Baratzezaintzan plantatu dira duela zenbait hilabete Miren Etxeberri (Arhantsusi, 1997) eta Miren Oillarburu (Makea, 1996). Lurrak atzematea ez zaie erraza izan, baina elkarrekin izateak lasaitzen ditu. Etxaldea Miren Farmer deitu dute, Mylene Farmer kantariari erreferentzia eginez. Lagunarteko txistea baino ez zen hasieran; azkenean, ordea, izen hori hartu dute ofizialki. Baina izenetik harago, gogoeta luzea egin dute proiektua gauzatu aitzin; hainbat egokitzapen egin behar izan dituzte klima aldaketaren ondorioei aitzin egiteko. «Presio handia» zaie egiten dutenetik bizi behar izatea, baina laborantzako eredu «sakrifizialetik» ateratzea dute helburu.
Zuen etxaldea Miren Farmer deitu duzue; marketin ikasketarik egin duzue?
MIREN ETXEBERRI: Zuk erantzun, Miren!
MIREN OILLARBURU: Batere ez! Txiste batetik partitu zen.
ETXEBERRI: Eta ez genuen uste bururaino eramanen genuenik, baina azkenean hala gertatu da. Izena tarrapatan hautatu behar izan dugu, ezagun batek hori asmatu zuen, eta aitzina.
Zein izan da xedearen abiapuntua?
OILLARBURU: Biek enbeia genuen laborantzan proiektu baten muntatzeko. Elkar ezagutu genuen ikasketen denboran, ez genekien zuzen zer egin, baina kasualitatez biek ber garaian sasoi bat egin genuen baratzezaintzan, eta gustatu zitzaigun. Bizpahiru urte egin ditugu langile eta aprendiz gisa, eta horrela hasi zen etxaldea muntatzeko gogoa. Argi genuen elkarrekin eginen genuela. Dozenaka ideiekin hasi gara, eta emeki zentratu gara.
Nolakoa izan da gauzapena?
ETXEBERRI: Anitz kafe hartu ditugu elkarrekin proiektua marrazteko. Ondotik, lurren xerkatzen ari izan gara, kasik urtebetez. Laborari anitzi eta laborari ez diren anitzi galdeginez, azkenean, Makean atzeman dugu leku bat, eta ondoan alokatu dugun beste leku bat. Hori egin ondoan, Euskal Herriko Laborantza Ganberarengana joan gara, eta hor argitu dira gauzak, lehen ekoizpenera arte.
Lehen ekoizpenak saski bidez banatzen hasi zarete. Nola doa lehen sasoia?
OILLARBURU: Aski ontsa. Denbora anitz hartu dugu plantatu aitzin eta ekoizten hasi aitzin, gure komertzializazio sareak plantan ezartzeko. Saldu aitzin bagenituen pista batzuk, eta horrek anitz lagundu gaitu. Toki bat utzi digute Xixtroak sarean, eta hori guretako bikaina da. Saskiak etxetik, Lekuinetik eta Luhusotik saltzen ditugu, eta webgune bat ere egin dugu. Angeluko merkatuan ere hasi gara. Gaineratekoa inguruko ostalari eta dendekin partaidetzak eginez saltzen dugu; hori azken momentuan egiten da, bilketen arabera, deiak pasatuz eskuin eta ezker. Oraingoz, kontent gara: ekoizten dugun guzia saltzea lortzen dugu. Ideia da salmenta zuzenaren bidez aritzea, ingurukoekin.
«Oraingoz, kontent gara: ekoizten dugun guzia saltzea lortzen dugu. Ideia da salmenta zuzenaren bidez aritzea, ingurukoekin»
MIREN OILLARBURULaboraria
Familiako etxalde baten segida hartzen ez dutenentzat konplikatuago omen da instalazio prozesua. Zer moduz joan da?
ETXEBERRI: Biziki luzea izan da, baina ez gara hazkuntzan ari, eta ez dut pentsatzen ahal ere zer izaten ahal den hektarea gehiago behar dituztenendako! Jakinez, gainera, hemen badugula sare bat, hemen handitu garela, eta horren bidez ere lortu ditugula kontaktuak. Baina segur da biziki zaila dela lur batzuen atzematea eta laborantzan instalatzea Euskal Herrian.
Binaka ari zaretenez, bakoitzaren gogoen betetzeko nolakoa da oreka?
OILLARBURU: Beharrik bi garela!
ETXEBERRI: Bakarrik ez nuke eginen. Gauza batzuk plantan ezarri behar dira komunikazio mailan, ongi funtziona dezan, baina erraza zaigu!
OILLARBURU: Guretako motorra da biok izatea.
ETXEBERRI: Anitz denbora pasatu dugu instalatu aitzin, hainbat etxalde bisitatu ditugu Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, eta horrek balio izan digu ikusteko zer maite dugun, zer ez. Laguntzen du.
Laborantzan ez da erraza lana eta bizitza pribatua bereiztea. Gero eta gehiago gogoetatzen da horren inguruan, sakrifizio izan daitekeen lanbidetik ateratzeko.
ETXEBERRI: Gure helburuetariko bat da lanaz kanpo bizitza bat ukaitea. Luzaz irauteko gisan, denbora librea ukaiten entseatzen gara: asteburuak libratzen, bakantza batzuk hartzen... Hori teoria da, lehen urtean ez baita baitezpada erraza, baina sakrifizioaren mito hori hautsi behar da. Laborantzan lan karga erraldoia da, burukoa zein fisikoa, eta jakin behar da gauza batzuk biharamuneko uzten. Baina hor ere, teoria eta praktika bi gauza dira. Ikusiko dugu, lehen hilabeteak ditugu...
OILLARBURU: Egia da orain denbora anitz pasatzen dugula, proiektua ontsa abiarazi nahi dugu eta; ez ditugu orenak kontatzen. Ondoan ditugun aktibitateak parentesi artean ditugu bulta batez, baina helburua ez da beti hala izatea. Ikusiko dugu nola kudeatzen dugun ez beti lanean itoak izateko.
«Klima aldaketaren eraginez, ez dira bakarrik berote handiak, muturreko fenomeno gero eta gehiago gertatzen dira: tenpestak, babazizkorra, zitzerra... Beldurgarria da, eta parioa da horrekin aitzinatzea, eta egin ahala egokitzea»
MIREN ETXEBERRILaboraria
Barazkigintzak badu berezitasun bat: aroak erabat baldintzatzen du. Klima aldaketa dela eta, are zailagoa da. Beldurtzen zaituzte horrek?
ETXEBERRI: Bai, argiki. Klima aldaketaren eraginez, ez dira bakarrik berote handiak, muturreko fenomeno gero eta gehiago gertatzen dira: tenpestak, babazizkorra, zitzerra... Beldurgarria da, eta parioa da horrekin aitzinatzea, eta egin ahala egokitzea.
OILLARBURU: Aspaldi instalatuak diren baratzezain batzuentzat ez zen lehentasuna, baina orain behartuak gara horri egokitzera. Intsektu batzuk ez ziren hain goiz agertzen, baina orain berote handiak goizago agertzen dira, eta hainbat ondorio kudeatu behar dira beste guziaz gain. Beldurgarria da, eta betiko galdera da: nola egin behar dugu irauteko?
Iruditzen zaizue egokitu behar izan duzuela?
ETXEBERRI: Hasieratik entseatu gara ura berreskuratzeko manera bat plantan ezartzen, egin ahala autonomo izateko. Gero, egokitze batzuk egin behar izan ditugu, leku haizetsuan baikara; haizearen kontrako sare handi bat ezarri dugu, hori gabe zaila izanen zelako.
Gainera, laguntza urria duzue ekoizpena galtzen baduzue.
ETXEBERRI: Biziki prekarioa da lan hau, anitz denbora pasatzen dugu eta ez dugu lansari erraldoia ateratzen. Ondoan diru laguntza biziki apalak dira; errealki arazoa orokorragoa da, laborantzatik at ere bai... Zer-nolako laborantza nahi dugu? Zer-nolako bizimodua nahi dugu? Laborantzan begetalari lotua den mundua gutietsia da; nahiz eta pixka bat garatzen ari den azken urteetan, ezagupen txikia du, eta diru laguntza guti ditu.
OILLARBURU: Presio handia dugu, saltzen dugun horretatik bizi behar baitugu.
Duplomb Legeak zererrana eman du azken egunotan. Debekaturiko pestizidak berriz baimendu nahi ditu Frantziako Gobernuak.
ETXEBERRI: Harrigarria da, eta ulertezina. Zinez beldurgarria da ikustea zertara abian garen. Desastre hutsa da.