Bere ibilbideko «harri» bakoitza beharrezkoa izan zaio Maryse Urrutiri (Martxueta, 1988) den lekura heltzeko, eta, hainbat sorkuntza egin ondotik, Adriene Bergson Johnson bakarrizketa ematen ari da Euskal Herrian gaindi. Bihar Ahetzen izanen da, 16:00etan, plazan. Artistak uste du umorea «dominatzaileez trufatzeko» baliatu behar dela, eta iruditzen zaio «sanoagoa» dela alter ego bat sortzea horretarako; pixkanaka zizelkatu du Adriene Bergson Johnson pertsonaia, nahi duen guztia kontatzeko.
Urrutik lehen Euskaraldiaren karietara sortu zuen Adriene Bergson Johnson. Adriene, Youtubeko haren yoga irakaslearen izena delako; Bergson, Henri Bergson irriari buruz gogoetatu zen filosofoari erreferentzia egiteko; eta Johnson, «itxura ona ematen» zuelako. Hainbat saio egin zituen pertsonaiarekin, baina «koherentziarik eman gabe». Emeki-emeki, iruditu zitzaion alter ego-a «praktikoa» zela umorerako tresna gisa, eta stand-up diziplinaren kodeak landu zituen bakarrizketa idazteko.
2023an, Ziburuko liburu eta disko azokan izan zuen parada lehen bakarrizketa egiteko Adriene Bergson Johnson gisa; azokaren komunikazio kanpainari buruzko kritika umoretsua egin zuen orduan. «Hor ikusi nuen pertsonaiaren funtzioa zela dominazio posizio batean den norbait marraztea, eta joko horrek ematen zidala distantzia handia guhauren buruaz trufatzeko», esplikatu du. Haren irudiko, «funtzionatzen duen irria behetik gorakoa» da: «Dominatzaileez trufatu behar dugu, bizitza jadanik aski krudela baita. Pertsonaiaren karikatura egiten dugunean, sistemaz hitz egiten ahal dugu. Eta, batzuetan, karikatura ez da anitz pusatu behar: aski da entzuten dugun hori errepikatzea».
Irria, kritikarako
Antzerkilari eta taula zuzendari aritu izan da Urruti hainbat proiektutan; besteak beste, Itzuli konpainiarekin. «Fikzioa» da haren sorkuntza guzien bereizgarria, iruditzen baitzaio tresna egokia dela kritikarako. «Umorerantz» jotzen ari da Urruti gero eta gehiago, eta uste du «ariketarik politena» dela, publikoarekin sortu behar den konfiantza harremanagatik. Onerako eta txarrerako: «Konexio hori ez baduzu lortzen, denak ohartzen dira, eta zer zaila den halakoak kudeatzea... Aldi oro desafio bat da».
«Zailtasunetako bat izan da erreferentzia, adibide eta esamolde komunak atzematea, bakarrizketa honi nazio ikuspegia emateko, nolabait»
MARYSE URRUTI Antzerkilaria
Desafio bat da, halaber, Euskal Herriko txoko guzietan funtzionatuko duen bakarrizketa bat plazaratzea. «Erronka handia da. Zailtasunetako bat izan da erreferentzia, adibide eta esamolde komunak atzematea, bakarrizketa honi nazio ikuspegia emateko, nolabait», aitortu du Urrutik.
Adriene Bergson Johnson estatubatuarra izatea izan da hori konpontzeko bidea, preseski, AEBetatik ikusita «Euskal Herria dena bat baita». Adriene Bergson Johnson, beraz, Euskal Herria «laguntzera» jina da: «Nehork ez daki Euskal Herria herrialde bat dela eta euskara bizirik dela. Adriene hor da komunikatzen laguntzeko, ikusgai izan dadin hori guztia munduan barna».
emanaldiak
- Bihar. Ahetzeko plazan, 16:00etan, Euskaraldiaren karietara.
- Ekainak 28. Arberatze-Zilhekoako plazan, 13:00etan, EHZ festibalaren karietara.
- Uztailak 17. Makean, 20:00etan, plazan.