Donamartirin 5G teknologia instalatzeko hirugarren entseguan, oposizioa beti hor

2021ean bi aldiz entseatu zen Free enpresa 5G antena bat ezartzen Donamartirin, baina bietan herritarrek oztopatu zituzten. Arberoa Babestu kolektiboak uste du berriz saiatuko direla, eta berriz mobilizatzeko deia egin dute.

5G ANTENAREN KONTRA
5Gren kontrako mobilizazio bat, Aiherran, 2021ean. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2024ko martxoaren 16a
05:00
Entzun

Duela hiru urteko martxoaren 29an eta azaroaren 2an, bi mobilizazio egin zituzten Donamartirin Free operadoreak ezarri nahi duen 5G antenaren kontra. Bi aldiz oztopatu zuten instalazioa, eta, geroztik bazterrak anpletu baziren ere, enpresak berriz ere ideia bera gauzatu nahi duela abisatu du Arberoa Babestu kolektiboak. Teknologia berria plantan ezartzera agertuko balira, berriz ere mobilizatzeko prest agertu dira.

Freek kontratu bat izenpetu zuen Donamartiriko etxalde baten jabeekin, haien lurretan antena instalatzeko. 3G eta 4G teknologien ondokoa ezartzeko garaia heltzean, etxaldeko semea kontra agertu eta mobilizazioarekin bat egin zuen. Geroztik, enpresako edo bere azpikontratupeko langileak lur horietara joatean, 5Gren kontrakoak abisatuak dira. «Abantaila da beti jakinean garela jiten direlarik», erran du Arberoa Babestu taldeko Philippe Saint-Amorranek. Jakin dute aitzineko instalazio saiakerak egin zituen enpresa azpikontratatuak proiektua utzi zuela, eta oraingoan Spie enpresaren esku utzi duela lan hori operadoreak.

Gizarte eredua jokoan

2021eko azken mobilizazioaren ondotik, bazterrak lasaitu ziren, Freek ez baitu beste saialdirik egin teknologia berria plantan ezartzeko, eta, ondorioz, kontrakoak ere aiduru egon dira. 5Gren kontrako mugimenduaren hastapenetan, oposizioan bi argumentu nagusitzen ziren: osagarrian uhin elektromagnetikoek luketen eragina, eta teknologia berriekin doan kontrol soziala. Azken urteetan, Saint-Amorranek deskribatu duenez, kontrako beste argumentu bat ere agertu da antenak ezarri nahi dituzten herri batzuetan: «Bada jendea, usu kanpotik jinik ondasunak erosi dituena, beldur dena bere ondasun higiezinak balioa gal dezan antena bat hurbil izateagatik». 

«Ez gaude hobekuntza guztien kontra, baina hobekuntza inposatuaren ideia baten kontra bai».

PHILIPPE SAINT-AMORRAN Arberoa Babestu taldeko kidea

Arberoa Babestu kolektiboko kideak dioenez, argumentu hori «aitzinean ezarri» da Akamarren edo Bidarten, besteak beste. Baina entzunezina zaio Saint-Amorrani, eta gehitu du pertsona horiek gizarte arazoez ez dutela «axolarik», beren ondasunen balioak baizik ez dituela «arranguratzen». Elektrosentsibilitatea dutenentzat osasunaren argumentua pisuzkoa iduri bazaio ere, argi du «gizartearen soberako digitalizazioa» dela bera gehien arranguratzen duena.

Kolektiboko kideentzat, zentzugabea da Donamartirin eta oro har kanpainan 5G teknologia ezartzea, 3G eta 4G sareek ontsa estaltzen dutelako eskualdea: «Ez du zentzurik, ez dute etekinik aterako», trenkatu du Aiherrako Saint-Amorranek. Hirian litzateke operadoreentzat errentagarria, baina «arazoa da hirian ez dutela zutabe berririk altxatu behar; gaineko tresna aldatzen dute, eta ez gara ohartzen». 

5Gren kontrako mugimendua apaldu da azkenaldian, baina Donamartirin berriz protesta egiten hastekoak dira. «Ez gaude hobekuntza guztien kontra, baina hobekuntza inposatuaren ideia baten kontra bai», argitu du Saint-Amorranek. Jasangaitza zaio numerizazio edo digitalizazioa argumentu ekologista gisa entzutea. «Uhin elektromagnetikoak ez dira Izpiritu Santuak eginak; arrunt materialak dira: energia, metalak, esplotatua den jendea, gune xehatuak» uzten dituzte, haren erranetan.

Cade elkarteak lau petizio babestu ditu

5G antena berrien plantan ezartzeko proiektu desberdinak badira Ipar Euskal Herrian eta inguruko herrietan; horietatik lauren kontrako izenpedura bilketak egin dira, eta Cade ingurumenaren defentsa elkarteak babestu ditu: Akamarren, Ondresen (Landak), Mugerren eta Arrangoitzen herritarrek abiatu dituzte petizio horiek. Bidarten ere herritar kolektibo bat altxatu da antena baten kontra.

Cade elkarteak «dokumentatzera» deitzen ditu herritarrak, norbere etxetik hurbil 5G antena berri bat agertzea «[Ipar] Euskal Herri osoan gertatzen den kontrolgabeko hedapenaren segida» bailitzateke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.