Deseginen ez den uhina

Alki kooperatibak salgai ezarri du Nestor Basterretxearen 'Uhin' aulki modeloa. Eñaut Jolimonek erran du ahalegina egiten ari direla obra garaikide hori etxe guzietara heltzeko.

Uhin aulkiak, Alki kooperatibako erakustokian, Larresoron, ekainaren 16an. PATXI BELTZAIZ
'Uhin' aulki batzuk, Larresoron, Alki kooperatibako erakustokian, ekainaren 16ko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Larresoro
2025eko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Jarleku atenporala da». Halaxe definitu du Uhin aulkia Eñaut Jolimon Alki kooperatibako zuzendari nagusiak. Larresoroko eraikinera sartu eta berehala, zur landuaren usaina sumatzen da. Erakusleihoaren ezkerraldean, jaun eta jabe agertzen dira laranja koloreko aulki ttipi izurtu batzuk. Nestor Basterretxea artistak diseinatu zituen, 1961ean, eta, haren omenez, Alkik berriz hartu eta salmentara bideratu ditu berriki.

Basterretxea (Bermeo, Bizkaia, 1924 - Hondarribia, Gipuzkoa, 2014) H Muebles enpresarentzat hasi zen altzariak diseinatzen. Haren lehen piezek metalezko egitura bat zuten, hodi batzuei loturiko jarleku bigunak atxikitzeko. Bertzalde, zurezko eta berinazko mahai apalak ere marraztu zituen. Divan H bere lehen altzari seriea diseinatu ondotik, diseinugintza garaikidearen aroan sar daitezke Basterretxearen obrak, baina Jolimonentzat hori baino gehiago ere badira: artista erreferente bat gaur egun ere. «Basterretxea garaikidea zen 1960ko hamarkadan, eta gaur egun ere hala da. Hori baino gehiago, uste dut hemendik 50 urtera ere Basterretxearen obrak ez direla zaharkituko».

Jolimonek kontatu duenez, artistaren jaiotzaren 100. urteurrenaren karietara ekoitzi nahi izan dute Uhin aulkia. Haren irudiko, Euskal Herriko diseinugile handienetariko bat izan zen, Eduardo Txillida eta Jorge Oteiza bezalaxe. Joko eta harreman artistikoak gauzatzeko «ikaragarrizko ahalmena» zuen Basterretxeak. Artelana salmentara bideratzeko, Jean Louis Iratzoki Alkiko diseinatzailea haren familiarekin harremanetan sartu zen. Artistaren mundura hurbiltzea «interesgarria» izan zen, eta trukea, «biziki atsegina», Jolimonen arabera. Jatorrizko aulkiak ikusi ondotik, Alkik lizentzia kontratu bat sinatu zuen Basterretxea familiarekin. 

«Basterretxea garaikidea zen 1960ko hamarkadan, eta gaur egun ere hala da. Hori baino gehiago, uste dut hemendik 50 urtera ere Basterretxearen obrak ez direla zaharkituko»

EÑAUT JOLIMONAlki kooperatibako zuzendari nagusia

Aulkiak ekoizteko, inbertsioak egin behar izan dituzte, molde berezi bat erosi eta pikoan ezarri behar izan zutelako. Izan ere, Alkiko edozein produktu bezalaxe, haritza baliatzen dute eserlekuak egiteko. Haritz sendoa eta haritz xaflak bata bertzearen gainean eman ondoan, molde berezi batean sartzen dituzte. «Bi metro luze da moldea. Haritz sendoa eta xaflak bertan metatu ondotik, Uhin aulkiaren forma tolestua sortzen da», esplikatu du Jolimonek.

(ID_15067160) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-06-17, Larresoro.Uhin Nestor Bazterretxearen aulkia, Alkik ekoiztua
Uhin aulki urdinak, Alki kooperatibako biltegian, Larresoron, ekainaren 16an. PATXI BELTZAIZ

Ondotik, aulkiak moldetik kendurik, bezeroak hautatu kolorearekin tindatzen dituzte. Nahiz eta jatorrizkoa laranja izan, aulkia urdina ere izan daitekeela gehitu du Alkiko zuzendariak. Kolorea ontsa finka dadin, bi berniz geruza ematen dizkiote moldetik atera berri piezari. Azkenik, tailer handiko labe berrian idortzen dituzte aulkiak, kamioietako eta saltegietako apaletan izan aitzin.

Uhin-ek hainbat erabilpen izan ditzake. Jolimonek zehaztu duenez, bezeroek aulki ttipi gisa ez ezik, ohe mahai gisa ere balia dezakete. Etxe sartzeetan zapatak janzteko edo gakoak uzteko altzaria ere izan daiteke. «Denek» ukan behar duten pieza da, haren irudiko.

«Ez da kasualitatea hain harrera ona izatea 'Uhin' aulkiak: Basterretxearen obrak ezagutu nahi ditu jendeak. Azken finean, erakargarriak dira, 65 urtean ez baitira zahartu»

EÑAUT JOLIMONAlki kooperatiboko zuzendari nagusia

Lehengaia, ekoizpen prezioa eta lan denbora kontuan harturik, ahalik eta prezio apalena jarri dio kooperatibak, «etxe guzietara» hel dadin. «Produktu hori artelan bat den arren, etxe guzietara arriba dadin prezio nahiko apala edo biziki menperatua eman diogu. Gaur egun, 250 euro inguru balio du ale bakoitzak».

Salmenta hasi berritan, eta «gibelapen guti» izanik ere, Jolimonek nabarmendu du Basterretxearen aulkiari harrera biziki ona egin diola jendeak. Alkiko zuzendari nagusiaren irudiko, artistaren obra ulertzeko gogoa dute bezeroek. «Ez da kasualitatea hain harrera ona izatea produktuak: Basterretxearen obrak ezagutu nahi ditu jendeak. Azken finean, erakargarriak dira, 65 urtean ez baitira zahartu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.