurtengo egitaraua ikusirik, gazte asanbladako kideek Euskal Herriko musika taldeak ekarrarazi ditu, nagusiki. Gehienak ez dira ezagunak musikagintzan, baina gazte asanbladak plaza bat eskaintzen die. Horrela, «zuzeneko musikari lehentasun osoa» ematen diotela zehaztu du Barnetxek.
Euskal Herri osotik etorriko dira musikariak besta alternatiboetara; Beietz taldea Nafarroatik eta XSakara Bizkaitik, besteak beste. Musikarien eta euskal hiztunen arteko «sare ttipi bat» osatzeko balio du Patxa plazak, baina Baionako elkarteen arteko sarearen isla ere bada. Urte oroz, gazte asanbladak Patxoki eta Patxondorekin partekatzen du lekua, Baionako besten eredu masiboaren barnean «arnasgune» bat sortzeko.
«Pixkanaka-pixkanaka, elkarlanean ari gara bestak seguruagoak eta jasangarriagoak izan daitezen»
ENEKA BARNETXE Baionako Gazte Asanbladako kidea
Gunea ahalik eta seguruena izan dadin, Patxa plazan martxan eman dute erasoen kontrako protokolo propioa, eta prebentzioaren arloa indartu dutela azpimarratu du Barnetxek. Besta seguruagoak nahi dituen Baiona 2032 kolektiboaren parte da Baionako Gazte Asanblada, eta, herriko etxearekin negoziatzen aritu ondoan, «aitzinapausoak» izan direla nabarmendu du. Izan ere, iaz kolektiboak egin zituen hamar proposamenak onartu ditu udalak.
Hain zuzen, hiriko bozgorailuetan prebentzio mezua egunez ez ezik, oren guziz pasatuko dute, gauez barne. Baso berrien gainean, Baionako besten ikurraz gain, prebentzio mezu bat ere izanen dute. Barnetxen irudiko, neurriak ez dira nahikoak, baina uste du herriko etxeak indarrak egin dituela. «Pixkanaka-pixkanaka, elkarlanean ari gara bestak seguruagoak eta jasangarriagoak izan daitezen».
Bertze besta eredu bat proposatzea dute helburu, eta Patxa plazara geroz eta jende gehiago joaten dela dio Barnetxek. Ohiko bestazaleak txosnara joaten dira urte oroz, baina Baionako bestetara jin ez liratekeen «anitz» Patxa plazara doaz.
Entzulea ezagutu
Patxa plaza elkartasun gune dela eta, Gure Irratiko langileak Patxondo elkartean arituko dira bihar, egun osoan. Olatz Idoate irratiko langileak esplikatu du euren hedabidearentzat diru bilketa egitea dutela xede. «Gure egoera ekonomikoari aurre egin behar diogu, eta, ekonomikoki nolabaiteko oreka izan dezagun, Patxondo hartu dugu aurtengo Baionako bestetan, diru sarrera bat ukaiteko».
«Gure egoera ekonomikoari aurre egin behar diogu, eta, ekonomikoki nolabaiteko oreka izan dezagun, Patxondo hartu dugu aurtengo Baionako bestetan, diru sarrera bat ukaiteko»
OLATZ IDOATEGure Irratiko langilea
Gure Irratiari ikusgarritasuna emateko baliatuko dute biharkoa: entzuleekin harremana egiteko eta irratia ezagutarazteko parada emanen dute. «Harremana eraiki nahi genuke etorriko den jendearekin, eta, batez ere, entzuleekin. Guk usaian entzuleak ez ditugu ikusten, baina aurten Patxondon izateak horretarako modua emanen digu». Elkartasuna garatzeko, Baionako besta alternatiboak eraikitzeko elkarteen rola «funtsezkoa» dela iruditzen zaio Idoateri.
Besta ofizialei begira, Idoatek uste du peñen zeregina galdekatu beharko litzatekeela. Izan ere, enpresa handi batzuek peña franko pribatizatzen dituzte bestetan, eta horrek eragiten du peñek herritarrei urte osoan eskaintzarik ez egin ahal izatea. «Eredua beharko litzateke berriz pentsatu, eta, segur aski, aldatu ere bai».